'Kantuen kontrabandista' musika saioa abiatuko da gaur Kanalduden

Pantxoa Bergara 'Xabaltx' musikaria euskal kantu zaharren bilaketan murgildu da zazpi ataletan

Mugaldekoak taldea, Bazterretik bazterrera kantua jotzen, eta, eskuinean, Xalbatx aurkezlea. KANALDUDE.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Musika, natura, euskara. Elementu horiek batu, eta euskal kantu zaharren bilaketa betean murgildu da Pantxoa Bergara Xabaltx musikaria Kantuen kontrabandista saio berrian. Gaurtik aitzinera, asteazkenero emanen dute, Kanalduden, 19:00etan, eta kanaldude.eus webgunean ere ikusgai izanen da. Saioa elkarlan baten emaitza izan da, Kanaldude France Bleu Pays Basque irratiarekin eta Labrit Ondarearekin batera murgildu baita proiektuan.

Xabaltxek hiriak eta mendiak zeharkatu ditu, Inda zaldiarekin batera. Aspaldiko aire eta hitz batzuez oroitzen diren azken pertsonak atzematea izan du helburu. Ondoren, Xabaltxek musikari batzuei eman dizkie aire eta doinu horiek, eta musikariak arduratu dira kantua birmoldatzeaz eta modernizatzeaz.

Resurrecion Maria Azkueren eta Aita Donostiaren musika liburuetatik ateratako doinuak berreskuratzeko asmoz abiatuko du bidaia Xabaltxek. Hala, lehen saioan Hondarribira (Gipuzkoa) joanen da, Luis Gaixtoa-ren bila,XVI eta XVIII. mende bitarteko balea ehizaren kronika egiten duen kantu baten bila. Han, Joxerra Garziaren, Anjel Alkainen, eta Andoni Etxarri Pepin-en eskutik jasoko du kantua, eta, ondotik, Lumi taldeko Nahia Zubeldiak eta Manu Mathysek moldatuko duteabesti tradizionala, kutsu elektronikoa emanez. Horrez gain, saioak kantuaren inguruko kontuak ere kontatuko ditu, eta Albaola itsas faktorian geldialdia ere eginen du.

Lehen saioaren ondotik, Willis Drummond eta Petti, Madda Luzi, Mugaldekoak, Thierry Biskari eta Oihan Oliarj-Ines arduratuko dira herritarren ahotsetatik berreskuratutako kantuak birsortzeaz eta beren erara moldatzeaz.

Kantuak biltzeaz gain, Xabaltx zenbait herritar ezagun eta ezezagunekin bilduko da, eta horiekin hitz egin eta abestuko du. Gainera, Xabaltxek batetik bestera zaldiz egindako bidaia ere erakutsiko du, road movie baten gisan.

Zazpi saio izanen ditu denera Kantuen Kontrabandista-ren lehen denboraldiak. Lehen sei saioetan, Xabaltx bera ikusi ahal izanen da batetik bertzera kantuak bilatzen eta horien inguruko istorioak biltzen. Azken saioan, berriz, musikariek sei kantu horiek interpretatuko dituzte zuzeneko kontzertu bat balitz bezala, eta hartan izanen dira kantu hori gorde duten herritarrak ere. Gainera, azken programa horretan kamera atzean gertaturikoen berri emanen dute.

Xabaltxen hitzetan, programa egiteko kantuen bilaketa ┬źhunkigarria┬╗ izan da. Astelehenean, Baionako Atalante zineman aurkeztu zituzten lehenengo saioak, eta publikoaren harrera beroa izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.