Ez dira soilik tamaina eta pisua, metalaren distira, forma dotorea, inskripzioak eta apaingarriak. Soinuak ere bihurtzen ditu kanpaiak ondare. Eta sarritan soinua da, hain justu, faltaz ohartarazten duena: kanpai batzuk garaiegi daude haiengan erreparatzeko egunero, edo behin eta berriro ikusteagatik preseski pasatzen dira oharkabean, baina beti da harrigarria espero den burrunba bat ez entzutea. Hala konturatu ziren Zuiako (Araba) Oroko santutegiko kanpaietako bat falta zela. «Tradizio bat da: batzordeko norbait hara igotzen den bakoitzean, kanpaia joarazten du», azaldu du Encarni Urkiza santutegiko zuzendaritza batzordeko presidenteak. Baina egun hartan bertaratu zenak ez zuen ezer aditu. Ziurtatu zuen ez zela argindarrak eragindako arazoa, eta kanpora ateratakoan jabetu zen ezbeharraz: kanpaia lapurtu egin zuten.
Joan den urrian gertatu zen. Aurretik, ostuak zituzten orobat Soraluzeko (Gipuzkoa) Txurruka auzoko San Inazio ermitako kanpaia eta Elgetako (Gipuzkoa) Asentzio ermitakoa, 2023an; berrikiago, Eibarko (Gipuzkoa) bi ermitatakoak ebatsi dituzte hilabete eskasean: San Salbadorkoa, azaroan, eta Santa Kurutzekoa, abenduan. Lapurrek kanpaien metala dute jopuntuan, nagusiki, ez objektua bera. Izan ere, burdinazko kanpaiak ere badiren arren, gehienak brontzezkoak izaten dira. Eta brontzea zera da: eztainuaren eta kobrearen nahasketa. Aleazio motaren arabera, proportzioak alda daitezke, baina kobrea izaten da beti osagai nagusia, EHUko Meatze eta Metalurgia Ingeniaritza eta Materialen Zientzia Saileko irakasle Nuria Monasteriok azaldu duenez. «%80 inguru izaten da kobrea, %20 inguru eztainua, eta, brontze motaren arabera, beste elementu gehigarri batzuk izan ditzake, propietateak doitzeko: zinka, beruna...».
«Hausnartzen ari gara, behin eginda berriro ostu dezakete eta: alarma bat ipini, burdinazkoa egin...»
ENCARNI URKIZA Zuiako Oroko santutegiko zuzendaritza batzordeko presidentea
Horiek horrela, ondorioak argia dirudi: kobrea erauzteko lapurtzen dituzte kanpaiak. Irakaslearen arabera, ordea, prozesu hori egingarria den arren, ez da batere errentagarria. «Brontzea txatar moduan berrerabili behar denean, normalean interesgarriagoa da beste brontze mota batzuk fabrikatzea. Kobre purua lortzeko, kobrea ez diren beste gauza guztiak kendu behar dituzu; zenbat eta elementu gehiago izan, orduan eta zailagoa izango da purifikazio prozesua». Eta garestiagoa, beraz, zeren urrats asko eta makineria berezia behar baitira. «Lehengai puruago bat eskuratuz gero, hobe. Kable erabiliek, adibidez, %99ko purutasuna daukate». Kobre kilo bakoitzagatik zazpi euro ordaintzen ari dira orain, eta bost euroan dago brontzea, Monasteriok zehaztu duenez. Gainera, urtzaile bakoitzak bere errezeta sekretua dauka, eta eztainuaren eta kobrearen proportzioa kanpai batetik bestera ere alda daiteke, Aitor Loizaga kanpaietan adituak nabarmendu duenez.
Bisitari gutxi
Dena dela, bistan da nolabait errentagarri zaiela. Oroko santutegian ostu zutenak, esate baterako, tona erdi inguru zuen; ez da lagun bakar batek gauzatu dezakeen esku hartze bat. «Oso ondo prestatuta zeukaten», Urkizaren arabera, «urtzaile batekin adostuta». Goizeko ordu txikietan bertaratu ziren, kamioi batekin eta garabi batekin.

«Fruta lapurtzea bezala da: bota, eta eraman egiten dituzte», nabarmendu du Loizagak. «Baztertutako tokiak aukeratzen dituzte, populazio gutxikoak, eta, norbait konturatzen denerako, desagerrarazia dago jada». Gero eta meza gutxiago dagoenez, tenpluetako batzuk zarratuta egoten dira egun gehienetan, eta jende gutxi ibili ohi da haien inguruan. Adituaren irudiko, kanpaiak «nahiko ahaztuta» daude oro har, batik bat kanpai joleak desagertu eta prozesu hori automatizatzen hasi zirenetik —1940ko eta 1960ko urteetan, gehienbat—. Kasu baterako, Bizkaian Loizaga da kanpaiak eskuz jotzen dituen bakarra: Bilboko Gizakunde elizan aritzen da domekero eta jaiegunetan. Gainerako elizetan, maiztasun askoz txikiagoarekin bisitatzen dituzte kanpaiak. «Azterketaren bat egin behar badute igotzen dira, baina ezohiko zerbait gertatuz gero baino ez: adibidez, kanpaia joarazten duen botoia sakatu eta ez badu funtzionatzen».
«Brontzea txatar moduan berrerabili behar denean, normalean interesgarriagoa da beste brontze mota batzuk fabrikatzea»
NURIA MONASTERIO EHUko Meatze eta Metalurgia Ingeniaritza eta Materialen Zientzia Saileko irakaslea
Arreta handiagoa beharko luketela uste du Loizagak. Izan ere, oparoa eta askotarikoa da euskal kanpaien bilduma. Bizkaikoak aztertu ditu hark, nagusiki; lurralde horretan 1188 daude guztira, Bizkaiko Foru Aldundiak zerrendatu duenez. Gehienak XIX. eta XX. mendeetakoak dira, baina badira XVI. mendekoak ere: Erandion 1520. urte inguruko bat dago, eta Ziortza-Bolibarren, 1558ko bat. Ondare horrek duen balioa kontuan hartuta, Loizagak garrantzizko deritzo kanpaiak katalogatzeari. «Dagoena bildu eta dokumentatu beharra dago, ezbeharren bat gertatuz gero —lapurreta, apurketa...— behintzat jakin dezagun zer zegoen». Lan horretan dihardu Loizagak berak, Bilboko Eliz Museoarekin batera: apuntatzen du zer brontze mota daukan kanpai bakoitzak, zer garaitakoa den, grabatuta dauzkan hitzak eta figurak jasotzen ditu —landareak, gurutzeak, santuak...—, baita egiten duten soinua ere, besteak beste. Bizkaiko %90 baino gehiago dauzkate dokumentatuta dagoeneko.
«Falta sumatzen da»
Donostiako Elizbarrutiko Ondare sailak esplikatu duenez, kanpai bat automatikoki babestuta geratuko da baldin eta Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legearen arabera babestutako kultura ondasun edo eraikin baten zati bada. Horrez gain, ez dira espresuki aseguratuta egoten. «Aseguruaren estalduran zera jasotzen da: orokorrean lapurreta bat egonez gero ordainduko litzatekeen zenbatekoa, konpentsazio gisa. Baina ez da kanpaia bera ordaintzen, ezta erreposiziorik egiten ere». Loizagaren berbetan, zera da legeak ematen duen babesik handiena: debekatuta dagoela ehun urte baino gehiago dituzten kanpaiak berriro urtzea. «XIX. eta XX. mendeetan, kanpai asko urtu zituzten berriro. Erabilerarekin, kanpaiak apurtuz joaten dira, edo desagertu egiten dira... Kanpai zahar horiek berriro urtu eta metal hori aprobetxatzen zen kanpai berria egiteko».
motak
Ezkilak: Ehun kilo baino gutxiago izaten dituzte. Tronpetaren antzeko soinua izan ohi dute, Aitor Loizaga kanpaietan adituaren arabera.
Ezkiloiak: Ehun eta hirurehun kilo artekoei deritze. Horiek jada «soinu nabarmenago bat» izaten dute, Loizagaren esanetan.
Kanpaiak: Hirurehun kilotik gorakoak jada kanpaitzat jotzen dira. Formaren arabera, erromatarrak edo ezkilonatuak izan daitezke: erromatarrak zuzenagoak izaten dira, handiagoak, eta soinu grabeagoa igortzen dute; ezkilonatuek figura kurbatuagoa dute, estilizatuagoa. Eliza handietan eta katedraletan, hainbat tamaina eta estilotako kanpai multzoak izaten dituzte. Euskal kanpaiei dagokienez, %80k dute soslai ezkilonatua, eta %20k erromatarra.
Asko erabili baitziren aspaldi; besteak beste, informazioa helarazteko. Objektuak ez ezik, hotsak ere badu-eta balioa. Ez zen kode bera aditzen mezatara deitzen zutenean, edo kontzejuetara, jaieguna zenean, ekaitzak uxatzeko jotzen zirenean; eta soinu horren bidez bereiz zitekeen hilberria gizona zen, emakumea, haurra, aberatsa edo xumea, abadea. Laino artean galdutako herritarrentzat gida gisa ere baliatzen zituzten, eta erabilera horrek bere erritmo propioa zeukan orobat. Gaur egun, oso jende gutxik ezagutzen ditu kodeok, hirietan kasik isildu egin dira kanpaiak, eta herri txiki batzuetan baino ez dira geratzen behialako erabileren arrastoak.
Baina funtzio sinbolikoa besterik ez izanagatik, garrantzitsuak dira oraindik. «Kanpai hotsa oso maitatua da Zuiako haranean», ziurtatu du Urkizak. Angelusa jotzen dute, 12:00etan, eta arratsaldean aditzen da ostera: Murgian karmeldarren komentu bat zegoen, eta egunero jotzen zuten kanpaia 18:00etan; emakume haiek zendu ziren, baina Oroko santutegiak hartu die lekukoa. Hala, «kanpaiak entzutearen falta sumatzen da».
«Baztertutako tokiak aukeratzen dituzte, populazio gutxikoak, eta, norbait konturatzen denerako, desagerrarazia dago jada»
AITOR LOIZAGA Kanpaietan aditua eta kanpai jolea
Ez dute ostu zutena berreskuratzeko itxaropenik: Urkizak salaketa ipini zuen desgertu zen egunean bertan, baina ordutik ez dute Poliziaren berririk izan. Ordezkatzeko asmoa dute. Lantegi gertukoenak Kantabrian eta Palentzian daude (Espainia) gaur egun; kanpai berri batek 60 euro inguruko kostua dauka kilo bakoitzeko, Loizagaren arabera. «Hausnartzen ari gara, behin eginda berriro ostu dezakete eta: alarma bat ipini, burdinazkoa egin...», aitortu du Urkizak. Maiatzerako edukitzea da asmoa, orduan hasten dira-eta mezak. Santutegian bada beste kanpai bat, baina Urkizak uste du haren pisuak babestu egiten duela ostua izatetik: izan ere, 2.000 kilo inguru dauzka.