Kaleko musika lehia Zornotzan

Fanfarreen, kale musikarien eta banden nazioarteko jaialdia egiten ari dira Bizkaiko herrian

Italiako Pink Puffers taldeak musika baino gehiago ateratzen du kalera. - / BERRIA.
Erredakzioa
2011ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Haizeetara jaialdiak nazioarteko musikak ekartzen ditu urtero Zornotzako kaleetara (Bizkaia). Igandera arte, Europako zortzi herrialdetako musika banda, fanfarre eta kaleko musikariak arituko dira, eguraldi beroa soinuz zipriztintzen.

Lehiaketa ere bada Haizeetara jaialdia. Dagoeneko seigarrena egiten ari dira. Lehiaketa irekia da, baina hautaketa prozesua gainditu behar dute bandek parte hartu ahal izateko.

Gaur, 13:00etan, Vodku banda arituko da, Kalbario plazan. Budapestetik dator seikotea, eta tresneria exotikoa erabiltzen du: baxua, bibolina, flauta, akordeoia, mandolina eta darbuka.

Euskal Herria enparantzan, Euskal Herriko The Hot Wok taldea entzun ahalko da. Kaleko banden metalezko tresna klasikoak erabiltzen dituzte efektu pedalekin.

Herriko plazan eta Gernika enparantzan, Galiziako A Magnifique Bande Dos Homes Sen Medo taldea arituko da. Bederatzi musikariok Santiagotik datoz, eta brass band indartsua osatzen dute, metalezko haize tresnekin. Zelaieta parkean, beste brass band bat ibiliko da: Portugalgo Cottas Club.

19:00etan, Zezilia Gallarzagoitia kalean, Italiako Pink Puffers Drums & Bass taldea arituko da, punk eta funk espirituarekin.

HAIZEETARA 2011

Noiz. Igandera arte, goizean eta arratsaldean.

Non. Zornotzako kaleetan (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.