Katilukada zereal, mesedez

Soilik zerealak eskaintzen dituen Euskal Herriko lehen taberna zabaldu berri dute, Bilbon. Goizetan baino arrakasta handiagoa dute arratsalde eta iluntzeetan.

65 zereal mota eta hamar esne dituzte aukeran Bilboko Let's Cereal tabernan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2017ko ekainaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Cheerios katilukada bat eta esnea, faborez», esan dio bezeroak zerbitzariari. «Horren gainetik botatzeko aukera ezberdinak dituzu. Zer nahi duzu, Oreo ala M&M's?», erantzun dio zerbitzariak. Gaileten alde egin du erosleak. Aukeratu duena erretiluan jarri, ordaindu, eta lagunek eskatutakoa prest eduki arte itxaron du, denak batera mahai batera abiatzeko. Goizeko bederatziak igaro berriak dira, eta jendea gosaltzera joan da Bilboko Let's Cereal tabernara.

Gazte talde horren ondoren, gizon bat sartu da alabarekin, eta berriz ere eszena errepikatu da. Haurrak zerealak hartu ditu, eta gizonak kafe amerikarra. Eguerdian taberna itxiko dute, baina, arratsaldean ere, merienda garaian, asmo horrekin joango zaizkie bezeroak. Berdin afaltzeko sasoian ere. Eskaintzen duten produktua, ordea, ez da aldatuko. Jose Maria Eskuza kalean dagoen taberna horretan zerealak bakarrik eskaintzen dituzte; gisa horretako Euskal Herriko lehena da.

Betiko tabernetan ikusi ohi diren alkohol botilen partez, zereal kutxak dauzkate Let's Cerealen barraren atzeko aldean. 65 motadenetara, horien artean aukeratu ahal izateko. Zerealez gain, hamar esne mota ere badituzte. Horrek guztiak berezi egiten du daukaten eskaintza. «Kaletik doan jende asko gerturatzen zaigu atarira ea zer taberna mota den hau galdetuz, harritu egiten baitira», dio Iratxe Alkiza tabernako jabeetako batek. Eta ez da gutxiagorako: beirazkoak dituzte kalera ematen duten horma guztiak, eta barrualde guztia ikus daiteke. Baita 65 zereal kutxa horiek ere. Harridura sortu du auzokideen artean, baina, oraingoz, harrera beroa izan dutela ere badio Alkizak.

Inguruan dute EHUk San Mamesen duen fakultatea, eta baita beste hiru eskola ere. Horrek guztiak eragina izan dezake tabernak hasieran izan duen arrakastan. Baina eskaintzak ere badu zerikusirik. «Jende asko inguratu zaigu, eta esan digu bazegoelahorrelako lokal baten beharra Bilbon». Izan ere, oraindik asko zabaldu gabeko joera den arren, apurka hazten ari da zerealak soilik eskaintzen dituzten tabernen moda. Londresen zabaldu zuten halako lehen taberna, eta Bartzelonan eta Madrilen ere bi lokal daude. Madrilgo tabernak, gainera, frankiziak saldu nahi ditu negozio eredu horrekin, eta litekeena da Donostian ere halako taberna bat zabaltzea. Dena dela, Let's Cereal dagoeneko bere bidea egiten ari da.

'Brinner', joera berria

Apurka bada ere, zerealak soilik eskaintzen dituzten tabernen eskaintza hori hedatzen ari dela dirudi. Eta Alkizak uste du jarraipena izango duela etorkizunean ere. Baina halako tabernak hedatzen ari baldin badira, horren atzean Brinner izeneko joera dagoelako da. Hau da, afaltzeko garaian gosaria egiteko moda. Eta, kasu honetan, iluntzetako otordua zereal katilukada batera mugatzen da. «Badirudi joera bat sortzen ari dela, bai; 16 eta 17 urte inguruko gazte asko etortzen dira iluntzetan zerealak jatera». Etxean egiten zen horrek tabernara egin duela salto, alegia. Joera hori dela eta, goizetako gosarietan baino jende gehiago biltzen da arratsalde edo iluntzetako otorduetan Let's Cerealen lokalean. «Arratsaldeetan goizetan baino jende gehiago etortzen da; goizetan haurrak izaten dira oro har, eta arratsaldeetan, gazteak». Askaria egitera inguratzen dira, eta, beste askotan, baita afaltzera ere. Asteburuetan, gainera, areagotu egiten da joera hori. «Askotan, kalean ilarak ere eduki izan ditugu», dio Alkizak. Berritasunaren eragina izan daitekeela badaki, baina hala ere, joera berri baten lekuko ere bada: «Badirudi pintxo bat eta trago bat hartu beharrean halako gauzak jateko joera areagotzen ari dela».

Zerealak amaitzean otu

Alkiza eta Let's Cereal sortu duten bere kideak ikaskideak dira. Mondragon Unibertsitateko Leinn ekintzailetza graduko bigarren urtean daude denak, eta urtarrilean San Frantziskon (AEB) egon ziren, ikasketa programaren barruan. «Han egon ginen bitartean, goizero zerealak gosaltzen genituen; supermerkatura joan, eta han denetariko zerealak erosten genituen». Bidaiatik etxera itzuli zirenean, maleta AEBetako zerealekin beteta ekarri zuten. «Amaitu zitzaizkigunean, zereal horiek jaten nola jarraitu pentsatzen egon ginen, asko gustatzen baitzaizkigu». Interneten begiratzen hasi ziren, eta jabetu ziren zerealak soilik saltzen zituzten tabernak bazeudela. Hori ikusita, eurek ere halako zerbait abiatzea erabaki zuten.

Esan eta egin. Lokala bilatu, banatzaileekin harremanetan jarri, eta negozioa abiatu zuten. Nazioarteko zerealak ekartzen dituzte tabernara, «jendeak ere horiek eskatzen dituelako; supermerkatuetan topatu daitezkeen zerealak jateko, etxean jaten dituzte». Berezitasun puntu hori topatuta jarri zuten martxan taberna, duela hiru aste.

Negozioa, gainera, unibertsitateko graduaren barruan sartzen dela azaldu du Alkizak. «Ez dugu ia teoriarik lantzen, oinarrizko gaitasunak biltzen ditugu, baina, ostera, ikasturtea praktikan oinarritzen da, batez ere». Horregatik, zabaldu berri duten taberna ikasgai bezala hartzen dute. Lortutako irabaziak hurrengo proiektuak finantzatzeko baliatuko baitituzte. Oraingoz, taberna sei hilabetez edukiko dute zabalik, baina proiektuak funtzionatuko balu, jarraitzeko asmoa daukate.

Zerealak soilik eskaintzen dituen tabernarekin, merkatuan zegoen eskaera bati erantzuten jakin dute. Eta horrekin jendea zoriontsu egin nahi dute, hala baitio sarreran daukaten esaldi batek, ingelesez: zoriontasuna ezin duzu erosi, baina bai zerealak. «Ez dakigu hona etortzen direnentzako zoriontasun iturri ote diren zerealak, baina guretzako, bederen, badira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.