Kalitatezkoa eta bertakoa aukeratzen dute kontsumitzaileek

Erosleen kontsumo ohiturak ikertu ditu Ikerfelek Eusko Labelentzat egindako azterketa batean

Jon Azkue, ezkerrean, eta Jakes Agirrezabal, eskuinean, atzoko aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ/ ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Donostia
2012ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Euskal produktua eta kalitatezkoa izatea. Horri ematen diote lehentasuna Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kontsumitzaile gehienek. Ondorio horretara iritsi dira Ikerfelek Eusko Labelentzat egindako ikerketan. Bi urtetik behin egiten dute azterketa, eta kontsumitzaileen erosteko jarrera aztertzen dute. Atzo aurkeztu zituzten emaitzak Jon Azkuek, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Elikadura Industria sailburuordeak eta Jakes Agirrezabalek, Hazi Korporazioko zuzendari nagusiak.

«Euskal kontsumitzailea kontsumitzaile zorrotza da», adierazi zuen Jakes Agirrezabalek. Kalitatea balioesten dute erosleek edozeren aurretik (%91k), eta erosketak egiteko orduan nabaritzen da hori. Kontsumitzaileen %84k kalitateari begiratzen diote zerbait erosi behar duenean. Horrez gain, aukera emanez gero, nahiago dituzte euskal produktuak. Galdetutako %85ek diote hori. Kalitatearengatik gehiago ordaintzea merezi duela pentsatzen dutenak asko dira: %85. Esan eta egiten dutenen kopurua zertxobait jaisten da, ordea, %71ra arte.

Mundua aztoratzen duen krisi ekonomikoa ere izan dute aztergai ikerketan. Espero bezala, krisiak aztarna nabarmena utzi du etxeetan. Poltsikoari gehiago begiratzen zaio orain. «Jendeak erosteko ohiturak aldatu ditu», zioen Agirrezabalek. Kontsumitzaileen etxeen %55etan gertatu da hori. Diru gutxiago gastatzeko banatzaileen marketara jotzea izaten da ohikoena. Orain dela bost urte baino gehiago erosten dira gisa horretako markak kontsumitzaileen etxeen %53tan. Eta krisia gehien nabaritu duten sektore batek aldatu ditu, batez ere, erosteko azturak: 34 urte arteko gazteek.

Prezioa, oztopo nagusi

Ikerketako beste zutoinetako bat izan da ea gizarteak ezagutzen dituen eusko labela duten produktuak. Euskal okela da jendeak gehien ezagutzen duena, eta baserriko oilaskoa eta Gernikako piperrak datoz ondotik. Guztira hamabost produktu dauzka Eusko Labelek gaur egun merkatuan, baina ikerketan hamalau produktu hartu dituzte kontuan. «Orain gutxi aurkeztutako Arabako oliba olioa falta da». Hamalau produktu horietatik, batez bestean, jendeak 8-10 produktu ezagutzen ditu.

Produktua erosteko ezagutu egin behar da lehendabizi. Baieztapen hori ziurtatzen du ikerketak. 55 eta 65 urte arteko adin tartean daudenek ezagutzen dituzte gehien Eusko Label produktuak, eta horiek dira baita ere eroslerik fidelenak. Erosleen ezaugarriak zehaztu ditu ikerketak. Bitarteko gehien dituzten pertsonakdira; arazo ekonomikorik gabeak. Bizitza antolatua dute, eta erantzukizunak dituzte. Kalitatezko elikagai osasuntsuak jateari erreparatzen diote eta gastronomian jartzen dute arreta berezia.

Balantzaren beste aldean daudenen ezaugarriak ere eman dituzte. Eusko Label produktuak erosteko ohiturarik ez dutenek saltoki txikietan erosketa gutxiago egiten dituzte. «Hala ere, produktu bat gehiago ez erosteko arrazoi nagusia prezioa da.Prezioaren mugak beste produktu batzuk erostera behartzen ditu».

Galdetutakoen %46k urtean Eusko Label zigiluko bost produktu baino gehiago erosten ditu. Agirrezabalek aipatu zuen nekazaritzako elikagaiak banaketa bide berrietara egokitu behar direla. Sareak ateak ireki ditu. Internet bidez erosketak egiteko prest agertzen dira galdetutakoen %30. Erronka berriei aurre egiteko prest daude. «Urtea amaitu aurretik beste produktu bat aurkezteko moduan egongo gara».

«Kantitatean ezin gara lehiatu, baina bai kalitatean. Kontsumitzaileak kalitateari erreparatzen dio, eta Eusko Labelek hori bermatzen du», azaldu zuen Jon Azkuek. Ikerketak erakutsi du merkatua mantentzen jarraitzea posible dela, eta arrantzan eta nekazaritzan lanpostuak sortzeak duen balioa goraipatu zituen sailburuordeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.