KOMUNIKAZIOA. 'Norteko Ferrokarrilla' Euskadi Irratira itzuliko da

Teknologia eta zientzia ardatz dituen saioa asteartero entzun ahalko da, eta Guillermo Roak zuzenduko du

AINITZE AGIRREZABALA DONOSTIA
2008ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Norteko Ferrokarrilla, Elhuyar Fundazioak ekoizten duen zientzia eta teknologiari buruzko irratsaioa, datorren asteartetik aurrera entzun ahalko da berriro ere Euskadi Irratian. Saioaren hamahirugarren denboraldia izango da, eta Guillermo Roak zuzenduko du. Aurtengo ekitaldian, Norteko Ferrokarrilla 21:00etan emango dute, ordubetez, asteartetan.

Bestalde, ikasturtean zehar zientzia eta teknologiaren hainbat arlotako adituen kolaborazioak izango dira, besteak beste: Mikel Alvarez medikuarena, Danel Madariaga ingeniariarena, Rafa Saiz ornitologoarena eta Ibon Aizpuru informatikariarena.

LHC azeleragailua hizpide

Datorren asteartean emango duten denboraldiko lehendabiziko saioan, LHC azeleragailuari buruz hitz egingo dute. Azeleragailu erraldoi hori hilaren 10ean jarriko dute martxan, Genevan. Munduko makinarik handiena da: 27 kilometroko zirkunferentzia osatzen duen hodi luze bat Geneva azpian lurperatu dute.

Dimentsio handiko LHC azeleragailuak protoiak eta beste partikula batzuk azaleratzeko balio du. Europako fisikariak zazpi urte eta erdiz egon dira zain tresna hori martxan jartzeko. Norteko Ferrokarrilla saioan aztertuko dute fisikariek zer-nolako ikerketak egingo dituzten LHCarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.