KOMUNIKAZIOA. EKOGRAFIAK. Erlo telebista

2009ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Izarraitz mendikateko gailurra da Erlo, harrizko hormatzarraren maldan hazi garenontzat, eta maiz telebistaren seinalea ere euritan narrastua iristen zaigu kostatik: Azkoiti ingurura eta Azpeitira, oraingoz. Ba omen dute asmoa seinalearen eremua zabaltzeko hemendik aurrera.

Hurbileko txikiari heldu zaio aurten Argia telebista saria. Gure saltsan sukalde saioa, zoriontzekoa. Argiñanorenean ez bezala, euskara hutsean egiten zaie elkarrizketa janaria prestatzera datozen gonbidatuei. Euskal biztanle berriak dira denak, AEK asko txupatuak. Eta hainbat arrazoirengatik beren urrutiko herrialdeak utzi, eta hemen daude gaur euskaraz mintzatzen, Aljeriatik, Marokotik, Errumaniatik eta Ekuadortik etorrita. Eta janariaren buelta aitzakia da, baina esanguratsua, beren usadioez jarduteko, eta bizitzak beraiekin izan dituen kapritxoez, osagai exotikoen gainean. Dena ikasteko dugu eta!

Aurkezlea, gonbidatuaren aldamenenetik mugitu gabe, jardunari tiraka ari da; Rami Aljeria hegoaldeko tuarega da, Goizuetakoa. Saiora bigarrengoz, desertuko arropekin etorri da: tunika, soineko laxoa eta dotoreziaz burua biltzen dion estalkia. Aurkezlea halako bi da garaieraz, eta janzkiak handia egiten du, lehenaz gain. Goizuetako doinu berezi, sakon eta patxadatsuan ari da. 26 urterekin hartu zuen erbesterako bidea. «Burua prest nuen», errepikatu du; Parisen egin zituen ikasketak, eta euskarazko liburuak lehenengoz Euskal Etxean ezagutu zituen. Emaztearekin iritsi zen Goizuetara, eta mintzatzen da frantsesez, espainieraz, ingelesez eta amazigeraz, euskaraz ez ezik.

Baina kosmopolitismora eraman gaituena: hasi da hatz luzeko esku beltzekin ahuntz esne legamiatua datilen marmeladazirabiatzen. Eta eraman gaitu urrutiko paraje beroetara, bidaia luzeetara hondar eta haizearen aurka, eta dio eskura dituzten osagaiekin taxutzen dituztela jatorduak: «Jaioterrian ezingo naiz bizi. Bisitatxoa bai familia ikustera, baino han egoera ez da ona. Beste gauza batzuk ikasi behar dira bizitzan».

Ahaztu ohiko sukalde saioak, altzairuetan, etxetresna elektrikoetan, argiztapenean dirutza atzematen den saio horiek. Saria jasotzean, aurkezleak aitortu zuen makina bat aldiz egin zuela harrikoa gonbidatuak etxera joan ostean. Urrutikoa zaiguna etxera hurbiltzea posible egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.