Telesailak

Kolorez eta erritmoz ehundutako espioitza thrillerra

‘Ponies’ telesailak bi emakume ditu protagonista, eta espioitza thrillerren zaleak harrapatzeko moduko osagaiak: 70eko hamarkadako estetika berezia, entretenimendu bizia, Gerra Hotzaren testuingurua, konspirazioak eta Sobietar Batasuneko giro itogarria.

'Ponies' telesailaren fotograma bat. SKYSHOWTIME
gaizka izagirre
2026ko urtarrilaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Telesailaren lehen minutuetan Moskura bidaiatuko du ikusleak, 1977. urtera. Bi emakume dira protagonistak, ponies deiturikoak —inteligentzia zerbitzuetan erabiltzen den persons of no interest esamoldetik eratorritako terminoa da, euskaraz IGP gisa itzul litekeena: interesik gabeko pertsonak—. Modu erabat anonimoan aritzen dira lanean, idazkari gisa, Estatu Batuetako enbaxadan. Egun batean, bien senarrak hegazkin istripu batean hilko dira, egoera misteriotsuan. Une horretatik aurrera, bien bizitza errotik aldatuko da: CIAko agente bihurtuko dira.

Bea etorkin sobietarren alaba da; errusieraz hitz egiten du, eta bi munduren artean hazi da. Twila, berriz, herri xeheko neska da, ausarta bezain zorrotza. Elkarrekin, Gerra Hotzean ezkutatzen den konspirazio handi bat argitzen saiatuko dira, alargun utzi dituen misterioari erantzuteko asmoz.

Bea pertsonaia Emilia Clarke aktoreak gorpuztuko du. Game of Thrones telesailean Daenerys Targaryen antzezteagatik ezagun egin zen aktoreak emakume adimentsu, gogoetatsu eta kulturalki Errusiari estu lotutako iragana duen pertsonaia bat eraikiko du. Twilaren rolean, berriz, Haley Lu Richardson agertuko da, The White Lotus telesailaren bigarren denboraldian bere interpretazio bereziagatik nabarmendu zen aktorea. Ponies-en, Bearen kontrapuntu oldarkor, ausart eta lotsagabearen rola jokatuko du. Bien arteko harremanak espioi bikote soil baten logika gainditzen du: ahizpatasunaren, doluaren eta biziraupen emozionalaren inguruko esplorazio bat proposatuko du telesailak.

Susanna Fogelen zuzendaritza lanak hasieratik argi utziko du zertan jarri nahi duen indar berezia: akzioaren ikusgarritasunetik urrundu, eta pertsonaien barne bilakaeran jarriko du arreta. Horri esker, telesaila ohiko espioitza ekoizpen askoren klixeetatik aldenduko da, tonu psikologikoagoa lehenetsiz.

Ikusleak, gainera, generoari eta rol sozialei buruzko gogoeta ere topatuko du. Izenburuari darion sarkasmoa baliatuz, Gerra Hotzean emakumeak bigarren mailakoak ziren pertzepzioa —edo sinesmena— hankaz gora jarriko du telesailak.

Begirada arina

Gaia sakona izan arren, eta espioitza thrillerren generoaren osagaiak nabarmenak badira ere, Ponies-ek, oro har, tonu arina eta dibertigarria du. Umore beltzaren printzek beren lekua izango dute, eta esentzia berezi horren erantzule nagusiak musika, muntatze bizia eta ikuspegi estetikoa dira. Izan ere, telesaila 70eko hamarkadako girotze zaindu eta sinesgarriaz elikatzen da: estetika indartsua eta erakargarria da, eta soinu bandaren melodia itsaskorrek berehala kokatuko dute ikuslea garai hartako giroan. The Americans edota Killing Eve telesailen estiloko proposamenak gustuko dituztenek gozatzeko moduko lana aurkituko dute.

Entretenimendu arin gisa telesaila primerakoa bada ere, sakonago begiratuta ahulguneak ageri dira: sinesgarriak ez diren zenbait egoera, gidoian solte geratzen diren hariak, bigarren mailako pertsonaia batzuen sakontasunik eza eta errealitatearen inguruko zehaztasun eskasa, besteak beste. Hala ere, akats horiek ez dute telesaila guztiz zapuzten; Ponies oso entretenigarria da, bizia eta ikuserraza.

fitxa

  • Sortzailea. Susanna Fogel. 
  • Herrialdea. AEBak.
  • Urtea. 2026.
  • Aktoreak. Emilia Clarke, Haley Lu Richardson, Adrian Lester eta Artjom Gilz.
  • Non ikusi. Sky Showtime.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 45 minutu.
  • Generoa. Espioitza, thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.