Kataluniarren hizkuntza eskubideak aldarrikatu, eta nazioa bitan banatzen duen muga salatu. Horiek dira Correllengua katalanaren aldeko ekimenaren oinarriak. Gaur egingo ditu aurtengo Correllenguak azken urratsak, Perpinyan (Rosello, Ipar Katalunia).
Uztailaren 2an hasi zuten aurten Correllengua, eta Herrialde Katalanak gurutzatu eta 300 herri baino gehiagotik igaro ondoren, Ipar Kataluniara iritsiko da gaur. Katalanaren erabilera soziala eta berezko kultura bat sustatzearen alde egiten du Coordinadora d'Associacions per la Llengua Catalana (CAL) erakundeak, Correllenguaren bultzatzaileak.
Urtero bezala, manifestazioa eta suzirien martxak irekiko du katalanaren aldeko eguna. Suzirien martxak pisu sinboliko handia du ekitaldian, katalanak bizirik irauten duela irudikatzen baitu. 17:00etatik aurrera Perpinyango kale eta plazak igaroko dituzte. Gaualdean, berriz, jai giroa izango da nagusi. Rauxa, Les 100G de Tetes eta At-versaris taldeek kontzertua emango dute Casa Musicalen.
Aurtengo Correllengua beste urteetan baino indartsuago eta jendetsuago izan dela azaldu dute antolatzaileek. Azkenaldian katalanak jasotako erasoengatik izan dela hala uste du Marc Prohom Correllenguako koordinatzaileak. «Katalana hezkuntzan erabiltzearen kontrako justiziaren sententziak jendea indar handiagoz mobilizatzea eragin du».
Bartzelonatik hiru autobus aterako dira, eta Kataluniako beste leku batzuetatik beste bost edo sei ateratzea espero dute antolatzaileek.
Ez dira, baina, bakarrik egongo. «Aurten Perpinyan eta inguruko herrietako jendea asko mobilizatu da», dio Prohomek. Perpinyan ez ezik, beste herri txikiagoetan ere katalanaren aldeko ekitaldiak egin direla esan du CALeko koordinatzaileak. «Urtetik urtera protagonismoa irabaziz doa Correllengua Ipar Katalunian. Jendeak haien sustraietara itzuli nahi du, katalana berreskuratzeko sentsibilitate handiagoa dago».
15 urte atsedenik hartu gabe
Llengua, Cultura i Libertat (hizkuntza, kultura eta askatasuna) lelopean 15 urte daramatza erakundeak katalanaren aldeko lasterketa antolatzen. Hizkuntzaren aldeko lasterketa ez da arrotza Euskal Herrian. Izan ere,CALek Korrikaren adibideari jarraituz sortu zuen Correllengua, 1996an.
Ordutik ez dute hutsik egin, eta urtero antolatzen dituzte katalanaren aldeko ekitaldiak.
Badu, ordea, Korrikarekin ezberdintasunik. Korrika ez bezala, Correllengua ez da lasterketa jarraia. Egun bakoitzean herri batean ospatzen dute festa, herri batetik besterako ibilbidea egin gabe. Prohomek azaldu duenez, leku bakoitzean egiten den Correllengua bertako ezaugarri kulturalei estuki lotua dago.
Manifestua da herrietako ekitaldiak lotzen dituen elementua. Urtero, Kataluniako kultura arloko pertsona nabarmen bati eskatzen diote manifestua egiteko. Manifestu hori herri guztietan irakurtzen da. «Aurten, Cesk Freixas kantautoreari eskatu diogu», azaldu du Prohomek.
Horrez gain, urtero zendutako autore katalan bat omentzen dute. Omenaldi horren bidez, katalan hiztunen autoestimua hobetu nahi dute, Katalunia tradizio literario zabaleko kultura dela gogoratuz. Aurten, Pere Quart poeta katalana gogoratuko dute, orain 25 urte hila.
Katalanen autoestimua landu ez ezik, kanpotik etorritako jendeari Kataluniako kultura erakustea da ekimenaren xedea, Prohomek esan duenez.
Egoera zaila
Nahiz eta Correllenguak gero eta garrantzi handiagoa izan Ipar Katalunian, egoera kaskarra du hizkuntzak han. «Folklorera mugatzen da katalana», dio Prohomek.
Frantziak ez du diruz laguntzen katalana ikasgeletan erakutsia izan dadin. Bressola deituriko haur hezkuntza eskolen sare bati esker ikas dezakete zenbait haurrek katalanez.
«Hizkuntza aldetik, oso poliki ari da berpizten katalana. Baina Kataluniako irudia oso begi bistakoa da. Kataluniako bandera ugari ikus daitezke Rosellon».
Katalanaren aldeko urratsa
Correllengua 2011 katalanaren aldeko jaia bukatzeko, hainbat ekitaldi egingo dituzte gaur Pepinyan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu