ATZEKOZ AURRERA. Iurgi Urrutia. Australian bizi den liburuzaina

«Komikiak ez dira inoiz guztiz bultzatu»

Komikiak «arte» gisa aldarrikatu ditu Urrutiak, eta uste du ez direla behar adina argitaratzen; bereziki, haurrentzat. Euskarazko komikiak behar direla dio, bestela erreferenteak gaztelaniaz izango dituztelako.

JON URBE / FOKU.
ane insausti barandiaran
Donostia
2023ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Melbournen (Australia) bizi da Iurgi Urrutia (Baiona, 1975) duela 20 bat urtetik, baina gertutik erreparatzen dio Euskal Herriko gaurkotasunari. Liburuzaina da, komikiak ditu pasio, eta Euskal Herrira egindako bisita aprobetxatu du euskarazko hamaika komiki erosteko: bai berarentzat, bai eta bere semearentzat ere. Motxila eta poltsa euskarazko komikiz beteta agertu da elkarrizketara; aldean eramango ditu Australiara.

Nolatan dago euskaldun bat Melbournen?

Ikasketak bukatu nituen, eta, lana lortzeko, hemen zaila zegoen. Pentsatu nuen: «Zergatik ez naiz joaten beste norabait, han pixka bat lan egin eta bidaiatzeko?». Ingelesez ondo hitz egiten nuen, AEBetan ikasturte bat egin nuelako. Beraz, Ingalaterrara joatea erabaki nuen, Hernanira [Gipuzkoa] bueltatzeko intentzioarekin [Baionan jaio arren, Hernanira joan ziren bizitzera].

Baina ez zinen Hernanira itzuli.

Australiar bat ezagutu nuen, eta, batzuetan, maitasunak hankaz gora jartzen du bizitza.

Liburuzaina zara Melbournen, eta,zure motxila ikusita, komikizalea.

Liburutegi publiko batean lan egiten dut. Melbourne oso handia denez, udal asko daude, eta gure udalean zortzi liburutegi ditugu. Horietako batean lan egiten dut. Liburutegiko ohiko lanak egiten ditut: jendeari lagundu, galderak erantzun, liburuak bere lekuan jarri... Baina, era berean, kudeatzen ditut fantasiazko eta zientzia fikziozko nobelak eta komikiak. Nobelei dagokienez erosten dugun ia guztia nik eskatutakoa da.

ALIA Graphic izeneko taldea sortu duzue. Komikigintza bultzatzeko taldea da?

ALIA da Australiako liburuzain eta informazio arloko elkarte profesionala. Lantalde bereziak daude elkartean, arloka banatuta: haurren literatura, liburutegi espezializatuak... Ez zegoen komikien lantalderik, eta hori sortzea erabaki genuen. Bi helburu ditugu: liburutegietan komikiak sustatzea eta komikigile australiarrak bultzatzea. Blog bat eta podcast bat dauzkagu, eta webinar saioak egin izan ditugu.

Komikiak, genero gisa, gutxietsita daude?

Orokorrean, esango nuke baietz. Japonian eta Frantzian oso errespetatuak dira, eta jende guztiak irakurtzen ditu. Espainian, oro har, eta Euskal Herrian, beti egon dira hor, baina iruditzen zait ez direla inoiz guztiz bultzatu.

Umea zinenetik irakurtzen dituzu zuk?

Bai. Ipurbeltz aldizkaria zoragarria zen, adibidez. Begira, hau [Mintxo komia atera du motxilatik] Ipurbeltz-en agertzen zen, eta orain edizio osoa atera dute. Lan pixka bat egin behar da komikiak aldarrikatzeko beste literatura era baten gisa. Arte bat da, nik ez daukat dudarik.

Euskal Herrian eta Australian egoera berean daude?

Gauza batzuk berdintsuak dira, Australiak ere baditu arazoak: ingelesez idatzi arren, oso zaila da publikatzea lortzea. Esango nuke Euskal Herrian bezala dela: irakurleria ez da hain handia; beraz, argitaletxeek ez dute bere burua arriskatzen, komiki bat argitaratzea garestia delako. Gero, umeentzat ere ez dira nahikoa komiki ateratzen. Liburutegian, argi eta garbi dago: maileguan hartzen diren komiki gehienak umeenak dira. Umeen bildumako %60-70 kanpoan daude beti.

Eta, euskaraz, badago komiki nahikorik?

Hemen, ume batek komikiak irakurri nahi baldin baditu, euskaraz Asterix dago, eta badaude batzuk, baina ez hainbeste. Eta, azkenean, hasiko dira gazteleraz irakurtzen, nik egin nuen bezala. Hori arazo bat da, erreferenteak gazteleraz izango dituztelako. Horregatik pozten nau ikusteak umeentzako komikiak ere ateratzen dituztela eta aukera askoz ere gehiago daudela. Erosi ditut bat baino gehiago nire semearentzat, eta oso gustura irakurtzen hasi da.

Australiatik euskarazko edukiak ikusten dituzue? Pantailaldian parte hartu zenuten.

Noski, semeak pelikulak ere ikusi ditu euskaraz, Euskal Encodings plataformari esker: Izarretako Gerrak eta Avatar, azken aire maisua pila bat gustatu zaizkio. Dragoi bola saga osoa ikusi du euskaraz; azkena izan ezik, ez dagoelako euskaraz. Plataforma digitaletan badaude gauza batzuk, baina ETBko eskaintza oso murritza da; nik zulo handi-handi bat ikusten dut.

Familian garrantzia ematen diozue euskararekin lotura izateari?

Dudarik gabe, nik hori beti daukat buruan. Australian bizi gara, baina familiako erdiak eta lagunak Euskal Herrian ditut, eta gure hizkuntza da. Emazteak ere argi ikusi zuen hori Euskal Herrira etorritako lehen aldian, eta euskaraz ikasi du. Hona etortzen direnean, euskara behar dute, etxean eta lagunartean euskaraz hitz egiten dugulako. Behar-beharrezkoa da; bestela, ez dute Euskal Herriarekin loturarik izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.