Donostiako Aste Nagusia

Koloretako ur masa handi bat

Donostiako Piratek abordatzea egin dute, eta jendetzak hartu du parte. Bero sapari aurre egiteko modu ona izan da Kontxako badia hartzea; edonola ere, beste xede batez abordatu dute: beste hiri eta jai eredu bat aldarrikatzeko.

Piraten abordatzea, gaur, Donostiako portuan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Piraten abordatzea, gaur, Donostiako portuan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2025eko abuztuaren 11
18:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jendetza dago Donostiako portuko moiletan, Urgullgo bideetan, Nautikoaren ondoko plataforman eta Kontxako barandari helduta. Postal batekoa dirudiela dioten Kontxako badiari begira egon zitezkeen, baina ez dira horretan ari. Bero sapatik babestu beharrean, koloretako ur masa bati begira daude, txaloka. Donostiako Piratak babesten ari dira: beste jai eredu —eta, hortaz, hiri eredu— baten alde ari den koloretako ur masa handiak bere egin du itsasoa, abordatu egin du Donostia.

2003an Donostia abordatzea erabaki zuen pirata kuadrilla ehunka, milaka, lagunen masa bihurtu da egun, eta, ordutik egiten duten moduan, abordatzea egin dute gaur: mila koloredun baltsatan abiatu dira Donostiako portutik, eta Kontxako hondartzan bukatu dute. Kolore horia ere asko ikusi da, asko baitira Aste Nagusiari kolorea ematen dion egitasmoa antolatzen aritu direnak. Haietako bat da Argiloa Pinzolas pirata: «Badakigu nolakoa den Donostia gaur egun. Turistifikazioari begirakoa da hiri eredua, eta esanahia aldatu nahian gabiltza, giro polit bat sortzeko: feminista, herrikoia... Hori ere esan nahi du abordatzeak».

Uretan sartzeko gogotsu daude Amaia Lasa, Maria Pikasarri eta Maddi Mungia. «Prest gaude, nahiz eta ez zaigun oso ondo atera. Baltsa hondoratu egin zaigu! Baina lortu dugu ondo jartzea berriro. Batzuek igo nahi dugu, eta besteek beste bat abordatu nahi dute. Ikusiko dugu...», esan du Lasak, irriz.

Hernaniar (Gipuzkoa) kuadrilla handi bat dute inguruan, urduri. «Lehenengo aldia da! Baltsa oso ondo egin dugu, eta badugu asmoa besteren bat abordatzeko...», kontatu du Jare Zumarragak, denen izenean. «Piraten oso zaleak gara: giro euskalduna jartzen dute, eta hori oso garrantzitsua da!».

Oso gutxi falta da... Eta falta zirenak! Pentsiodunen Mugimenduak, aurtengo Mattik, egon behar zuen abordatzean. Hartu dute mikrofonoa, eta eskerrak eman dizkiete piratei: «Gazteak zarete, eta bat egin behar dugu herri gisa aurrera jarraitzeko!».

Hiru, bi, bat... Aurrera! Piratek hartu dute portua, eta, Palestinako bandera handi bat atzean dutela, aldarriz bete dute itsasoa. Hondartzan eguzkia hartzen ari diren kortsarioek bidea egin behar izan diete helmugan. Izan ere, Donostia piratena da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.