Hamargarren urteurrena bete duen urtean, ibilbide berria hasi du Oiartzun irratiak. Eta ibilbide berri horri ekiteko, webgune, logotipo eta lankide berriak ditu.
Webgunea datozen egunetan jarriko dute martxan: oiartzunirratia.org izango da helbidea (orain arteko helbide bera, baina itxura berrituta). Irratia entzun ahalko da webgunearen bitartez, eta entzuleei parte hartzeko aukera emango diete.
Logotipoa ere berria du irratiak. Uda baino lehen egindako lehiaketa batean aukeratu zuten bertako kideek. Udane Ansak egin du eta puzzle bat irudikatzen du. Puzzlearen piezak hainbat koloretakoak dira, baina guztiak bat datoz. «Irratiaren izaerarekin bat dator logotipoa; hainbat eta hainbat pertsona pasatu eta pasatzen dira hemendik, guztiak ezberdinak, baina guztiak elkarrekin lan egiteko gaitasuna dutenak», nabarmendu dute Oiartzun irratiko kideek.
Azkenik, lankide berri bat ere badute: Edurne Larrañaga. Azaroan hasi zen han lanean.
Bestetik, aste honetan informazioa trukatzeko hitzarmen bat egin dute Oiartzun Irratiak eta Oarso Bidasoko Hitza-k. Audio artxiboak trukatuko dituzte: Hitza-ko kazetariren bat prentsaurreko batera joanez gero, grabagailu digitalarekin graba dezake agerraldia, eta gero audio artxiboa Oiartzun irratira bidali. Alderantziz, irratian egindako elkarrizketak Hitza-n baliatu ahal izango dituzte papereko ediziorako. Interneteko edizioan ere sartu ahal izango dute, lotura baten bidez.
Horrez gain, papereko edizioan txoko bat izango du Oiartzun irratiak. Eta astelehenero Hitza-k 10 minutuko tartetxo bat izango du irratian.
KOMUNIKAZIOA. Webgune eta logotipo berriak ditu Oiartzun irratiak
Euskarazko irratiak akordio bat sinatu du 'Oarso Bidasoko Hitza'-rekin, informazioa trukatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu