Komunikazioa

Kirolarien babesean aurkeztu dute Euskadi Irratiaren 30. urteurrena

Fermin Etxegoienek 'Musikatea' saio berria aurkeztuko du, eta Juan Garziak, maitasun kanten 'Musu min'

EITBko kideak eta zenbait kirolari ezagun, atzo, Donostiako San Telmo museoaren aurreko plazan. EITB.
Donostia
2012ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Euskadi Irratiak 30 urte beteko ditu azaroan. Horren harira, Donostiako San Telmo museoan elkartu dira urteurrenaren omenez atera duten kamiseta aurkeztera.

Felipe Juaristik, Euskadi Irratiko zuzendariak, honako hau adierazi du: «30 urte iraun badu, maitasunagatik iraun du, gizarteak jarritako maitasunagatik, langileok jarritako maitasunagatik». Nahiz eta egungo garaiak emankorrenak ez izan, hauxe gaineratu du: «Denboraldi berri baten hasieran gaude, eta pozik egoteko motiboak dauzkagu. Poza dakarrena beti da ona». Horrela, Kukuxumuxu euskal arropa markarekin hitz egin ostean, diseinu orijinaleko kamiseta aurkeztu dute, bai mutil eta bai neskentzat, lau koloretan: beltzean, berdean, urdinean eta grisean. Irudi bat du kamisetak: mikrofono bat zintzilik, eta bertatik ateratzen den hotsa, ahotsa: bihotz bat, punpaka, taupadaka, dardaraz. Koldo Aiestaran Kukuxumuxuko arduradunak «diseinu sinplea eta esanguratsua» dela adierazi du. «Maitasuna irudikatu nahi izan dugu; baita irratiak duen gertutasuna, hurbiltasuna eta lekukotasuna ere», gaineratu du. Bihotzaren marrazkiak «irratiak sentimenduak erakusteko duen berezko joera» islatzen du, eta «bizitzaren taupada eta urratsak entzuteko ematen duen aukera» irudikatu nahi izan dute.

Programazioan, bi berrikuntza

Urteurreneko kamisetaz bete da San Telmo museoa. Tartean, Alberto Surio EITBko zuzendari nagusia eta Javier Torrontegi EITBko irratietako zuzendaria egon dira. Gainera, Euskadi Irratiko kurtso berriko hainbat aurkezle ere izan dira. Musikatea saioko Fermin Etxegoien han egon da, esaterako. Faktoria saioko Manu Etxezortuz gain, Maite Artola izan da. Faktoria saioa indartzea erabaki dute, eta berrikuntza modura Maite Artola esatari moduan ibiliko da, Andromeda saioan ibili ostean. Mezularia-ko Jaime Otamendi ere bertan izan da, eta Oilategia-ko Mikel Pagadizabal, Ilaski Serrano eta Jon Iraola ere bai. Iraolaren ustez, 30. urteurrena «euskal hedabide batentzat albiste bikaina da, pozteko modukoa». Oilategia-k hirugarren urtea beteko du aurten: «Egunerokotasuna umorez lantzen jarraituko dugu, orain arte bezala, entzuleak denbora atsegin bat igaro dezan».

Bestalde, hamaika kirolari ezagun izan dira, aurkezpenari kolorea emanez: Leire Olabarria txirrindularia, Mikel Odriozola atleta, Lucia Ibarra hockey jokalaria, Inaxio Perurena harri-jasotzailea, Mikel Orbañanos arraunlaria, Josune Bereziartu eta Rikar Otegi eskalatzaileak, Ander Vilariño auto gidaria eta Oinatz Bengoetxea pilotaria. Aurrelari nafarrarentzat, «plazera da horrelako albiste bat, euskarazko hedabide bat izanik 30 urte betetzea. Beste 50 edo 100 urtean jarrai dezala».

Programazioan bi berrikuntza nagusi egongo dira: Fermin Etxegoienek aurkeztuko duen Musikatea saioa eta Musu min programa, Juan Garziak gidatuko duena. Musu min, Juan Garziaren hitzetan, «amodiozko kantez osatutako programa da. Asko ezezagunak izango dira; izan ere, aukera zabala dago amodiozko abestien barruan, euforiatik melankoliaraino». «Saio berrian mundu osoko kantak izango dira, edo iristen garen hizkuntza eta kultura guztietakoak, behintzat», gaineratu du.

30. urteurrenaren gala, gaur

Gaurko, gala bat antolatu dute Euskadi Irratiaren 30. urteurrenaren harira, Bilboko egoitzan. Carlos Soberak eta Ilaski Serranok aurkeztuko dute, 19:00etatik aurrera. Politika eta gizarteko ordezkariak gonbidatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.