Gorriz jantzita iritsi da. «Lehen begiradan ezagut nazazun». Ziburun bizi da (Lapurdi), eta zubia igaro du Donibane Lohizunera iristeko. Margarita Martinek (Zaragoza, Espainia, 1955) erretiroa hartu du, baina haren jakin-minak ez. «Goizeko gandua laino bihurtu da», esan du Larhun mendiari begira. «Bazenekien Ziburun Zugarramurdin baino emakume gehiago erre zituztela sorginak izateaz akusatuta?», galdetu du hurrena. Galderen erritmoan ematen ditu arrapostuak. Kritiken erritmoan argudioak.
Andorran igaro zenuen haurtzaroa. Zer oroitzapen duzu garai hartaz?
Nire haurtzaroko Andorra hura kontrabandoari esker bizi zen, eta nire aita arduratzen zen kontrabandoa erreprimitzeaz. Urtzaroaren soinua ere gogoan daukat. Uraren urtzaroak soinu berezia baitauka: erritmo berezia, kolore berezia eta distira berezia. Deskribatzeko ez da batere erraza. Baina gure leihoak Valira ibaira ematen zuen, eta soinu ura gogoan daukat oraindik.
Jaio zinen egunean, sekulako ekaitza bota omen zuen.
Eta hilabete gutxira, sekulako hotzaldia iritsi zen: -32 gradu Zaragozan. Amak ezin ninduen kalera atera ere egin. Baina tenperatura -20ra igo zenean, aitak erabaki zuen eguraldi ederra zegoela, eta pasieran atera ninduten. Egun hartako argazkiak dauzkat.
Meteorologo guztiek lotzen dituzue oroitzapenak eta fenomeno meteorologikoak?
Baliabide mnemotekniko bat da. Memoria pribilegiatua dudala esaten didate, baina ez da hala. Memoria hezi dut, balekoa izan dadin. Gure familian beti egon izan da ahozko transmisioa, eta uztartu izan ditugu gertaera historikoak familiako pasadizoekin.
Ama Nafarroakoa zenuen; aita, Palentziakoa. Zer oroitzapen duzu haiei buruz?
Ama bizi da oraindik: 100 urte dauzka. Eta aita ere duela gutxi hil zen: 95 urte zeuzkan. Amak eragin handia izan zuen nigan. Geografian eta Historian lizentziatua zen. Geografian aditua zenez, asko zekien klimatologiari buruz. Katedraduna zen, eta Espainian institutu batean izandako lehen emakumezko zuzendaria. Madrilgo auzo batean.
Eta aitarengandik, zer jaso zenuen?
Nortasuna. Bereari eusten zion beti; galbideratu ezina zen.
Zertan aritzen zen, bada?
Militarra zen. Jeneral baten alaba naiz. Guardia zibil baten semea zen. Baina berak zioen ez zuela karrera militarra egin jendea hiltzeko, legea eta ordena defendatzeko baizik. Ez zuten sekula Euskal Herrira destinatu.
Hainbeste tokitan bizitzeak markatu zaitu, nolabait?
Zazpi ikastetxe ezagutu nituen. Horrek baditu bere abantailak: giro guztietan moldatzen dakizu, bizirik irauten dakizu, eta zeure burua irekitzen dakizu, onar zaitzaten. Baina eragozpen handi bat ere badauka.
«Lehen eguraldi ona ez zen iragartzen. Turismoa izan da ingurumenaren kontra egin den erasorik handiena»
Zein?
Deserrotzea. Gure familia diaspora batean bizi izan da beti.
Zergatik erabaki zenuen meteorologia ikastea?
Oso gustuko nuen batxilergoan Fisika klaseak eman zizkidan irakaslea. Duda izan nuen: Fisika ikasi edo Filosofia ikasi. Niri, izan ere, fisika teorikoa gustatzen zitzaidan: jatorriaren jatorria. Baina esan zidaten Filosofia ikasten banuen ez nuela lanik izango. Fisikak ere ez zeukan aterabide handirik, egia esan [barrez].
Meteorologo gisa bai, hor nonbait.
