Zientzia

Klima aldaketari aurre egiteko ikerketa Oka ibaian

Oka ibaiko estuarioan kanpaina ozeanografikoa egin du nazioarteko geologo talde batek; tartean bi euskaldun daudeBildutako datuak klima aldaketaren eraginei aurre egiteko baliatu nahi dituzte

Ikerketa taldeko geologo bat, ur azpian, itsasadarrari buruzko datuak hartzen. ELEONORA MANCA.
Adrian Garcia.
2011ko ekainaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) geologo ikertzaile talde bat Oka ibaiaren estuarioaren bokalean aritu da azken astean, kanpaina ozeanografiko bat egiten. Urdaibaiko Biosfera Erreserban dago Okaren itsasadarra, eta estuarioaren behealdean harea gehiegi pilatu da itsas mailaren gorakadaren ondorioz. Arazoari konponbidea emateko, estuarioan datuak bildu ditu zientzialari taldeak. Eusko Jaurlaritzaren K-Egokitzen II egitasmoaren barruan egin dute ikerketa. Klima aldaketak ingurunean izan dezakeen eragina neurtzea eta ondorioei aurre egiteko kudeaketa egokia egitea da egitasmoaren xedea.

EHUko Harea ikerketa taldeko Alejandro Zearreta eta Manu Monge doktoreek parte hartu dute ikerketan, Southampton (Ingalaterra) eta Alghero (Italia) unibertsitateekin elkarlanean.

Itsasoaren maila 1,8 eta 5milimetroren bueltan igotzen da urtean, eta horrek eragin ditzakeen ondorioak neurtu dituzte zientzialariek. «Itsas maila igotzearen ondorioz, harea gehiago sartzen da itsasadarrean ateratzen dena baino», azaldu du Manu Monge doktoreak. Harearen pilatze horrek, itsasadarraren azalean hareazko tapiz bat sortzea eragin du. Harearen pilaketak ekosistema arriskuan jar dezake, ikerlarien aburuz. Izan ere, hondo hareatsuen ugaritzeak lohi guneen hedadura murriztea dakar. Lohi gune horietan biodibertsitate handia biltzen da. «Hegaztien elikaduran eragin zuzena du gune horien desagertzeak, bertan baitaude haiek behar dituzten elikagaiak», dio Mongek.

Itsasotik barnealdera doazen ingurune sedimentarioek —hondartza, hareazko lautadak, padurak…— kalteak izango lituzkete harea pilatuta. «Harea aurrera badoa, ingurune sedimentario horiek atzera joango dira, ahal baldin badute behintzat», esan du Mongek. Dike bat edo etxebizitzak baleude, oztopo horretara iritsi ahala desagertuz joango lirateke ingurune sedimentario horiek. «Hori eragozteko, adaptazio neurriak hartu beharko dira», dio Mongek. Oraindik oso goiz bada ere ikerketak eskainitako datuak interpretatzeko, Mongek arazoa konpontzeko hartu beharko liratekeen hainbat neurri bota ditu: «Ahal bada, dauden oztopoak kendu eta ureztatzen utzi beharko dira atzean dauden eremuak».

Itsasadarraren marea, korronteak, sedimentuen garraioak, presioak eta beste hainbat parametro neurtzen ibili da ikerketa taldea. Ekainaren 7an hasi zuten landa lana, eta iragan asteartean bukatu. Bildutako datu horiek prozesatu beharko dituzte orain. Luze joko du neurtutako datu horiek guztiak analizatzea, Monge berak azaldu duenez.

Informazio gutxi

Southamptongo Ozeanografia Zentro Nazionalak eta Algheroko Unibertsitatetik etorritako ikerlariek ikerketari ekarpen handia egin diote. Southamptongo Unibertsitateko Carl Amos da dinamika sedimentarioko ikerketa burua. Eskarmentu handia du Southamptongo taldeak, antzeko ikerketa ugari egin baitituzte. «Venezian, Kanadan eta Erresuma Batuko hainbat itsasadarretan egin dituzte horrelako ikerketak», adierazi du Mongek. Euskal Herrian egin den gisa horretako ikerketa bakarra Mongek berak egin du; Oka itsasadarrean, hain zuzen. «Ez daukagu informazio askorik itsasadarretako datuei dagokienez. Bide laburra egin dugu orain arte; hamar urteko datu masa kritikoa besterik ez dugu. Horregatik behar dugu elkarlanean aritzea kanpoko unibertsitate horiekin. Guk ez ditugun hainbat lan tresna dituzte, gainera».

Algheroko Unibertsitateko ikertzaile Eleonoroa Manca urpekari profesional eta argazkilariaren laguntza izan dute. «Prozesu informatikoak eta estatistikoak kudeatzen aditua da, eta horretaz arduratzen da». Orotara sei lagunek osatzen dute ikerketa taldea: bi euskal herritarrek, bi ingelesek, kuwaitar batek eta italiar batek.

Ekosistemak sistema oso dinamikoak eta elkarri lotuta daudela esan du Mongek. «Kostaldea ez da argazki finko bat, dinamikoa da, eta berau kudeatzetako orduan gauzak ezin dira finkotzat eman. Ezin da betiko azpiegiturarik ipini». Sistemaren dinamika aztertu beharra dagoela azpimarratu du Mongek. Horretarako, baina, denbora behar da, datuak hartu behar baitira. «Guk ditugun datu historikoak apurrak dira, eta momentu honetan datu base bat ari gara sortzen, geroz eta handiagoa». Datu horiek kostaldearen kudeaketarako erabilgarriak izango direla dio Mongek. Esaterako, hondartzan zakarrontziak non ipini jakiteko, nabigaziorako, etorkizunean zer jarduera ekonomiko ezer daitekeen jakiteko...

Kostaldea sistema dinamikoa denez pilatutako harea dragatzea ez dela komeni dio Mongek. «Sistema nolabaiteko oreka dinamiko batean dago. Dragatzean oreka hori apurtu egiten da, eta erantzuna askoz ere bortitzagoa izaten da», azaldu du. 2003an egin zen dragatze bat monitorizatu zuen Mongeren ikerketa taldeak. 35 hilabeteren ondoren, dragatu zen baina askoz ere harea gehiago bildu zen eremu berean. «Kostaldeko morfologiak bertan dauden indarren orekari erantzuten dio. Gauzak horrela daude, horrela egon behar dutelako». Geologian doktoreak dioenez, zenbat eta esku hartze txikiagoa, orduan errazagoa gauzak beren onera itzultzea.

Gizakiaren beharrizana bete behar delakoan dago Monge. Baina beharrizan horiek muga batzuk dituztela gogorarazi du. «Sistemak berak jartzen ditu mugak, baina, horretarako, sistema aztertu beharra dago. Nola? Zientziaren bitartez, eta horretan gabiltza gu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.