Hamabigarren aldia da aurtengoa. Batean ere ez dut itsuki jarraitu Gran Hermano. Baina saioaren zurrunbiloa iritsi izan zait niri ere, batez ere, hastapenetan. Dena irentsi zuen. Eta gaur egun, garai bateko indarra ahuldu arren, jarraitzaile andana du.
Azken egunetan, iskanbila da protagonista reality show-ean. Dirudienez, antolakuntzakoek ahaztu egin dute formatuaren esanahia: errealitatean oinarritzen den ikuskizuna. Bi partaide kanporatu egin baitituzte. Lehen aldiz hartu dute halako neurri bat. Biktimak, Julio eta Flor. Arrazoia, Gran Hermano-ren esentziari traizioa egitea. Frogak, saioaren ondoren ahalik eta plato gehienak zapaltzeko asmoz sortutako estrategia bozgora aitortzea, batetik; benetako sentimenduak izan gabe elkarri zirriak egitea.
Bere burua jainkoen pare jartzen duen Mercedes Mila aurkezleak eman zien erabakiaren berri. Zuzenean. Eta jarraian, bi kanporatuak etxetik platorako bidea egin zuten aurkezlearen gogoetei erantzuteko. Traidore handiagoei ere, ongietorri goxoagoa egin izan die. Dena den, Juliori hala esan zion ikusi ahala: «Ez dakit musu eman, eskua, edo...». Luze jo zuen edo horrek, eta irainek hartu zioten lekukoa. Ergelak zirela adierazi zien, babuak. Haien jarrera deitoragarria zela eta pertsona asko aurka zeuzkatela. Bi babuek, ergel, egindakoa onartu zuten, etxe barruko intentsitateari bere erru pixka egotzi ondoren. Gosea indartsu omen, eta lehiaketara irabaztera edo ondoren platoz plato ibiltzeko aukera eskuratzera sartu zirela esan zuten. Parean zutena baino zintzoagoak izan ziren, behintzat. Reality show-ean parte hartzeko aukera izateak bizimodu hobea ekarriko omen die. Datorkien bizimodua zenbateraino hobea den, beste baterako utziko dugu.
Hel diezaiogun saioaren esentziari, espirituari. Antolakuntzak jokatzeko aukera ematen duela adierazi zuen Milak. Jokatu beharrean tranpa egiten duenak, atea kanpotik itxi beharko duela. Nago orain arte joko arauak erabaki izan dituena jokalari bihurtu dela oraingoan. Antolakuntzak ere saria eskuratu nahi izan duela jokaldi berriarekin. Berezko joko onik ez, eta ni ere haiei buruz mintzatzera bultzatu nauen erabakia hartu dutela. Hori baita Gran Hermano-ren esentzia, istiluak sortzea. Hizpide izatea, partaideen erruz zein antolatzaileen erabakiz. Hala hamairugarrena justifikatzeko.
KOMUNIKAZIOA. Esentzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu