Ohitzea saihetsezina da. Nahiz eta egoera muturrekoa izan, nahiz eta osasunari kalte egin diezaiokeen. Areago, ohitzea izaten da sarritan erremedio bakarra. Ane Arregi Otxotorena Osasunaren Psikologiaren arloko EHUko ikertzailearen arabera, Europan 113 milioi biztanle bizi dira trafiko zarata handiegia den eremuetan; 22 bat milioirentzat, trena da buruhaustea; hegazkinak gogaitzen ditu lau miloi inguru, eta milioi batek industria jardueraren harrabotsa dute bizilagun. Jende mordo batentzat desatsegina da, halaber, etxetik lanera bidean gurutzatu behar dituzten kaleetako zalaparta, autobuseko solasaldi ozenak, edo kontzertuetako soinu eztanda. Ohitu egiten dira, ezinbestean, edo leku batzuetara joateari uko egiten diote. Edo, gero eta gehiagotan, zarata apaltzeko teknologia duten aurikularrak erabiltzen hasten dira.
Zer da zarata handia, baina? Bereizketa orokor bat egin du Arregik: badira zarata oso handitzat hartzen direnak, 85 dezibeletik gorakoak; eta bada ingurumen zarata deritzona, aurrekoa baino apalagoa izan ohi dena (55 dezibeletik gora), baina orobat kaltegarri gerta daitekeena. Zarata oso handiek zuzenean sortzen dituzte osasun arazoak —entzumenean, kasu baterako—, eta besteek zeharka eragiten dute ondoeza, Arregik azaldu duenez. «Ingurumen zaratak loa oztopatu dezake, edo zarata narritadura sortu. Zeharkako bide horrek estres erantzun bat eragiten du gorputzean, eta makina bat osasun arazo sor dezake epe luzera: arazo kardiobaskularrak, osasun mentalekoak, kalte kognitiboak eta alterazio metabolikoak, besteak beste».
«Ingurumen zaratak estres erantzun bat eragiten du gorputzean, eta makina bat osasun arazo sor dezake epe luzera: arazo kardiobaskularrak, osasun mentalekoak, kalte kognitiboak eta alterazio metabolikoak, besteak beste»
ANE ARREGI OTXOTERENAEHUko ikertzailea Osasunaren Psikologian
Gehiegizko zaratotsak aktibatu egiten ditu ardatz hipotalamiko-pituitario-adrenala eta nerbio sistema sinpatikoa, eta horiek hormona jakin batzuk jariatuz erantzuten dute: kortisola eta katekolaminak. Erreakzio hori ez da kaltegarria, ohiko estrategia bat baino ez da, eta gorputzak mekanismoak ditu aurreko egoera eta hormona mailetara itzultzeko, behin estres egoera amaitu denean. «Baina arazoa sortzen da estres erantzun hori kroniko bihurtzen denean», ohartarazi du Arregik. «Erantzun neuroendokrino hori etengabe ematearen ondorioz, gorputzak galdu egiten du hasierarako egoerara itzultzeko gaitasuna». Gainkarga alostatikoa deritzo: sistema immunitarioak modu ezohikoan aritzea eragiten du, eta hantura eta oxidazio estresa hauspotzen ditu; hain justu, prozesu horrek sortzen ditu kalteak.
Aukera ugari
Ingurumen zaratarekiko bereziki zaurgarriak dira haurdun dauden emakumeak, haurrak eta nerabeak, gaixoak, zaratarekiko sentsibilitate handia daukan jendea eta adinekoak. Eta hiritarrak dira, halaber, babesgabeenak, baita errepide nagusien ondoan dauden herrietako biztanleak ere, trafikoa baita gaur egun ingurumen zarataren iturri nagusia, EHUko ikerlariak nabarmendu duenez; batez ere, autoen trafikoa. Horrenbestez, jopuntu jakin bat izan ohi dute kutsadura akustikoa murrizteko hartzen diren neurriek: zoladuraren aldaketa, pneumatikoen marruskadura txikitzeko; gehiegizko abiadura moteltzea hirien eta herrien barruan; pantailak jartzea...
Hirigintzaren esparruan egiten diren esku hartzeak izan ohi dira eraginkorrenak, baina, hala ere, banakoek ere badute babes neurri propioak hartzeko aukera. Azken urteetan, esaterako, presentzia irabazten ari dira soinua apaltzeko aurikularrak, eta ugaritzen ari da haien eskaintza: gailu espezifikoak lotarako, musikarik ipini gabe ere inguruko soinua apaltzeko aukera ematen duten aurikularrak, edo hodi txiki bat duten tapoiak, jarduera sozialetarako propio onduak —zarata murrizten dute, baina aukera ematen dute solasaldiak entzuteko—. Are, OMEk entzumenaren galera prebenitzeko gomendatzen ditu, beste neurri batzuen artean.
