Asteburuko proposamenak

Kilometroen aldeko kirol dema

OrioZarauzko, Tolosako, Orioko eta Usurbilgo goi mailako kirolariak lehiatuko dira larunbat goizean

Iñigo Mujika, Sarai Lizaso, Hossain Kaanache eta Joseba Orella, Kirol Erronka aurkezten. AIORA LARRAÑAGA / UROLA KOSTAKO HITZA.
ainara arratibel gascon
2014ko martxoaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zazpi hilabete falta dira oraindik aurtengo Kilometroak festa egiteko. Orion egingo dute, urriaren 5ean, Erria Txikota! goiburu hartuta. Baina egun horri begira, kirolari onen pare, hasi dira giroa berotzen. Hain zuzen ere, kirol erronka batekin egingo dute, larunbatean. Orioko, Tolosako, Usurbilgo eta Zarauzko goi mailako kirolariek parte hartuko dute.

Iaz Tolosako Laskorain ikastolak antolatutako Erronka egitasmoaren harira antolatu du proba Orioko Herri Ikastolak. Goi mailako kirolariek egin moduan, Kilometroak egunean bertan ikasleen arteko Erronka bat jokatuko da.

Larunbat honetan, igerian, bizikletan, ergometroan eta korrika ariko dira kirolariak. 09:30ean egingo dute kirolarien aurkezpena, eta 10:00etan hasiko da lehia, igeriketa saioarekin. Segidan, bizikleta, arrauna eta lasterketako probak izango dira.

Proba bakoitza hamabost minutukoa izango da gehienez. Ez da erreleboka izango, baizik eta batetik bestera atsedenalditxo bat egingo dute. Amaieran, denbora guztiak gehitu, eta probak osatzeko denbora gutxien behar izan duen taldeak irabaziko du lehia.

Talde bakoitza lau partaidek osatuko dute. Parte hartuko duten kirolarien artean egongo dira, besteak beste: Hossain Kaanache korrikalaria, Eneritz Garmendia distantzia luzeko igerilaria, Sarai Lizaso arraunlaria eta Abraham Olano txirrindulari ohia.

Kilometroei begira giroa animatuz joatearekin batera, erronkaren helburua herritarren artean kirolarekiko zaletasuna zabaltzea da, eta gazteek astialdirako aukera moduan ikustea. Duela sei urte antzeko egitasmo bat antolatu zuen Kaanachek berak, eta arrakasta dezente izan zuen. Horri segida eman nahi diote.

Dena den, hori ez da izango Kilometroei lotuta larunbatean Orion egingo den ekitaldi bakarra. Izan ere, kirolarien arteko erronka amaitzean, Mosaikoa izeneko proba jokatuko da ikasleen artean. Ikasleek Erronkan parte hartuko duten goi mailako kirolarien laguntza izango dute. Memorizazio proba da Mosaikoa. Parte hartzaileek irudien sekuentziazioa egin beharko dute 30 minutuz, eta, ondoren, hurrenkeran jarri beharko dituzte.

KIROL ERRONKA

Non: Orion (Gipuzkoa).

Noiz: Larunbatean,10:00etan.

Parte hartzaileak: Zarauzko, Usurbilgo, Orioko eta Tolosako goi mailako kirolariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.