Behin-behinean baztertu dira Teilape gunea, kioskoa, San Nikolas elizaren parea eta bestelako izendapenak Areatzan barrena orientatzeko. Elementu arkitektoniko horien laguntzarik gabe, koloreen bitartez soilik zehaztu daitezke jai eremuaren bazterrak: Bailen kalea urdinez tindatzen du Algararen txosnak; Arriaga antzokiaren atzean, txirikorda estu bat osatzen dute Kaixoren moreak, Payaren urdinak eta Kaskagorriren gorriak; itsasadarraren ertzari itsatsita ageri dira Hau Pittu Hauren morea eta laranja, Txori Barroteren zuri-beltza, eta Satorrak konpartsaren horia. Berdeak izan ohi dira Mekauen, Eguzkizaleak eta Hor Dago Abante. Baina, aurten, ñabardura egin beharra zaio urteroko mapa kromatiko horri: Bizkaiko Foru Aldundiak datorren urterako ezarri nahi duen Ticket Bai sistema gaitzesteko, Bilboko Konpartsen Federazioak Txosnak. Gureak, denonak kanpaina abiatu du, eta jaietan ere islatu gura izan dute egitasmoa, kolore arrosa gehituta txosna guztien dekorazioetan. Kokatzeko ez ezik, elkartzeko ere balio du koloreak.
Hala, Areatza jada ez da aurreko urteetan bezain horia, edo morea, edo gorria. Algararen txosnan, kasik hondarreko bilakatu da urdina, arrosaz margotu dituzte eta paneletako gehienak. Disimulatuagoa geratzen da, ordea, Zorrotza auzoko Txinbotarrak-en txosnan, lila baita konpartsa horren kolorea. Hortaz, federazioaren ebazpenak buruhauste gutxi eragin dizkie Zorrotzakoei, sarri erabiltzen duten tonua da eta, Loredi Etxebarria kidearen esanetan. Aurtengo gaia asmatzen ere, neke gutxi: konpartsak hogei urte egin ditu, eta efemeride horretatik tiraka ondu dute dekorazioa. Txinboz bete dituzte panelak. «Ustez, txori bakoitzak konpartsaren urte bat irudikatzen du», azaldu du Gorka Morte konpartsakideak, irribarrez, eta hark eta Etxebarriak errepasoa egin dute jarraian: diseinua Delorean autoan oinarritu zutenekoa, «iraganera itzulera» irudikatzeko; buruan oskol zati bat duen txinboa, 10. urteurrenekoa; txinbo txupineroa; «Azkuna txerriak»... Eta barraren aurrean, Sader-Profersa kanpora, letra handiz idatzia. «Beti egiten dugu protesta Saderren aurka, auzokide guztiok akabatzen ari baita, poliki-poliki», nabarmendu du Etxebarriak esku batekin sudurra tapatzearekin batera, enpresak eragiten duen usain txarra adierazteko.

Txosnako beste alde batzuk legez, konpartsek aspalditik izaten dituzte zehaztuta diseinuaren nondik norakoak. Zehazki, aratusteetarako argi izaten dute, gai bera jorratzen baitute mozorroetan eta txosnetan. «Inauterietan, nahi dugun hiri mota ikusarazi genuen», esplikatu du Aiala Zurimendi Hau Pittu Hau konpartsa euskaltzaleko kideak. Ametsetako hiriaren ezaugarriak nabarmentzeko erabili dute kolore arrosa: bi adineko solasean, kalearen erdian; tokiko merkataritzaren presentzia indartsua, okindegi batek eta fruta denda batek ordezkatua; feminismoa; euskara... Horren aldamenean, grisez, «kontrola» ezartzen duten hainbat adibide: Polizia, sakelakoak, etxebizitza turistikoak, lokal hutsak. Lelo batean laburbildu dute ideia: Herri grisari, atera koloreak. «Zer motatako hiria nahi dugun aldarrikatu nahi dugu horrekin: koloretsua, alaia, parte hartzailea, denontzat, denona, eta herrigintza sustatzen duena», zehaztu du Zurimendik.
«Beldurraren industria»
Komunitateari keinu egin diote, halaber, Sin Kuartel konpartsa antimilitaristaren etxean. Arrosa gailendu da erabat, eta horiarekin gehitu dituzte zenbait detaile. Txosna hainbat zatitan banatu dute, eta atalen arteko lotura irudikatu, Josune Garcia kidearen hitzetan. «Aurreko aldeak banka armatuaz hitz egiten du, eta nola gure diruarekin botere handiak finantzatzen diren, NATO eta inperialismoa, oro har, bankuen inbertsioen bidez». Haur batek eta adineko batek beren dirua eraman dute bankuko leihatilara, eta sos horiek gainean duten hodiak xurgatu ditu, Garciak aipatu duen helburuetara eramateko.
