Nahiz eta erantzunik jasoko ez duela jakin, kazetariak galdetu egin behar duela. Hala zioten astearte gauean Hamaika Telebistan Zuriñe Iarrituk eta Martxelo Otamendik, Korrikari eskainitako saioan. Edurne Brouard zuten aurrean, eta irribarrez onartu zuten haren isiltasuna; igandera arte itxaron behar herriz herri doan lekukoa azken kilometroan nork eramango duen jakiteko.
Bien bitartean, La Sexta kateko El Intermedio saioan, Gonzo izeneko kazetaria Mariano Raxoi, Javier Arenas eta Jaime Mayor Orejaren prentsaurrekoan irudiak jasotzen. Eskuan, Mayor Orejak, Aznarren agintaldian, etakide batekin jatordua egin zuen garaiko argazkia. Prentsaurrekora sartzen ari zirela, Raxoiri galdera edo —salaketa ironikoz—. Haiek ez omen dute ETArekin inoiz negoaziaziorik egin. Kazetariak kontraesanaz egin zion galde. Isiltasuna. Irteeran, Mayor Orejarekin berarekin saiatu zen. Hark ere isiltasunez erantzun zion, irribarrez baina.
Artean, Teleberri 2 albistegia emankor. Berriki izandako atxiloketen irudiak eta informazioa luze eta zabal eman zituzten lehen minutuetan. Jarraian, Bizkaia komandoa delakoaren epaiketaren amaiera zer izan den. Irudiz, hitzez lagundua. Segidan, politikariek sortu eta kazetariek hedatu duten sasi albistea jorratu zuten. Ezker abertzalea eta beste alderdi batzuk indarka omen dabiltzala ETAtik bereizi nahian eta oso posible dela erakundearen baitan zatiketa izatea. Deigarria zen nola Zapaterok zioen ez dela espekulatzeko garaia, lanerakoa baizik. Baina irudi horien ondoren, zeharka baino zuzenago egindako salaketa ziruditen adierazpenen ondoren, gainontzeko alderdien iritzia ere eman egin zuten. Kazetariek galdetuz gain, sortu egin baititzakete albisteak, haien kabuz ala beste zenbaiten zurrunbiloei segika. Baita mugatu ere. Herri honi eskainitako informazio sortaren hondarretan, hamabost segundoan, kartzelan urte gehien eman duen preso europarraren berri eman baitzuten. Jose Mari Sagardui Jaengo kartzelatik nola irten zen baino ez zuten erakutsi. Labur-labur. Laburregi.
Dena den, asteartetik asteazkenerako gaua jo eta su lanean pasa zuen batek baino gehiagok. Atzo, salaketaz josita esnatu baitziren hedabide espainiarrak. Sagarduirekin batera aske gelditu zen Troitiñok ez omen ditu bete haiek nahi beste urte. Eta Faisan auzia, eta beste.
Komunikazioa. Ekografiak
Kazetarien zereginaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu