KOMUNIKAZIOA. Badatoz androideak!

2009ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Tim Burton zinema zuzendariaren filmografiatik ateratakoa dirudien goiko izenburuaren arabera, baten batek pentsa lezake, gaur, Estatu Batuetan 50eko hamarkadan egiten ziren zientzia fikzioko film horietaz hitz egingo dizuedala, non estralurtar berde batzuek edo robot erraldoiren batek mundua menperatu eta suntsitu nahi baitzuten. Tituluak, ordea, zinemarekin zerikusi gutxi du, HTC enpresarekin batera, Googlek maiatzean atera zuen HTC Magic izeneko gailuari egiten baitio erreferentzia.

Interneteko Google erraldoiak, HTC enpresarekin, webetik telefoniaren merkatura salto egiteko atera duen bigarren telefonoa da HTC Magic, Appleren iPhone arrakastatsuaren alternatiba modura aurkeztu eta Googlek berak sortutako Android izeneko sistema eragilea daraman azken belaunaldiko sakelako telefonoa, alegia. Ez du botoirik iPhonek, eta Magicek ere ez, eta menuan hautatzen dugunaren arabera aldatzen den ukipen pantaila baten bidez kontrolatzen dira gailuaren funtzio guztiak; telefono funtzioa aukeratzeko orduan botoi zenbakidunak agertzen zaizkigu, eta SMS edo mezu labur bat bidaltzeko funtzioarekin Qwerty teklatu bat, adibidez.

Sakelakoaren atzean Interneteko enpresa bat egonik, wifi eta 3G teknologiei esker, webera abiadura azkarrean konektatzeko aukera ere ematen du gailuak. Gainera, Android sistema eragileak Googleren Chrome nabigatzailea dakarrenez, webguneak gure ordenagailuaren pantailan ikusiko genituzkeen bezala ikusten dira Magicen ere. Nabigatzailearekin batera, Googleren beste zerbitzu guztiak ere badakartza telefonoak; Gmail posta zerbitzua, YouTubeko bideoetarako aplikazioa, Google Maps...

Hala ere, Magicen aplikaziorik aipagarriena, ezbairik gabe, Market izenekoa da. Telefonoaren ezaugarriak hedatzeko aukera ematen duten programa ugari topatuko ditugu Market horretan, hala nola Twitter bezeroak, jokoak eta testu fitxategiak editatu eta sarera igotzeko aplikazioak.

Internet mugikorraren aroan gaudela diote, eta, egia esan, horrelako gailuekin ez da harritzekoa, edozein tokitan gaudela ere, Magicekin oso erraza baita Twitterrera mezu bat bidali, gure Facebookeko kontura argazkia igo edo gure gustuko webak bisitatzea. Orain bai, iPhoneari aurkari gogorra azaldu zaiola esan genezake. Badatoz Androideak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.