XIII. aldia izan arren, sineskerientzako tarterik ez zen izan atzo Mutrikuko Berdel Egunean. Giro ederrak, herritar askoren borondatezko lanak eta bertakoen zein kanpokoen ongi pasatzeko gogoak egun biribila izango zela iragartzen zuten goizean goizetik. Berdel Egunaren deiari erantzunez, eta egunak aurrera egin ahala, jendea herriko bazterretan azaltzen hasi zen poliki-poliki. Eguerdi alderako jendea zebilen non-nahi: Erdiko Kalean gora eta behera, tabernarik taberna, Zabiel plazan.... bakoitzak bere plantxoa egina zuen.
Bitartean, moilan zein elkarteetan jaiak aurrera egin zezan, hainbat lagun jo eta su ari ziren lanean. Eguerditik aurrera, Goiko Plazan bildu zen jende gehiena. Han, Elkartekoek merkatu txikia antolatua zuten, eta modu onean hainbat produktu eskuratzeko aukera izan zen. Handik tabernetara egin zuten askok. Batez beste, 30 kilo berdel jasoa zuten tabernariek berdel pintxoak prestatzeko, eta era guztietakoak eta gustu guztietarakoak egin zituzten. Pintxoen kalitate mailaren adierazle, jendearen jarrera izan zen:platerak sukaldetik irten orduko desagertu egiten ziren.
Sabela ez ezik, belarriak gozatzeko abagunea hartu zutenak ere asko izan ziren. Zabiel plazan batu eta herriko hiru abesbatzak emandako kontzertuarekin gozatu zuten. Errepertorioan denetarik egon zen, baina herriko kantuek eta batez ere itsas munduarekin lotutakoek zutenek tarte berezia izan zuten.
JAI HANDIA. Berdel Eguna gero eta ezagunagoa egiten ari da. Euskal Herriko txoko guztietako jendea bildu zen atzo festara. Arratsaldeko dastatzera joan zen jende multzoari erreparatuz gero, agerikoa izan zen hori. Baina jende kopurua ez zen arazo izan; 60.000 pintxo inguru zeuden portura hurbildu ziren guztien gosea berdintzeko: kroketak, berdel errea, jatetxeek bereziki sortutako pintxoak... Euro baten truke txartelak erosi eta nahi adina jateko aukera izan zuen jendeak.
Kiloka berdel tonaka jenderentzako
Eguzkia, ongi pasatzeko gogoa, herritar askoren borondatezko lana eta berdela izan dira Mutrikuko Berdel Eguneko errezetaren osagaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu