Lauzpabost gazte dabiltza irailaren 13ko manifestazioko eskuorriak banatzen, beste hainbeste ume batetik bestera korrika, eta jende mordoa afalondoan. Pelikula bateko egoera badirudi ere, Donostiako Piratek urtero-urtero Trinitate plazan sortzen duten giroa da: afariaren aitzakiapean sortutako giroa.
«Prezio herrikoiak, bertako produktuak eta musika». Hiru gako horiekin deskribatu du Trinitate plaza Haizea Isasa Donostiako piratak. Hain zuzen ere, Donostiako Piratak irudikatzerakoan ia beti Flamenka guneaz akordatzen dira herritarrak; alta, plaza garrantzi handiko gunea bilakatzen da Aste Nagusian. Flamenkaren eta Piraten kantina dela esan du Isasak, Parte Zaharraren erdian dagoen «oasi txiki bat». Azken buruan, «kontsumismora bideratutako Donostia horretan, turistei begira dagoen hiri eredutik at eraikitzea» da Piraten asmoa. «Auzoan, bertakoentzat eta bertako elikagaiak eskainiz egiten dugu lan». Horregatik iruditzen zaie Piratei horren garrantzitsua jaietan ere komunitatearekin «goxo egoteko» gune bat izatea.
Goxotasuna eta oasia, berriz, ez dira bakarrik loratzen, «antolakuntza eta auzolana» baititu oinarri egitasmoak. Aurrelanari dagokionez, hainbat lantalderen bitartez egiten dutela azaldu du elkarrizketatuak: azpiegitura, elikagaien eskaera, barra… Hala ere, Donostiako Aste Nagusian antolaketa aldatu eta kofradiez kanpoko laguntza jasotzen dute. Hiri eta jai eredu alternatiboen zoruan militante sare konprometitua dagoela aitortu du harrotasunez; azken batean «auzolana izaten da gure altxorra».
Boluntario mordoa ikus daiteke joan-etorrian, eta laguntasuna agerikoa da haien artean. Egunero Donostiako auzo bakoitzeko 28 kide joaten dira. Isasak honako hau gaineratu du: «Polita da auzokideen arteko giroa, adin askotako jendea biltzen baita». Tiketak saltzen, barran eta mahaiak antolatzen dabiltza batetik bestera. Hala ere, hainbeste mugimenduren artean ordena ere ageri da: «Denentzako lekua egoten da, eta baita lana ere».
«Giro polita eta harremanak garatzeko gunea eraiki dugu, prezio herrikoiak eta bertako elikagaiak dituena»
HAIZEA ISASA Donostiako pirata
Antiguakoak ari dira zerbitzatzen. Urtero txanda bera gogoz hartzen dutela aitortu dute Oier Irazustak eta Ur Loizagak. Irazustak «auzoa egiteko eta herri mugimendua babesteko» helburuz antolatzen dela azaldu du, «aurreko gaueko ajea» gorabehera. Loizagak, bestalde, afarietako giroa ez ezik, lan giroa ere ezin hobea dela azaldu du. Hori horrela, auzolanerako konpromisoak bakarrik ez, «zerbitzarien arteko giro onak» ere erakartzen du Antiguakoa.

Jatekorik nahi?
Barraren atzean eta plazako gune altuenean soilik sentitzen da parrillaren beroa. Ia ezkutuan ari dira lauzpabost pertsona lanean, haragia noiz atera erabakitzen. Beti menu bera zerbitzatzen dute, eta parrilla eguneroko kontua izaten da; nolanahi ere, produktu begetarianoak ere badauzkate, barazkijaleak ere ongi etorriak izan daitezen. Batarekin nahiz bestearekin patata frijituak eta entsalada jartzen dituzte.
Isasak azaldu duenaren arabera, erritmoa, giroa eta eskaintza ez dira aldatzen, «bi larunbatetan izan ezik». Udalak ere plaza bera baliatzen baitu egitarauan: batetik, lehen larunbatean, Igeldoko eta Uliako harria ekitaldia egin zuten; bestetik, bigarren larunbatean, aizkorako Urrezko Kopa jokatuko dute: etzi, alegia. Egun horietan, ez diote suari atsedenaldirik ematen; hain zuzen, Flamenka gune atzean aritzen dira janaria saltzen, Lastan. Bertan, kroketak eta oilasko tirak saltzen aritzen dira. Suak bezala, bozgorailuek ere ez dute atsedenerako betarik. Trinitate plazan afariak eman ala ez, kontzertuak egiten dira.
Menua begetarianoa zein haragizkoa izan, eta tipulina eduki edo ez, elikagaien jatorria oso argi daukate Piratek: «Garrantzi berezia ematen diogu bertakoa izateari». Oilaskoa, saltxitxak, saiheskiak, kroketak, gazta… Euskal Herrian ekoitzitakoak dira denak: Orbaitzetan (Nafarroa), Lezon (Gipuzkoa) eta Altzan (Donostia), kasurako.
Piraten kalkuluen arabera, egunero 350-400 pertsona ingururi ematen diete afaltzen. Triniko afariak tradizio bilakatu dituenik ere badago herritarren artean. Izan ere, kofradietako kideek eta bestelako lagun taldeek egun finkoren bat izan ohi dute plazara joateko, ohitura moduan. Unai Gaztelumendi añorgarrak, esaterako, argi dauka plazan afaltzeko tradizioa ez duela galdu, eraldatu baizik. «Lehen lagunartean etortzen ginen; orain, aldiz, umeekin eta familian». Gaurkoan zerbitzatzen aritu ez arren, urteak dira Trinitate plazaren bueltan ibiltzen dela, barra atzean nahiz aurrean.
Isasak argi dauka zerk erakartzen duen jendea plazara: «Eskaintzen dugunak kristoren xarma dauka. Giro polita eta harremanak garatzeko gunea eraiki dugu, prezio herrikoiak eta bertako elikagaiak dituena». Isasaren hitzak baieztatu ditu Nikole Elizegi donostiarrak: «Askotariko jendea dago, eta denen artean giro oso ona sortzeko gai da gunea». Hori horrela, Trinitate plazako antolakuntza ezinbestekoa dela uste du, «are gehiago garai eta hiri honetan»; «Donostia ez donostiarrentzat».
Entzutekorik nahi?
Afariagatik ez ezik, musika eskaintzagatik ere bertaratzen da jende asko. Kultura agenda zaintzen saiatzen dira, bertako kultura sorkuntza bereziki. Parte Zaharreko eta Flamenkako mugimendu handietatik atera eta «lasaitasun bila aritzen denik» ere badela azaldu du Isasak. Hori bai: «Giro ona ziurtatuta dago plazan». Hain zuzen ere, 20:00etan afariak ematen hasi dira, eta ordu erdiren buruan plaza betetzen eta jai giroa areagotzen ari da. Jendetza gorabehera, su artifizialen azken trakara arte ez da hasi gaueko musika eskaintza. Gaur gauean, Andoni Ollokiegi eta Olloki izan dira. Abesti kopurua bezalakoxea izan da ikusle kopurua, handia; urteroko tradizioa bilakatu baita kontzertua ikustearena.

Dena dela, ikusleentzat ez ezik, Andoni Ollokiegirentzat ere bilakatu da tradizio. Urtero aritzen da Trinitate plaza girotzen euskal kantutegia erabiliz; hala ere, aurtengoa berezia dela esplikatu du musikariak. Lehen aldia da talde osoarekin etorri dela Trinitatera, eta urduri jartzeko arrazoi izan dela aitortu du. Hain zuzen, bereak ez diren bertsioekin ospea lortuagatik ere, argi dauka bera ere «pertsona eta musikaria» dela; horrenbestez, bere taldea eta kantuak plazaratzeko beharraz hitz egin du. Gogoz aritu da Ollokiegi, azken batean: «Plaza oso jatorra eta erosoa izaten da urtero».
Elkartasunak ere badu bere lekua plazan. Ostegunean [gaur], ehun urte beteko dira Fidel Castro jaio zenetik, eta, beraz, Kubari elkartasuna adierazteko jaialdi bat egingo dute. Silvio Rodriguezen kantak, poesia errezitala eta mojitoak izango dituzte.
Trinitate plazaren garrantzia eta funtzioa aintzat hartuz, afariek politikatik asko dutela nabarmendu dute han direnek. Hain zuzen, afaria kontu arrunt bat bezala ulertzen da, behar biologikoak bultzatutako ekintza huts bat bezala. Bada, Isasak berak argi utzi du plazan sortzen den «giro ona» funtsezkoa dela herri eredu alternatiborako. Hala esplikatu du: «Euskal Herrian, mahaiaren bueltan antolatzeko ohitura handia dago. Janariaren inguruan egiten dugu herria. Afarietan harreman sareak zabaldu eta elkarrekin egoteko aukera izatea da asmoa, finean». Eta, antolatzailearen ustez, «terrazen eta turisten hirian» are eta ezinbestekoagoa bilakatzen da Trinitate plazako eskaintza. Turistei begirako lekuak gero eta ugariagoak diren garaiotan, «gune goxo hauek oasiak dira». Hala da, bederen, piratarentzat.