KOMUNIKAZIOA. ETB2 kateak bi puntu eta erdi galdu ditu urtarriletik irailera bitartean

ETB1 kateak %3,3ko ikusle kuota izan du irailean EAEn, abuztuan baino lau hamarreko gutxiago

urtzi urkizu
Donostia
2009ko urriaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ikusle kuoten atomizazioa gertatzen ari da pixkanaka. Hori dela eta, azkenaldian gaikako kateen ikusle kopurua igotzen ari da eta kate generalista gehienen datuak jaisten. Horren erakusgarri, ETB2 katearen batez bestekoa: urtarrilean %15,1eko batez besteko kuota izan zuen eta irailean %12,5era jaitsi da; 2005ean %18,4ko batez besteko kuota izan zuen.

ETB1en kasuan, 2009. urtean gora eta behera dabil batez besteko kuota: %3arekin hasi zen urtarrilean, apirilean %3,6ra igo eta ekainean %3ra itzuli zen. Datu onenak uztailean izan zituen (%3,9), Frantziako Tourrari eta pilota emanaldiei esker. Baina irailean berriro egin du behera: %3,3ko kuota. Herenegun Alberto Suriok esan zuen azken bost urteotan euskarazko kateak 100.000 ikusle galdu dituela, eta horiek berreskuratu nahi dituztela.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kablea etxeen %41,1etan sartuta dago, LTDa %27,9tan, seinale analogikoa %26,3tan eta satelitea %4,6tan. Telebista kontsumoa egunean 221 minutukoa izan da. Hiru herrialdeetan Tele5 izan da irailean gehien ikusitako katea (%19,8), baita Katalunian ere (%15,6).

Tele5 berriro lider Espainian

Espainian azkeneko hilabeteetan La1 katea ikusi da gehien, baina irailean lidergoa berreskuratu du Tele5k (%16,1). Bigarren tokian dago La1, lau hamarrekora. Eta hirugarrenean, puntu bat galduta, Antena3 (%13,8).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.