Karanbolaz karanbola iritsi zen dena. Berriz ere deserrotzea erabaki nuen: karrerako hirugarren mailan, 20 urte nituela, 21 urte zeuzkan batekin ezkontzea. Etxetik alde eginda geunden ordurako. Oso gaizki ikusita zegoen hura.
Etxetik alde eginda?
Franco hil baino astebete lehenago joan nintzen etxetik, alderdi komunistan militatzen nuelako. Sekulako arriskua zen etxean gelditzea. Ez nintzen sekula gehiago bueltatu. Franco hil zen egunean, pisu batean geunden nire bikotekidea eta haren ikaskide bat, moketa baten gainean, hotzak garbitzen. 07:00etan jaiki nintzen, ez genuen jatekorik ere, eta okindegira jaitsi nintzen. Litro bat esne eta ogia eskatu nituen. Lauki markakoa zen esnea. Plastikozko poltsa batean zetorren. Ez dut sekula ahaztuko. Ordaintzen hasi nintzenean, zera esan zidan okinak: «Gaur debalde da». Orduan jakin nuen Franco hil zela. Igo nintzen pisura, eta lo seko zeuden beste biak. Esan nien: «Jarri irratia, jarri irratia, gertatu da!».

Madrildik Bartzelonara joan zinen.
Bikotekideari Girona egokitu zitzaion soldadutzako zozketan. Oso maiteminduta nengoen orduan. Lekualdaketa eskatu nuen Bartzelonako unibertsitatera. Eta lanean hasi nintzen bera mantentzeko. Faktura guztiak pagatzeko. Eta meteorologiarekin egin nuen topo.
Beste karanbola bat?
Unibertsitate Autonomoan matrikulatu nintzen. Eta matrikula egin nuen egunean, nire amaren alboko herriko neska batekin egin nuen topo idazkaritzan, Valtierrako batekin, Maria Jesus Jasorekin. «Baina zer egiten duzu hemen?», galdetu zidan. Ni baino bost urte zaharragoa zen. «Ezkondu egin naiz, eta senarra hemen ari da soldadutza egiten», esan nion. Hura ere Fisika ikasten ari zen. Eta esan zidan gaizki egin nuela matrikula. 1977a zen —portzierto, urte horri Udarik gabeko urtea esaten zaio klimatologian—. Normalizazio linguistikoa ezarri zuten urtea zenez, irakasle batzuek katalanez eman zezaketen euren ikasgaia, eta Maria Jesusek esan zidan ez niela ezer ulertuko. Ikasgai batzuk borratu eta beste batzuk hartu nituen, beraz. Atmosferaren fisika hartzeko esan zidan, irakaslea Sevillakoa zela, eta hari ongi ulertuko niola. Oso irakasle bereziak izan nituen.
«Pentsatu dute adimen artifizialarekin eguraldi iragarpenak egitea. Ederki. Bada, nik desafio egiten diet. Ea zer gertatzen den»
Zeintzuk?
Mutur batetik besterakoak: Enrique Casas eta Alejo Vidal-Quadras, esaterako. Bata senatari sozialista izan zen gero. Bestea, Kataluniako PPko presidentea eta Vox alderdiaren sortzailea.
Ama gaztea izan zinen.
22 urterekin eduki nuen lehen alaba. Meteorologiako hiru oposizioak egin nituenean, jada bi seme-alaba nituen, eta dibortziatuta nengoen. Kontziliatu? Nik dena bakarrik egin nuen.
Zaragozan, zure lehenengo lanean, meteorologo nagusiak ez zizun askorik lagundu...
Bartzelonan, bigarren aldiz dibortziatu nintzenean, alaba gazteenak, hirugarrenak, 3 urte zituen. Bi lekualdaketa eskatu nituen: Zaragozara bata eta Donostiara bestea. Zaragozako bulegoan oso adeitsuak izan ziren, baina meteorologia zentroa harpeetako gizakiz beteta zegoen. Meteorologo nagusiak zera esan zidan bigarren egunean: «Praktikak egiten ari zarenez, hartu hau eta garbitu ezazu mesedez hodeien koadro hori». Tiradera ireki eta hautsarentzako trapu bat atera zuen. Hartu nuen trapua, eta aurpegira bota nion. Hor nonbait, aspaldi inork astindu gabe zegoen, eta hautsez bete zen [barrez]. Niri buruz zera idatzi zuen: «iraultzaile arriskutsu bat» nintzela.
