Kirolak bizi zuen laguna

Antiguako itsasoan desagertu zen Dina Bilbao kirolaria eta bidaiaria, 1997an; hark egunerokoan idatzi zituenak bildu dituzte 'Dina. Bizitza eta kirola ibilbidea' liburuan.

Triatloi txapelketak eta bidaiak tartekatuz bizi zen Dina Bilbao. DINA. BIZITZA ETA KIROL IBILBIDEA.
Araitz Muguruza.
2014ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Nagore Salaberriak (Irura, Gipuzkoa, 1979) piraguako ikastaroa jaso zuen uda hartan ez zuen pentsatuko Dina Bilbao irakaslearen biografia idaztera iritsiko zenik (Ondarroa, Bizkaia, 1960- Antigua, Antilla Txikiak, 1997). Hamar urte zituen orduan, eta ikastaro hura izan zuen Dina Bilbao triatletarekin izan zuen harremanik gertukoena. Kirolari profesionala zen orduan, ezaguna nazioarteko kirolean. Joaten zen lekura joanda ere, koaderno bat aldean eramaten zuen, eta bizitzan idatzi zituen pasarteak eta lagunen testigantzak bilduta osatu du Salaberriak Dina. Bizitza eta kirol ibilbidea liburua.

«Baditut triatloian aritzen diren lagunak, eta haiek bai, izan zuten harreman estuago bat; nik, ordea, beste kirol batzuetan aritu nintzen, eta ez nuen gehiago ezagutzeko aukerarik izan». Gertukoagoak ditu Bilbaoren kuadrillakoak, etahaiek eman zioten Ondarroako Udalak abiatutako Ondarroako kirolariak historian zehar bekaren berri. «Kontaktuak bertatik bertara neuzkan, eta proposamena onartu egin nuen, askorik pentsatu gabe». Hiru atal nagusi ditu liburuak: haurtzaroarekin lotua dagoen Ondarroa, gaztaroarekin lotutako Tolosa, eta helduaroan bizileku izan zuen Antigua. Han desagertu ziren Bilbao eta Iñigo Ross laguna belaontzian bidaiatzen zihoazela, denborale batek harrapatu ondotik.

Triatloiak egin zuen, batez ere, ezagun Dina Bilbao, baina kirola ulertzeko zuen erak eraman zuen hura ezagutu zutenentzat pertsona maitagarri izatea. «Kirolaren bitartez ezagutu zuen mundua, eta aitzakia harekin bidaiatu zuen Groenlandiara eta Artikora, besteak beste». Espedizio horiek kuadrillako lagunekin egin zituen. Bidaiak eta kirola ziren bere bi pasioak, eta horietan oinarritu zuen bere bizitza. «Kirola bizimodu baino gehiago, kirolak bizi egiten zuen», zehaztu du Salaberriak.

Oso naturala eta bakarra zen Bilbao. Ideiak argi izaten zituena. «Egiten zuena oso seguru egiten zuela nabari zen; egin asmo zuen hori egiteko ez zion bere buruari oztoporik jartzen, eta ez zien bere ingurukoei ere ipintzen». Feminismoa indarra hartzen ari zen garaian hasi zen txirrindularitzan eta triatloian; horregatik, emakumezko kirolari eredugarria izan zela uste du Salaberriak. «Erraztasun osoz egiten zuen dena; kanpotik ikusi egiten zen hori, nola posible zuen emakumezko batek txirrindulari izan edo triatleta; bultzatu egiten zuen». Gaur egun puntako kirolaria den Virginia Berasategik Bilbaori buruz egindako adierazpenak gogoratu ditu Salaberriak. «Berasategik esan zuen behin kirolerako eta bizitzarako hark zuen filosofia eredugarria izan zela. Harekin egin zituen nazioarteko lehiaketetara lehenengo bidaiak». Egun, eliteko kirolaria da. «Ezagutu zutenen artean jarraitu du Dinaren espirituak», gaineratu du Salaberriak. Dina Mendikute ere haren ondorengotzat hartzen dute.

Bilbaok argi zuen bazuela zer aldatu edo transmititu, eta horretan ahalegintzen zela uste du Salaberriak. «Bizi osoan erakutsi zuen jarrera hori, eta horren alde egin zuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.