Komikiaren mundua ezagutarazteko, erakusketa handia prestatu dute astebururako Irungo Ficoba azokan (Gipuzkoa). Tailerrak, hitzaldiak, jokoak, erakusketak, txapelketak... denetarik dago egitarau zabalean. Bihar goizean zabalduko dute azoka eta igande iluntzera arte egongo da irekita.
Marrazki eta eskulan tailerrak egongo dira, batez ere, bihar goizean; eta arratsaldean, Imanol Tororen eskutik bideo jokoak sortzeko tailerra egingo dute, besteak beste.
Eraztunen Jaunaren rol jokoarekin hasiko dira larunbateko ekitaldiak. Egun osoan, hainbat tailer eta mintzaldi egongo dira; tartean, komiki digitalari buruzkoa Joseba Baslok, Jordi Bayarrik eta Jose Fonollosak emango dute, 16:30ean hasita. Sergio Abadek, Victor Santosek eta Santiago Valenzuelak ere hitzaldia eskainiko dute, baita marrazketa saioa ere, 18:30etik aurrera.
Igandean, azokako azken egunean, Pokerface aldizkaria aurkeztuko dute Imanol Torok, Imanol Pinelok, McKanak eta Mikel Thomenek, 11:30ean. Arratsaldean, bestalde, Super Smash Bros txapelketa jokatuko dute.
Egun horietan, gainera, aretoan jolas libreetan aritzeko mahai joko eta bideo kontsolak egongo dira. Japoniari buruzko erakusketa ere prestatu dute; elkartasun erakusketa izango da, gainera, hainbat marrazkilariren lanekin lortutako dirua Japoniako lurrikarako kaltetuentzat izango da. Antolatzaileek deia egin diete bisitariei euren pertsonaia gustukoenaz mozorrotzeko.
KOMIKI AZOKA
Non. Irungo Ficoban (Gipuzkoa).
Noiz. Bihartik igandera.
Sarrera. Doan.
Informazio gehiago. www.komikirun.com.
Asteburuko proposamenak
Komikiak, tailerrak eta jokoak asteburuan
Irun. Ficoba aretoan, Komikiaren azoka egingo dute, bihar hasi eta igandera bitartean; sarrera doakoa da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu