Konpromisoen ele alegerak

Atxik ardo eta liburu azokaren lehen aldia zabaldu zuten atzo. Jende andana bat bildu zen ardoa txestatzera, liburuak deskubritzera eta mintzaldiak behatzera.

Atxik azoka
Atxik azokaren lehen edizioa abiatu zen atzo, eta egun jarraitzen du. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
SENPERE
2024ko martxoaren 31
05:00
Entzun

Ardoa eta literatura, ala literatura eta ardoa; zentzu batean ala bestean, bakoitzaren gogoaren eta gustuen arabera. Eta ez dira bereiz ikusi behar ezinbestean: batu daitezke, hain zuzen, norbaitek nonbait bi pasio horiek azoka batean biltzeko ideia badu, konpromisoak tarteko. Gertagaitza dirudi, beharbada? Originala, hobeki erran. Originala da aurten Senperen (Lapurdi) sortu duten Atxik ardo eta liburu konprometituen azoka.

Ateak 10:00etan ireki zituzten atzo, eta gaur ere izanen da ospakizuna. Orotara, 35 bat ardogile eta hogei bat liburugile bildu dira Senpereko Inharrian. Adrien Goudier antolatzaileak azaldu duenez, Atxik azoka sortzeko ideia lagunarteko eleketa batetik abiatu zen,  urrian: «Bi pasio dira, oso bereiziak, baina zinez lotzen direnak artisau lanaren ildotik, azkenean. Bai ardoa egiten duenak eta bai literatura idazten duenak bere baitako parte bat uzten dio kontsumitzaileari».

Inharria etxalde alimalekoa da, Euskal Herriko laborantzaren munduko museoa iduri duena kasik. Antolatzaileen arabera, «bi familiarena da etxea». Haboroenetan, ezkontzak ospatzeko erabiltzen da, eta, asteburu honetan, «literatura eta ardoa» ezarri dituzte hor erdian, «ezkongaiak» balira bezala, «konpromisoaren izenean bataiatzeko bi mundu horiek».

Bisitariak leku anitzetatik jinak ziren barda, eta bertakoak ere baziren, nola ez. Unai Perez senpertarra kontent mintzatu da: «Plazer bat da horrelako zerbait antolatzea Senperen, ez baitugu baitezpada aukerarik liburu erosteko hemen».

Konpromisoa

Konpromisoa txertatu diote kontzeptu berriari. Azaldu dute azkenean konpromisoak berak bultzatzen dituela ekitaldiak antolatzera, eta bide beretik doala hausnarketa. «Euskaraz idaztea eta argitaratzea, adibidez, konpromiso ederrenetarik bat da Euskal Herrian». Ardoari dagokionez, mahastizaintzak pairatzen dituen legediak ekarri dituzte gogora, eta, batez ere, horien parean kalitatezko «ardo naturalagoa eta xahuagoa» egiteko parioa egiten duten ardogileak. Bixente Indart horietakoa da, eta, azpimarratu duenez, lurra da «lehentasuna» bere lanean.

Liburu aurkeztera heldu zirenen artetik, Emma eta Maialen Arestegi baziren: Xan eleberria plazaratu zuten iaz. Ardoaren eta literaturaren arteko lotura nola irudikatzen duen azaldu du lehenak: «Produktuak onak eta hemengoak dira. Arno bat ontsa egina eta landua delarik, sorkuntza baten parekoa da: artea da. Gainera, arnoek eta liburuek pixka bat eskapatzeko gaitasuna ematen digute; ez ber maneran, halere». Eta irriz hasi da.

Gerora begira, asteburua nola pasatzen den zain dira antolatzaileak, baina gogoa badukete jarraitzeko. Goudierrek borobildu du: «Azoka hau sorrarazi diguten problematikak oraino okerrago izanen dira heldu den urtean; asteburuero egin behar litzateke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.