Trikimailuk irabazi du dekorazio onenaren saria
Konpartsen esfortzuek saria izan dezakete, edo zigorra: Bilboko Konpartsek dekorazio onena eta kaskarrena aukeratzeko botazioa zabaltzen dute beren webgunean. Aurten, Trikimailu konpartsak eskuratu du Eulia saria —hau da, txosnarik ederrenarena—, eta Moskotarrak-i egokitu zaio Eulia —hots, txosnarik itsusienarena; bigarren urtez jarraian jaso du—.
Tutuari segika, makina transformatzaile baterainoko bidea egiten du diruak. Konpartsakidearen irudiko, «beldurraren industriak» makina hori baliatzen du mezu alarmistak, sare sozial toxikoak, eta eduki belikoa duten edo Polizia normalizatzen duten mezuak antzaldatu, eta armak eta kontrol soziala ekoizteko. Multzo horretan sartu dute Ticket Bai. «Shockaren doktrinak militarismoa elikatzen du», azpimarratu du Garciak. Bunker bat ere badu Sin Kuartelek irudikatutako ibilbideak: txosnaren erdian paratu dute, eta «segurtasun» elementuz josi; hau da, kameraz eta armaz, besteak beste. Berrarma zaitez bake baterako leloarekin borobildu dute diseinua. «Erabat absurdoa da», iritzi dio Garciak pentsamendu horri, eta esaldiaren kutsu ironikoa islatu dute haren atzean onddo nuklear bat pintatuz. «Berrarmatuz gero, ez zara bakerako prestatuko. Sinetsarazten ari dira garrantzitsuena armatzea dela, indibidualki pentsatzea eta denari beldurra izatea, elkarrekin gehiago erlazionatu beharrean». Joera horri aurre egiteko, komunitatea sendotzeko beharra nabarmendu du Garciak, guztien artean eraikitzekoa, «Aste Nagusian egiten den bezala».
«Berrarmatuz gero, ez zara bakerako prestatuko. Sinetsarazten ari dira garrantzitsuena armatzea dela, indibidualki pentsatzea eta denari beldurra izatea, elkarrekin gehiago erlazionatu beharrean»
JOSUNE GARCIA Sin Kuartel konpartsako kidea
Egoera orokorrari erreparatu dio Sin Kuartelek, baina, ezinbestean, shockaren doktrinaren kaltetu bat nabarmendu dute, bereziki: Palestinako herria. Izan ere, aurten arrosa izan den arren txosna denak lotu dituen haria, Palestinako bandera eta haren aldeko elkartasun mezuak ere ugariak izan dira ia dekorazio guztietan, eta, arrosarekin batera, zuria, gorria, beltza eta berdea ere izan dira elkartasuna adierazteko tonuak.
Franco, errematea
Federazioaren erabakiak mesede egin die Hontzak konpartsa anarkistako kideei, diseinua borobiltzen lagundu baitie. Hala aipatu du Fernando Toja konpartsakideak. Ideia bazuten: «Inoiz ez gara sartu zuzenean Espainiako justiziarekin». Baita heldulekuak ere: «justizia frankistak» 89 urte bete dituela islatu gura zuten, baita Gijongo (Espainia) La Suiza gozotegiko sindikalistei elkartasuna adierazi ere —CNT sindikatuko sei kideri kartzela zigorra ezarri diete beharginen eskubideak defendatzeagatik—. Ezkontza tarta erraldoi bat egitea otu zitzaien bi gaiak lotzeko. Pastelaren gainean, ezkontideen figurak ipini dituzte: Francisco Franco, eskuineko eskua luzatuta, eta, aldamenean, Justizia, begiak estalita. «Franco aulki batera igota dago, Justiziaren gainetik kokatzeko apur bat», zehaztu du Tojak umorez, diktadorearen garaierari erreferentzia eginez. Espainiako banderaren koloreetako lazoekin apaindu dute gozoa, eta, atzean, postal erraldoi batekin berretsi dute harremana: «89 urtez zoriontsu ezkonduta: 1936-2025».
Ideia mamitua zutela jakin zuten arrosa gehitu beharko ziotela. «Aukera eman digu are xaloagoa egiteko, pastelaren kolorean sakontzeko», adierazi du Tojak, sarkasmoz.
