Atzekoz aurrera

Karlistak satiraren jomugan

‘Carliscaturas: umorea lubaki gisa’ erakusketa jarri dute Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan. Cesar Oroz marrazkilariaren lana eta XIX. mendeko aldizkari satirikoetako irudiak uztartu dituzte.

Zumalakarregi eta Espoz y Mina, bideojoko batean, Ormaiztegiko museoan. IÑIGO URIZ / FOKU
Zumalakarregi eta Espoz y Mina, bideojoko batean, Ormaiztegiko museoan. IÑIGO URIZ / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
Ormaiztegi
2024ko ekainaren 13a
05:00
Entzun

Egin daiteke umorea gerrari buruz (ere). Izan liteke irribarrea historiara gerturatzeko tresna. Satira indarkeria salatzeko jarrera. Neurrian dago denbora, eta denboran dago neurria. Karlistaldiak duela berrehun urte baino gehiagoko kontua dira, baina gerrak ez, eta lubakiak ere ez.

Umorea aukeratu dute Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Zumalakarregi museoan, karlistei buruz aritzeko asmoz. Carliscaturas: umorea lubaki gisa aldi baterako erakusketa jarri dute ikusgai. Cesar Oroz marrazkilariak Lizarrako (Nafarroa) Karlismoaren museorako egindako lana dago oinarrian, baina Zumalakarregi museorako egokitu dute, XIX. mendeko aldizkari satirikoen bildumarekin osatu. Orduan egiten zen umorea eta orain egiten dena jarri dituzte parez pare, baina berberak daude jomugan: karlistak.

«Dokumentazio lan handia dago atzean. Historiaren friki bat naiz. Hor agertzen diren pertsonaiek Euskal Herri osoari eragin zioten. Egia da karlismora gerturatzen zarela eta badirudiela erabat gauza aspergarria dela, ez direla gerra mitikoak eta pasioz betetakoak, baina hasten zara ikasten, eta ohartzen zara gauza askotaz. Nire helburua izan da kondairaren zati hori desmitifikatzea», azaldu du Cesar Orozek.

Isabel II.aren txikitako irudia eta Alfontso XII.aren erretratua alde batean, eta Carlos Maria Isidrorena eta Karlos VII.arena bestean. Gerriraino sartuta daude laurak odola darien ehunka burezurren artean. Marrazkilariaren arrazoia: «Zeren haiek guztiak erbestean edo ohean hil ziren, eta izorratu zena eta hil zena herria izan zen. Hori islatu nahi nuen».

Santa Kruz apaiz tatuatua

Lehengo banderak eta oraingoak: Jainkoa, aberria eta erregea zena, Twitter, Instagram eta TikTok bihurtuta, Jainkoa, aberria eta futbola moldatuta, eta karlista batek besoz gora altxatuta. Santa Kruz apaizaren partida kate, pistola, beisboleko bate eta tatuajez josita. Parez pare dute Ziraukiko herrenaren partida. Karlistak vs liberalak. «Bandakide urbanoen iruditeria erabili nahi izan dut, bakoitza bere leloekin. Benetako animaliak ziren, basati hutsak. Sekulako sarraskiak egin zituzten, batzuek zein besteek. Azken finean, gerra bat zen».

Ziraukiko herrenaren partida eta Santa Kruz apaizarena, aurrez aurre. IÑIGO URIZ / FOKU
Ziraukiko herrenaren partida eta Santa Kruz apaizarena, aurrez aurre. IÑIGO URIZ / FOKU

Orozen marrazkiak XIX. mendeko aldizkari satirikoekin nahasten dira: El cañón Krupp, La flaca, La madeja política... Tomas Padro marrazkilari kataluniarrak egindakoak dira haietako karikatura asko. «Bi egiteko moduen solasa sortu dute, eta horrekin jokatu. Aldizkari haiek, ia guztiak, liberalak ziren. Horregatik ematen zieten halako egurra karlistei», azaldu du Orozek.

Barre egiten zieten gerrari. Egingo die inork barre gaur egungoei? «Ni Ukrainari eta Gazari buruzko karikaturak ari naiz egiten. Baina gehiago da gertatzen ari denaren kritika eta salaketa, txantxa baino. Txantxa egin dezakezu duela berrehun urteko gatazka bati buruz, baina ez orain. Ez diozu graziarik ikusten inondik inora ere. Gaur egun, halako gatazkei buruz egiten den umore grafikoa gehiago da kritika eta salaketa. Denbora asko pasatzen denean, agian egin dezakezu umorea».

Karlista baten karikatura, 'El cañón Krupp' aldizkarian. IÑIGO URIZ / FOKU
Karlista baten karikatura, 'El cañón Krupp' aldizkarian. IÑIGO URIZ / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.