Eta Donostian, Igeldoko behatokian, zer topatu zenuen?
Erabateko desordena, utzikeria eta axolagabekeria. Ez zuten ordutegirik eta funtziorik betetzen. Sekula ikusi gabe nengoen halakorik. Administrazio frankista baten eredu erabatekoa zen oraindik. Eroso bizi ziren. 09:00etatik 14:00etara joaten ziren lanera. Arratsaldeko produktibitatea kobratzen zuten, arratsaldeetan lanera joan gabe. Terrorismoari esker bizi ziren horrela. Inor ez zen ausartzen kargu hartzera, bestela zentroa itxi egin beharko zutelako. Ezin zituzten kaleratu; funtzionarioak ziren. Bizizale asko egon da hemen. Dramatikoa izan zen ordutegia betearaztea; dramatikoa. Ondorioa? Lan jazarpen kasu bat, nire kontra, eta sindikatuen babesarekin.
Eta egia da Donostiako behategi historikoan hasi zirela eguraldi onaren iragarpenak egiten?
Lehen, eguraldi ona ez zen iragartzen, turismorik ez zegoelako. Nork egiten zuen turismoa? Gorteak eta burgesek. Turismoa izan da planeta honetan ingurumenaren kontra egin den erasorik handiena. Turismoak dena deforestatu du, eraikinak egiteko. Turismoak arrantzarako ziren portuak desegin ditu. Turismoak identitatearen galera ekarri du.
Meteorologia izan al da zientziaren ahaide pobrea?
Erabat, eta oraindik ere horrelaxe da. Zientzialari puru askok ez dute oraindik meteorologia zientzia gisa ikusten. Zientzia baten aplikazio gisa ikusten dute, baina ez zientzia baten gisa.
Ezagutu zenuen Pello Zabala?
Bai! Oso-oso ona zen. Niri asko irakatsi zidan. Batez ere, fenologiari buruz.
Nola?
Esaten zidan, udaberria iragartzeko, zuhaitzei erreparatu beharra zegoela. Hori egiten zuen Pellok berak Arantzazun: lizarra haritza baino lehen ernatu ote zen ikusi, edo haritza lizarra baino lehenago. Txoriei erreparatzen zien. Izen-abizenez ezagutzen zituen denak. Ni pasieran ibilitakoa naiz harekin. Gerturatu egiten zitzaizkion eta ezagutu egiten zituen! Izenez! Eta ez naiz ari izen zientifikoari buruz. Berak jarritako izenei buruz baizik. Hori nik nire begiz ikusi dut. Beti utzi izan diet pertsona helduei irakasten. Pellok urteak zeramatzan datuak hartu eta hartu. Eta sekulako burua zeukan.
«Arazoa da zientzia interes ekonomikoen aurrean makurtu dela. Meteorologia ere merkatarien esku gelditu da»
Eta bertakoa zen.
Hori da. Hor dago errotzearen garrantzia. «Hau» gertatu zen urtean, uda halakoa izan zela. Eta «bestea» gertatu zen urtean, uda bestelakoa izan zela. Eta hori guztia galdu egin da, Pello Zabala hil egin delako. Informazio hori ez duelako inork jaso. Arazo bat daukagu jakintzaren transmisioarekin. Erretiroa hartzen dugu, bagoaz, eta ez dugu ezer transmititzen.
Baina teknologia orain beste bat da...
Bai zera! Orain bizi duguna teknokraziaren distopia bat da. Pentsatu dute adimen artifizialarekin eguraldi iragarpenak egitea. Ederki. Bada, nik desafio egiten diet: egin dezatela iragarpen bat adimen artifizialarekin, eta beste bat adimen naturalarekin; ea zer gertatzen den. Eguraldi iragarleen formakuntza falta da arazoa. Lanpostura iristen direnean, aurretik lanpostu horretan zegoena joana da jada. Lanpostu horrek hilabeteak daramatza bete gabe. Inork ez dio iritsi berriari harrera egiten. Lehengoa ez dago, eta lankide asko telelanean ari dira. Askotan, mahai huts batean eta bakar-bakarrik sentitzen da. Inork ez dio ezer esplikatzen. Horregatik, huts asko formakuntza faltarengatik gertatzen dira, ez datu faltarengatik. Datuak interpretatzen ez jakiteagatik. Datuek, gainera, ez dute esanahi berbera toki guztietan.
Nola da hori?
Datuak interpretatzen ez badakizu, jakin behar duzun lehen gauza da zona horretan zer den normala eta zer ez den normala. Eta adimen artifizialak ez daki hori egiten.
Gehiegizko fedea teknologian?
Hori da. Modeloetan erabat sinistea. Zer gertatu zen Valentzian? Modeloek ez zituzten 170 litro baino gehiago ematen. Nik garbi neukan 500 izango zirela. 1987ko azaroan, Gandian, 900 litro erori zirenean; ni iragarle gisa nengoen. Eta alerta eman nuen. Zergatik? Palman berrogei urte zeramatzan meteorologo batek esan zidalako: «Honek 1957an gertatu zenaren antz handia dauka». Eta bete-betean asmatu zuen. Eta sekula ez zuen lanik egin modeloekin. Horiek gure belaunaldiak ekarri ditu. Horregatik diot gaur egungo meteorologo askok formakuntza falta handia dutela klimatologian. Hori baita gehien laguntzen duena iragarpenak egiteko orduan. Makinak datuak eta datuak ematen ditu, baina hor ez dago kontrolik. Makinak ez ditu hodeiak begiratzen, ez dio itsasoari erreparatzen, ganduari, galernei. Makinak ez die horiei begiratzen. Makinak ez daki izotzik ote zegoen, edo elurrik. Behaketa automatikoa behaketa degradatua da gehienetan. Besteetan, hutsala da; ez da existitzen. Behaketa automatikoa digitalizatu egiten da, automatizatu egiten da, eta kanpora ateratzen da; azpikontratatu egiten da. Eta mantentze lanetarako kontratuak egiten dira gero.
Baina ez du klima aldaketak guztiaren errua?
Bai, noski. Valentziako tanta hotzarena ere bai. Eta ez da egongo erantzulerik. Klima aldaketarena aitzakia hutsa da. Askotan, negozio perfektu bat egiteko balio du. Beste batzuetan, erantzukizunak lausotzeko. Kasualitatea izango da, baina 1987an, Valentziako eremu hartan ez zen hildakorik izan. Eta urak hartu zuen orduan ere. Baina orduan han ez zegoen etxebizitzarik. Eremu hartan etxeak egiteko lizentziak eman zituztenek ere izango dute erantzukizunen bat, ezta? 1990eko hamarkadaren amaieratik zegoen hori guztia uholde arriskuko eremu gisa izendatuta. Errua klima aldaketarena bada, ez da argituko benetako erantzuleak nor diren.
Baina inoiz baino muturreko fenomeno meteorologiko gehiago gertatuko dira aurrerantzean?
Inoiz baino gehiago? Baina noiz da «inoiz»? Horrela hitz egitea hitz egiteko modu zehaztugabea da, eta ez da zientifikoa. Esan behar dena da: «Muturreko fenomeno meteorologikoak zona honetan XIX. mendean x izan ziren, eta XXI. mendean x gehiago izango dira». Zehaztu iezadazu. Arazoa da zientzia interes ekonomikoen aurrean makurtu dela. Orain, horrela hitz egin daiteke, eta zientzialari batzuek horrela hitz egiten dute komunikabideetan. Datuak, datuak eta datuak. Eman niri datuak. Meteorologia ere merkatarien esku gelditu da. Bizi garen ekonomia liberal honetan beste guztiarekin gertatu den bezala.