Ostiralera arte ez da Madrilgo El País egunkaria kioskoetara helduko, azken orduko erabakiren bat ez badago. Erredakzioko langileen %90 inguruk hiru eguneko greba egitea erabaki zuten joan zen asteazkenean. Zuzendaritzak oraingo lantaldearen herena kaleratu nahi du: 149 langile. Aurreko asteetan bi sinadura greba egin dute kazetariek. Baina protesta gogortzea erabaki dute, zuzendaritzak grebalariei salaketa jarriko diela ohartarazi ondoren.
Greba saihesteko negoziatzen jarraitu zuten atzo langileen eta zuzendaritzaren ordezkaritzek. Aste hau erabakigarria izango da lan gatazka horretan, legeak negoziatzeko ematen duen epea ostiralean amaituko baita. Langileak kaleratzen has daitezke hortik aurrera.
Lehen aldiz, dirua galduko du egunkariak aurten, prentsan kontrataturiko publizitatearen jaitsiera orokorrarengatik eta %18 gutxiago saldu dituztelako. 149 langile kaleratuta, urtero 14 milioi euro aurreztu nahi ditu zuzendaritzak. Langileek salatu dutenez, egunkaria argitaratzen duen PRISA enpresako buru Juan Luis Cebrianek 13 milioi irabazten ditu urtean.
Komunikazioa
Kaleratzeen aurkako greba egingo dute 'El País'-en ostiralera arte
Kazetaren zuzendaritzak 149 langile bota nahi ditu: oraingo taldearen herena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu