Ilunpetan harrizko 150 eskailera igo ondoren, gailurrera iristen da: Iruñeko katedralaren hegoaldeko dorrera. Zortzi kanpai daude dorre horretan; batzuk handiagoak, beste batzuk txikiagoak, baina Leire Ros kanpai joleak (Iruñea, 1995) emeki jotzen ditu eskuarekin, bakoitzak bere soinua duela erakusteko. Sanferminak kanpaien ondotik bizi ditu Rosek, eta aurten Jarana peñak Bonbo saria eman dio.
Nolakoa izan zen zure lehen eguna kanpai artean?
Uztailaren 7 batean aitarekin igo nintzen. Aita kanpai jotzailea zen herrian, eta Iruñeko katedralean ikastaro bat egin zuen. Aitak esan zidan uztailaren 7an igo nintekeela; gustatu zitzaidan, eta geratu egin nintzen.
Zein kanpai jo zenuen egun hartan?
Laurdenak markatzen dituena jo nuen, eta asko gustatu zitzaidan.
Sanferminetan, zer ikus daiteke dorretik?
Hemen goitik zabor kamioiak entzuten dira, txarangak, jendea oihuka... Kanpaien ondoan festa beste ikuspuntu batetik ikusten da. Erraldoiak datoz, eta ume guztiak behean daude, oihuka. Zarata entzutean agertzen gara, eta haurrek ikusi, seinalatu, eta agurtu egiten gaituzte. Horrelako mezuak jasotzen ditugu: «Entzun dut kanpaia, zoaz pikutara!».
Nolakoa izan zen atzoko eguna?
Uztailaren 7an 09:00etan igotzen gara dorrera. Gero korporazioa igotzen da, eta San Fermin santuaren bila joateko ibilbidea egiten dute. Prozesioa egiten duten bitartean aitarekin hamaiketakoa hartzen dut, eta gero berriro igotzen naiz dorrera, unetxorako: santua honaino igotzen den momenturako.
Noizbait gaupasaz jo dituzu kanpaiak?
Bai. Behin egin nuen, eta ez nuke berriz egingo.
Sanferminak bereziak dira zuretzat?
Oso. Asko gustatzen zaizkit sanferminetako tradizioak, eta kanpai jotzaileen lana beste tradizio bat da. Askorentzat uztailaren 7a oso ederra da; erraldoiak ikustera doazen haurrak eta Pamplonesaren musika. Nahiz eta batzuekin liskarrak izan kanpaien zarataren ondorioz, jendeari gustatzen zaio egiten duguna.
Urtean zenbat aldiz igotzen zara dorreetara?
Urtean 50 bat egunez igotzen gara.
Aurreko belaunaldietako kanpai jotzaileekin hitz egitean, lanbidean eboluzio bat egon dela iruditzen zaizu?
Ofizioa berbera da: kanpaiak jotzea. Baina gero eta kanpai gehiago elektrifikatzen dituzte, igotzen garenak kontuan hartu gabe. Katedralean dagoen kanpai bati motorra jarri zioten guri abisatu gabe.
Ibilbide luzea duten kanpaiak jotzen dituzu. Jabetzen al zara haien historiaz?
Bai, badakit pribilegio handia dela kanpai horiek jotzea, eta, gainera, kanpai ondare ikaragarria dugu. Maria kanpaia, adibidez, lau mende eta erdiz jo izan da. Ez dakigu nola igo zuten kanpaia, ahokatuta baitago; kanpaia jarri zuten, eta gero gainean dagoen dorrea eraiki. Antzina, Maria kanpaiaren soinuak mugatzen zuen Iruñeko arroa.
Kaletik kanpaiak entzuten dituzunean, badakizu zein den bakoitza?
Bai. Gabriela eta Maria kanpaiak bereizten ditut.
Kanpai jotzaileen lanbidea ezaguna dela uste duzu?
Ez. Jendeak ez daki Iruñeko katedralean kanpai jotzaileak daudenik. Jendeak jakiten duenean galdetzen didate: «Igo naiteke?».
Oso maskulinizatuta dago lanbidea?
Oso. 30 kanpai jotzaile gaude, eta bost gara emakumeak. Hasi nintzenean, Maria kanpaia jotzen aritu nintzen, eta jendeak galdetzen zidan ea nik joko nuen; zalantzan jartzen ninduten. Kanpai jotzaile gazteak eta emakumeak behar ditugu, pixka bat orekatzeko.
Hurrengo belaunaldia lekukoa hartzeko prest dago?
Gazte gutxi dago, baina uste dut ezagutza faltagatik dela. Niri gustatzen zait jendeari ondarea erakustea, uste baitut balio izugarria duela egiten ari garen lanak. Lanbideari eutsi behar diogu, bestela galdu egingo da eta.
Zer izan da Iruñeko Jarana peñaren Bonbo saria jasotzea zuretzat?
Ilusio handiz hartu dut. Iruñea eta sanferminen sinonimo den sari bat jasotzeak ilusio handia egin dit. Modu bat da ezagutarazteko zenbait jende borondatez ari garela, gure denbora inbertitzen dugula kanpaiak jotzen.
Zein da zure lanbideko alorrik kuttunena?
Gehien gustatzen zaidana zera da, urteko sasoiak nola aldatzen diren ikustea, eta nire hiriaren eboluzioa hemendik behatzea: soroak udan, mendi elurtuak neguan, eta oskarbi badago, Pirinioak ikusi ohi dira.
LOTSABAKO