EHUko ikerlaria

Angela Alonso Jurnet: «Katastrofismoak paralizatu egiten gaitu, eta ez digu jarduten uzten»

Dekalogo bat eman du argitara Alonsok, Gureiker taldeko ikerlari gisa: nola komunikatu klima aldaketa katastrofismorik gabe. Nola? «Beti ondorioei buruz aritu beharrean, irtenbideei buruz ere arituta».

Angela Alonso Jurnet, EHUk Leioan duen campusean. LAURA LOPEZ / EHU
Angela Alonso Jurnet, EHUk Leioan duen campusean. LAURA LOPEZ / EHU
enekoitz telleria sarriegi
2026ko otsailaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da erraza, krisiaren ondorioz datorrelako katastrofea, baina komunikatu liteke klima aldaketa katastrofismorik gabe. Angela Alonso Jurnetek (Salamanca, Espainia, 1996), Gureiker taldeko ikerlariak, dekalogo batean azaldu du nola: Krisi klimatikoa ekosistema digitalean komunikatzeko aukeren dekalogoa. Zenodo biltegian dago eskuragarri.

Aldaketa klimatikoa katastrofismorik gabe komunikatu. Nola egiten da hori?

Ez da erraza; datuak izugarriak dira. IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen txostenak irakurtzea besterik ez dago horretaz ohartzeko. Egoera ez da oso ona, geroz eta denbora gutxiago daukagu aldaketak egiteko, baina datu horiek beti uzten dute hutsuneren bat guk zer egin dezakegun ohartzeko.

Aldaketa klimatikoa krisi hitzarekin lotzen bada, eta ondorioak katastrofeak badira...

Egia da. Nola egin ihes horri? Hain justu, horrek animatu gaitu hau guztia horrela bideratzera. Krisi hau ezin dugu ekidin, eta moldatu egin beharko dugu. Jada ez da hitz egiten geldiarazteaz, jada moldatzeaz hitz egiten da. Krisia iritsi egingo zaigu. Aukera bat da iritsi eta paralizatuta gelditzea, edo iritsi eta proaktiboki moldatzea. Zenbat eta dramatikoagoak izan datuak, orduan eta gehiago azpimarratu behar dugu katastrofismorik eza. Katastrofismoak paralizatu egiten gaitu, eta ez digu jarduten uzten.

Komunikabideak zer ari dira gaizki egiten, orduan? Izan ere, hau bada errieta bat ere...

Hori ere bada, baina ez da gaizki egindakoak nabarmentzeko unea. Gauzak ongi ere ari dira egiten. 

Adibidez?

Nik aukeren dekalogo hau osatu dut, baina bazeuden lehendik jardunbide egokiei buruz egindakoak ere, eta ikusi dugu aplikatzen ari direla. Komunikabideak esfortzu handia ari direla egiten.

Izan ere, katastrofe horiek eguneroko kontua dira ia.

Muturreko fenomeno meteorologiko asko ari gara bizitzen, eta jende askoren arreta erakartzen du horrek. Egunero gaude telebistari eta albisteei itsatsita. Ondorioek arreta pizten dute, baina komunikabideek hausnartzeko aukera ere bada hori.

«Komunikazio eraldatzailea» aipatzen duzu zuk. Zer da hori?

Dekalogoa pentsatuta dago hura erabiltzen duten komunikatzaileek ekintzara bideratu ditzaten entzuleak. Ikusleari edo irakurleari datu katastrofikoak bakarrik ematen badizkiozu, ez duzu lortuko hura aktibatzea. Eta hori nahi dugu: aktibazioa.

Adibidez?

Beti ondorioei buruz aritu beharrean, irtenbideei buruz ere arituta. Izan ere, ikusi dugu klima aldaketari buruzko komunikazioa hiru alorretan bildu izan dela: ondorioak, irtenbideak eta arrazoiak. Ondorioena landu izan da gehiago, arreta erakartzen duelako. Baina irtenbideen eta arrazoien alorrera mugitu beharko genuke komunikazioa.

Diozunez, komunikazioa «erantzun klimatikoaren bihotzean» dago.

Komunikazioa giltzarria da. Batetik, desinformazioaren, gezurren eta negazionista klimatikoen kontra borroka egiteko. Bestetik, komunitate zientifikoaren mezua helarazteko. Izan ere, ikerketak egiten dira, eta etorkizunera begira beste eszenatoki batzuk eraikitzen dira, baina gero arazoak daude datu horiek komunikatzeko. Komunikazioa ezinbestekoa da gizartea mobilizatzeko eta kontzientziatzeko.

Eta sare sozialak ere balekoak direla diozu?

X, Tiktok eta beste batzuk aztertu ditugu, baita haietan sortzen diren elkarrizketak eta balizko erremintak ere: traolen erabilera, lifestyle edo bizi estiloari buruzko narratiba indartsuak eta bisualak... Horrelakoak ere aukera bat dira klima aldaketa aktiboki komunikatzeko. Izan ere, sare sozialei buruz daukagun ikuspegia ere bada batzuetan katastrofista samarra. Gune toxikoak direla uste dugu, eta algoritmoak beti gezurra saritzen duela. Baina erronka moduan ikusi ditugu, eta ikuspegi horri bueltan ematen saiatu gara. Tiktoki buruz egindako ikerketak, adibidez, harrituta utzi gaitu. Uste genuen narratiba hutsal bat ikusiko genuela, baina ikusi dugunak itxaropena eman digu. Ez da lengoaia zientifiko bat, baina elkarrizketa emankorrak daude, irtenbideei buruzkoak.

LOTSABaKO

Titular katastrofista bat?
Muturreko beroa, sute errekorra eta Mediterraneoa berriz berotuta: Espainia larrialdi klimatikoan harrapatuta gelditu da. Ez zait asko kostatu topatzea [El País egunkarikoa da].

Katastrofista ez den titular bat?
215 kilo zabor atera dituzte itsasotik Gipuzkoako sei herritan egindako bilketetan. Irtenbideak proposatzen ditu, eta tokikoa da [Orain.eus webgunekoa da].

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA