Kartek jokorako bidea ematen dute. Bota daitezke etorkizuna iragarri eta lehenaldia interpretatzeko. Banatu daitezke zortea eta zoritxarra partitzeko. Eta begiratu eta miretsi daitezke, eta haien irudiaz eta diseinuaz gozatu. Horretan aritu da Jon Gorroño Zugazaga (Durango, Bizkaia, 1980). Urkiol izeneko tarota ondu du. Durangoko Azokan eskuratu ez zuenak udaberrian izango du eskura Arantzazuko (Oñati, Gipuzkoa) eta Urkiolako (Abadiño, Bizkaia) santutegietan.
Tarotista al zara?
Diseinatzailea naiz ofizioz, eta sortzaile gisa definitzen dut neure burua. Ez, ez naiz tarotista. Tarotari buruzko ikastaro bat egin nuen, eta hortik dator proiektu hau. Esperimentazio gune bat izan da niretzat.
Eta ikastaro horretara nola iritsi zinen?
Lagunartean kafe bat hartzen ari ginela sortu zen gaia. Lagun batek aipatu zuen ikastaro hori egina zeukala. Jakin-min handikoa naizenez, parte hartzea erabaki nuen.
Beraz, badakizu kartak botatzen?
Kartak botatzeko baino gehiago autoesploraziorako tresnatzat dut nik tarota. Tarotaren irudi arketipiko horiek gure nortasunaren irudi zabal bat ematen dute psikologiaren ikuspuntutik.
Etorkizuna, lehenaldia... Kartak botatzearekin lotzen dute askok tarota, baina karta joko bat zen?
Esaten da Florentzia inguruan [Italia] sortutako joko bat dela. Nobleziarentzako sortutakoa eta oso modu ederrean diseinatutakoa. Jende arruntaren artean ere hedatu zen, ordea, eta tabernetako joko ere bihurtu zen. Ez zuen orain ematen zaion pisu espiritual hori.
Zuk pisu espiritual horri heldu diozu?
Denok daukagu geure konplexutasuna. Bizitzan gauza asko nahasten zaizkigu: gertaerak, emozioak, desioak... Eta taroteko irudi arketipiko horiek pistak ematen dizkigute egunerokoan lanbropean gelditzen diren gure ezaugarri batzuei buruz.
Oshoren orakulua zer da?
Meditazioaren mundutik datorren jakintsu indiar bat da Osho. Ezaguna da hainbat argitalpenengatik. Haren liburuak ez zitzaizkidan hainbeste gustatu, baina orakulu horretan oso ondo ilustratutako hainbat karta zituen. Horien eduki artistikoak erakarri ninduen.
Badutelako taroteko kartek eduki artistiko hori, ezta?
Diseinu aldetik eta irudi aldetik oso aberatsak dira. Sinboloz josita daude, eta estetikoki oso pieza bereziak dira.

Eta zuk sortutakoek zer berezitasun dute?
Tarot ezagunenak Errenazimentu garaian daude girotuta. Ordukoak dira ilustrazioak eta sinboloak. Baina sinbolo horiek ez dira gureak. Gure kulturan oinarritutako iruditeria ez da hor agertzen. Gure iruditeria tradizionalari buruz ikertu dut, liburuetan eta mitologian, eta horietatik abiatu naiz.
Adibidez?
Eguzkia, Ilargia... kultura askotan errepikatzen dira, baina gure mitologian horien inguruko pentsaera berezia daukagu, Barandiaranek horren ongi jaso zuena.
Tarotean badaude arkano nagusiak. Zurean zeintzuk dira horietako batzuk?
Esan ohi da tarota bidaia bat dela. Eta bidaia beti zoroaren irudiarekin hasten da. Zoroa, txoriburua... Nik mendi punta batean irudikatu dut adarra joz eta dantza eginez, kolorez jantzita, txapela buruan, amildegi baten ertzean, eta txakur batekin.
Latinezko arcanum hitzak euskaraz misterio esan nahi du. Elementu hori ere baliatu duzu?
Bai, eta Urkiol izena horregatik jarri diot. Durangon bizi naiz, eta Urkiolako parke naturala daukagu hemen. Urkitoki hori niretzat oso berezia da: Anbotoren azpian, Mariren kondairak inguratuta, santutegiarekin, harriarekin... Sarri joaten naizen tokia da.
Agertzen al da Mari? Agertzen al dira sorginak?
Tarota euskalduntzea erronka bat izan da. Betiko tarotean badago figura bat emakume apaizarena, gaztelerazko sacerdotisa. Eta karta hori, azkenean, sorginaren karta bilakatu da. Ez da erraza izan, sorginak gurean zenbait adiera dituelako: ona da batzuetan, gaiztoa da beste batzuetan...
Izan ere, diseinuari erreparatu diozu, baina baita hizkuntzari ere.
Eta gustura hartu dut euskararen erronka. Oraintxe ari naiz karta bati begira. Arkano bati Neurria izena jarri diot. Ez naiz hizkuntzalaria, baina halako kontzeptuen inguruan aritu naiz. Gaztelerazkoan, Balanza agertzen zen.
Eta aritu zara jokoan zure tarotarekin?
Nire aurretik ikastaroa egin zuen lagunari aurkeztu nion. Hura izan zen inprentatik irten zenean ikusi zuen lehenengoa. Solasaldi ederra izan genuen. Harrituta gelditu zen, ez zekielako ezer, proiektua sekretuan mantendu nuelako.
Diseinatzailea zara ofizioz. Zer da «pentsalari bisual» bat?
Diseinatzaileok arazoak konpontzen ditugu. Erronkak dira guretzat. Diseinu on bat sarritan ez da nabaritzen. Demagun herritar batek ogasuneko burokrazia kontu batzuk egin behar dituela modu digitalean. Oso esperientzia txarra izan badu bakarrik akordatuko da diseinuaz. Haserre zaudenean erreparatuko diozu diseinuari. Baina esperientzia ona denean, zure begiek eta zure atzamarrek dena inolako azalpenik gabe ongi egin dutenean, diseinua ikusezina da, eta pentsalari bisualok ikusezin izatera jokatzen dugu.
Badago euskal mitologiaren halako berpizte bat?
Diseinuaren munduan badago joerekin lan egiten duen jendea. Gizartean dauden pentsamoldeak eta joera kolektiboak aztertzen dituzte. Eta haiek diote badagoela misterioaren eta espiritualtasunaren berpizte bat. Pandemiaren garaitik omen dator. Eta euskal sortzaile askok hartu duten bide berri hori ere hor kokatu beharko genuke.
LOTSaBAKO
Erreferentziazko artista bat?
Eneko Sagardoi aktorea.Euskal mitologiako pertsonaia bat?
Anbotoko dama.Tarot tradizionaleko arkano bat?
Izarra.Zure pentsaera bisualean beti presente dagoen irudi bat?
Eduardo Txillidaren EHUko irudia.