Agenda orritik desagertua zen, azken hilabeteetan, Kanalduderen bideo berrien iragarpen laukitxoa. Etenaldi bat egin dute bide berri batean abiatzeko behar den hausnarketa eta antolaketa fasean aritzeko. Otsailaren 1ean hasiko dira berriz hedatzen, forma berriekin.
Ilusio berezia transmititzen dute Kanaldudeko langileek. 2017ko ekainean CSA ikus-entzuneko autoritate gorenarekin hitzarmena izenpetu eta ondoko urrian Akitania Berriaren diru laguntza ukanik, dena ez da haien eskuetan izan, Ximun Karrerek dioenaz, laguntza horrek baldintza zonbaitzuk baitzituen: "Orain, jarioa martxan ezarri behar dugu eguneroko programazioarekin". Ideia bazuten aitzinetik ere, baina ahalak laguntzak eman dizkie. CSAk, bestalde, "etika aldetik" bete beharreko irizpideak baditu: "Ez dugu izan behar propaganda telebista bat. Arrazismoa, sexismoa saihestu behar ditugu", zehaztu du Karrerek, eta gehitu jadanik haien "balioetan ziren gauzak" direla.
Eguneroko jarioa eskaintzeko ekoizpena ziurtatzeko, zortzi langile dira orain, bost intermitenteren kolaborazio erregularraz gain. Allande Etxeberrik berrikuntzak aurkeztean ez du hausturarik aipatu: "Funtsa beti berdina da". "Aldaketa nagusia jarioarena da", Etxeberriren ustez. "Zuzenekoak eta bideo grabatuak izanen dira, dena hor ikusten ahalko da, eta webgunetik bideo soilak ikusten ahalko dira, orain arte bezala".
Jario hori telebistatik ikusi ahal izateko itxaron egin beharko da, eta, orain arte bezala, webgunea izanen da Kanalduderen hedapenerako tresna nagusia. "Hori ere berritua agertuko da", Etxeberriren erranetan.
Oraingoz, www.kanaldude.tv helbidera sartzen denak bide berrian abiatzeko falta den denbora ikusiko du atzera kontuan, Arnas berri bat izenburupean.
Informazio gehiago Iparraldeko Hitzan.