«Zaratak buruko eta belarriko mina eragiten dit. Areago, baita gorputz fisikoagandiko bereizketa ere. Beraz, zarataren estimulua dela-eta, beste sentsibilitate batzuk areagotu egiten zaizkit»
ALIDES COSTAApnabiko erabiltzailea
Alides Costa Apnabi autisten Bizkaiko elkarteko erabiltzaileak duela sei urte izan zuen teknologia horren berri, sarean ezustean topatuta, eta orain dela lau urte eta erditik erabiltzen ditu gisa horretako aurikular batzuk, «azken bi urteetan sarriago», autismoan espezializatutako bere neuropsikologoaren gomendioz. Ikasgelan baliatzen ditu, baita metroan ere, eta, oro har, pertsonek eta haien jarduerek sortutako zalaparta dagoen leku guztietan. «Zaratak buruko eta belarriko mina eragiten dit. Areago, baita gorputz fisikoagandiko bereizketa ere —edozein lekutan gerta liteke—. Beraz, zarataren estimulua dela-eta, beste sentsibilitate batzuk areagotu egiten zaizkit».
Kasuan-kasuan erabiltzeko
Costa ez da salbuespena Apnabin: entzumen hipersentsibilitatea duten beste erabiltzaile batzuek ere zarata apaltzeko teknologietara jotzen dute, Isabel Exposito Kontsulten Arloko eta Aniztasun Sentsorialaren Ebaluazio eta Arreta Taldeko osasun psikologo orokorraren esanetan —autista guztiek ez dute entzumen hipersentsibilitatea, zehaztu duenez—. Alde positibo batzuk aitortu dizkio teknologia horri. «Onura bezala, lagun dezake gainkarga eragin dezaketen soinuak ezabatzen edo makaltzen. Hala, ingurunearen gaineko kontrol sentsazio bat eman dezakete, eta kontrolik ezak eragiten duen antsietatea murriztu». Izan ere, sarri askotan soinu jakin batzuk espero gabekoak izaten dira autistentzat, eta ezuste horrek eragin diezaieke antsietatea.
Prebentzio bezala ere erabil daitezke, era berean. «Batzuetan, pertsonak berak edo haren familiak badaki giro batzuetan dauden soinuak direla-eta zentzumen gainkarga bat izan dezakeela». Hala, aurrea hartzeko balio dezake teknologiak: aurikularrak ipinita, ez diote zertan uko egin jarduera sozialei, familia bazkariei eta bidaiei.
«Autismoa duten pertsona guztiek ez diote berdin erantzuten zarata apaltzeko teknologiari, eta batzuei kalte egin diezaieke»
ISABEL EXPOSITOApnabiko Kontsulten Arloko eta Aniztasun Sentsorialaren Ebaluazio eta Arreta Taldeko osasun psikologo orokorra
Edozelan ere, tentuz mintzo da Exposito: nabarmendu du egoki erabili behar direla, pertsonari edota haren familiari behar bezalako informazioa eman eta lagundu behar zaiola teknologia hori barneratzen, eta oinarrizkotzat jo du kasuan-kasuan egokitzea, eta erabilera ez orokortzea. «Autismoa duten pertsona guztiek ez diote berdin erantzuten zarata apaltzeko teknologiari, eta batzuei kalte egin diezaieke». Halakoak saihesteko, psikologoak gomendatu du erabiltzaileak moldatu ahal izatea gailuon konfigurazioa, bere beharretara egokitzen den apaltze optimoena ezarri ahal izateko.
Onurak onura, beste ñabardura bat egin du psikologoak: gailuok ez lirateke etengabe erabili behar, sozializazioari eta ingurunearen ikasketari ez eragiteko. «Beharrezkoa denean baino ez baditugu erabiltzen, modua egongo da estimulu jakin batzuk hobeto tolera ditzaten». Psikologoaren ustetan, komeni da tarteka baloratzea zer-nolako eragina duten erabiltzaileengan, haien bizi kalitatean, parte hartze sozialean eta ongizatean.
ZARATATIK BABESTEKO NEURRIAK
Isabel Exposito Apnabiko Kontsulten Arloko eta Aniztasun Sentsorialaren Ebaluazio eta Arreta Taldeko osasun psikologo orokorraren hitzetan, zarata apaltzeko teknologiak estrategia orokor baten parte izan behar du, inolaz ere ez hipersentsibilitaterako konponbide bakarra. Espektro autistaren nahasmenduren bat duen bakoitzak modu jakin bat du zentzumenak prozesatzeko —ikusmena, entzumena, ukimena, gustua, propiozepzioa...—, eta, beraz, egokitzapen pertsonalizatuetara jo beharra dago. Hori aintzat hartuta, badira egokiak izan daitezkeen neurri batzuk.
Leku lasaiak eta estimulu gutxikoak eskaintzea. Alide Costa Apnabiko erabiltzaileari, kasu baterako, lagungarria zaio musika klasikoa aditzea. Saiatzen da etxetik askotan ez ateratzen, eta, ateratzen denean, mugak ipintzen dizkio bere buruari. «Giro lasaiak bilatzen ditut beti, neure buruarekin gustura egon ahal izateko».
Argi eta zehatz komunikatzea. Eta denbora nahikoa ematea hartzaileak informazioa prozesatu dezan, Expositoren arabera.
Estimuluei aurrea hartzea. Adibidez, laguntza bisualak erabilita, soinu desatseginak etorriko direla jakiteko.
Ingurukoen laguntza eta ulerkortasuna sustatzea. Senideena, lagunena, hezkuntza arlokoena, aisialdikoena... Pertsona horri gertatzen zaionari buruzko informazioa helaraziz.
Estimulu desatseginak poliki-poliki jasotzea, modu kontrolatu batean. Pertsonak egokitzeko aukera izan dezan.