KOMUNIKAZIOA. 'A posteriori'

Jokin Labaien.
2010eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Bartzelona eta Real Madril futbol taldeen arteko derbi santua egunez aldaraz dezakeen gertakizuna ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Agian, horregatik aurreratu zuen ETBk Kataluniako hauteskundeen gaineko jarraipen berezia egingo zuela. A priori zalantza eragin dezakeen jarrera da. Niri ere beste herrialde batzuek baino interes gehiago sortzen dit Kataluniak politikoki, baina kazetaritzak behar lukeen aniztasunaren izenean zaila da justifikatzen. Niri Nafarro Behereko, Zuberoako zein Lapurdiko jarraipenak sortzen didan interesa sortuko dio, demagun, Errioxakoak, beste norbaiti. Horiek, ordea, nekez jarraitu ahal izango ditugu bozetaz ari garela.

Behin kontraesana onartzeko nahikoa borondate bilduta, programazioari begiratua eman nion igande eguerdian. Ohiko albistegiez gain, ordu laurdeneko saio bana eskainiko zioten gaiari ETB1ek eta ETB2k. Beraz, interesa ez zen hainbesterakoa,a priori. Hau da, eguerdiko albistegiek hautagaien bozkatzeko unea eta abstentzio kopurua emango zituztela aurreikusi zitekeen; gauekoek herritar berantiarrei eta hautes mahaietatik gertu egindako zundaketei erreferentzia egingo zietela; ordu laurdeneko emankizunak motz geratuko zirela, datuen eta protagonisten adierazpenen nahas-mahasean. Egunak, dena den, emaitza harrigarriak utzi zituen. ETB1ek emanaldi berezia hasi zuenerako zenbatuta zeuden botoen ehuneko laurogeita hamarretik gora. Halakoetan muturreko kolpeek sortzen dute interes informatiboa, eta datu orokorrak eman ondoren, horien bila jo zuten ETB1en. Alderdi nagusien egoitzetan zeuden kazetariei hitza eman, eta gehienek gutxi zuten kontatzeko. Izan ere, burumakur amaitu zutenek haien porrota onartu, garaileak zoriondu eta barne hausnarketa egiteko konpromisoa baino ez zituzten agertu mintzaldi ahalik laburrenetan. Eta azkenik, iritsi ziren garailearen egoitzara. Han bai, han festa zen nagusi. Hautagai eta arduradun denak oholtza gainean zirela, Josep Antoni Duran Lleida mintzo zen Artur Mas aldamenean zuela. Haren hitzen zain geundela moztu zituzten konexioa eta jarraipen berezia, ordu laurdena joan zela aitzakia hartuta. President berriaren lehen hitzak eskuraizan eta uko egin zioten. Horra interes informatiboaren froga ukaezina. Sinestezina. Baietz derbi santuari denbora gehiago eskaini gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.