«ETBn gehienak profesional onak dira. Baina badira zarata egitera jokatzen ari direnak; ziur aski, zuzendaritza berriari izen ona kentzeko. Kanpotik ere, badira ikusleak aukera pribatuetara desbideratu nahi dituztenak». Patxi Lopez lehendakariak atzo esandako hitzak dira, Miguel Angel Idigoras ETBko zuzendariak egunkari batean egindako adierazpenen gainean batzuekin bat zetorrela eta beste batzuekin ez adierazi ostekoak. Idigorasen hitzen inguruan galdetu baitzion atzo Eusko Legebiltzarrean Luke Uribe-Etxeberria EAJko legebiltzarkideak.
EAJko ordezkariak lehendakariari esan zion EITBren egoera «zaila eta korapilatsua» dela: «Kanpoan EITBren ikusle datuak minimo historiko onartezinetan daudelako. Eta barruan EITBko langileen profesionaltasuna iraintzen duten egoerak azaleratu direlako». Uribe-Etxeberriak gogor kritikatu zituen, halaber, Blanca Urgell Kultura sailburuak egin izan dituen adierazpenak: «Egungo EITBren zuzendaritzak gaixo kroniko bat heredatu zuela esatea EITBko langileen profesionaltasunarekiko begirune falta handia da». Jeltzaleei EITBri jazartzea leporatzen diete, eta, Uribe-Etxeberriaren arabera, egoera eta emaitza kaskar batzuk ikusita erreakzionatu baino ez dute egiten. «Produktu eskas bat egiten dute, kontsumitzaileak ez du onartzen eta errua kontsumitzaileari botatzen diote». Hori dela eta, erantzukizunak eska ditzala esan zion EAJko legebiltzarkideak lehendakariari. Hori egin ezean, «historiako aurreneko lehendakaria izango da Lopez EITBko langileek pankartekin hartuko dutena, duintasun profesionala eskatu eta zentsurari ez esateko».
Lopezek gogoratu zuen EITB autonomoa dela eta ez dagoela gobernuaren diziplinaren menpe: «EITBko aurreko zuzendaria egun EAJko Bizkaiko presidentea da, eta atzerago joz Bilboko bi alkate daude. Onartu beharko da alderdi baten dizplina hierarkikoa formalki hautsi dugula».
Eztabaida pedagogia egiteaz
Aurretik kontrol bilkurako beste galdera batean, Mikel Basabe Aralarreko legebiltzarkideak «harrigarritzat» jo zuen 2011ko aurrekontuen liburuak dakarren paragrafo bat. Bertan EITBko albistegietan lidergoa lortzeko abiapuntua PSE-PP akordioa da. «Ez dago telebista publikorik-munduan- bere albistegien oinarritzat jartzen duenik alderdi biren arteko akordio politikoa garatzea», salatu zuen Basabek. «Herritar guztien zerbitzura egotea eskatzen du berez zerbitzu publikoak. Bermatu beharrekoa da, hain justu, albistegien independentzia».
Lopezek erantzun zuen aurrekontuen testuak gauza gehiago esaten dituela: «EITBren erreformaz hitz egiten da, gure marko instituzionala defendatu eta errespetatzen duen ildo editorial bat ziurtatzeko. Elkarbizitza eta balio etikoak bultzatuko dituena, gizartearen pluraltasuna onartuta». EITBk pedagogia egin eta «printzipio demokratikoak» defendatzea nahi du lehendakariak.
Basabek, aldiz, azaldu zuen albistegi bat ez dagoela pedagogia egiteko: «No-Doa saiatzen zen pedagogia egiten, zorte gutxirekin. Albistegi batean ezin dira ahotsak isilarazi gustatzen ez zaizkigulako. Legez kanpokoak badira ere ez». Herritarrek informazioa eskatzen dutela eta ez pedagogia erantzun zuen Aralarreko ordezkariak. Lehendakariaren ustez, ordea, hedabide publiko bat ezin da «legez kanpokoaren bozgorailua» izan.
EAko legebiltzarkide Juanjo Agirrezabalak ETBko bi kazetariri irekitako espedienteen inguruko galdera egin zion lehendakariari, baina erantzuna Blanca Urgell Kultura sailburuak eman zuen: «Ez da kazetarien aurkako diziplinako espedienterik egon. Egia da zuzendaritzak ohartarazpen bat egitea erabaki zuela, batari ahoz eta besteari idatziz. Ez da egia, halaber, inork testu bat inposatzen saiatu zenik». Agirrezabalak, baina, gertaerak oso larritzat jo zituen. «Soilik ETBko langileen aho bateko erantzunak ekarri du espedienteetan atzera jotzea. Baina, horretarako, Miguel Angel Idigorasek gezurra eta iraina erabili ditu». ETBk bere langileak iraintzen dituen zuzendari bat merezi duen aztertzeko eskatu zion EAko ordezkariak Urgelli.
Egungo zuzendaritzak ETB «giro itogarri» batera eraman duela eta norabidea aldatzeko ordua dela ihardetsi zuen Agirrezabalak. Kultura sailburuak, berriz, azken urte eta erdian EITBren aurka «jo eta su» ari direla azaldu zuen: «Kanpoko klima guztiz kontrakoa du».
KOMUNIKAZIOA. EITBren aurkako boikota eskatzen dutela esan du Patxi Lopezek
EITBko langileen profesionaltasuna iraintzen duten egoerak azaleratzen ari direla salatu du EAJk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu