Kontalarien 'bidaia emozionalak'

Euskal Herrian bezala kanpoan, kontalariek garrantzi handia izan dute historikoki. Haien lanari ez diote nahi adina balio ematen, ordea, kontalariek salatu dutenez; jarduera artistiko bat dela nabarmendu dute.

May Gorostiaga kontalaria, Kolonbiako Akuentajui jaialdian. BERRIA
May Gorostiaga kontalaria, Kolonbiako Akuentajui jaialdian. BERRIA
ane insausti barandiaran
Tolosa
2025eko irailaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kontalariaren ahotik hitzak atera ahala irekitzen dira hartzaileen begiak eta belarriak. Itzaltzen dira kezkak eta arazoak, eta piztu irudimena. Hor sortzen da txispa, hor hasten da bidaia emozionala, banakoa bezain kolektiboa; izan ere, istorio bakar batetik, nork bere iruditeria propioa sortuko du. Horixe da kontalarien boterea: istorio bat entzunez bidaia amaiezinak eginaraztea, emozioetan barrena.

Urteak dira magia horrek May Gorostiaga kontalaria kutsatu zuela. Kolonbiako Akuentajui Kontalarien Nazioarteko Jaialdian izan da berriki, bertako zuzendari Nicolas Lugok gonbidatuta. «Beti aipatzen dugu Kolonbia, zer garrantzi izan duen kontalarien jardunak bertan, historikoki. Hogeitik gora nazioarteko jaialdi dituzte Kolonbian bakarrik, hango ekitaldi batean aipatu zutenez. Izugarrizko esperientzia izan da, narratzaileen artean izugarrizko familia sortu dugu...», azaldu du.

Ezagun zaio jaialdia Itziar Rekalde kontalariari ere. Ia berrogei urte daramatza antzerkiaren eta kontalarien arloan lanean, eta behin baino gehiagotan izan da Latinoamerikan, istorioak kontatzen. 2023. urtean jaialdi berean parte hartu zuen. Ondo gogoan du lehen aldian egin zioten harrera: «Aireportuan neukan autobus bat zain, eta nire aurpegia inprimatuta zeukaten, besteenarekin batera. Jaialdia hasi zen egunean, eskolak eten zituzten, eta hor egon ziren musika banda, orfeoia, suhiltzaileak... kale guztietatik, txarangan».

(ID_17568322132285) (/EZEZAGUNA)
Itziar Rekalde kontalaria, Kolonbiako Akuentajui jaialdian. BERRIA

Dena geldiarazi dezake ipuin batek, edo kontalarien jaialdi batek: izarren gisara hartu izan dituzte herrialdean. Hain justu ere, ahozkotasunak komunitatean duen indarraren sinboloa da Kolonbiako wayuu kulturan duten El Palabrero izeneko figura edo pertsonaia. Riohacha hiriko malekoian estatua bat eskainia diote: azti baten itxurako gizon bat da, kapela buruan, makila eskuan, eta eserita dago, esku bat airean, azalpenak ematen bezala. «Ez da kontalari bat bakarrik. Gatazkak sortzen direnean familian edo komunitatean, gerturatzen dira harengana, eta, istorioen bidez, saiatzen dira ez bakarrik istorioak kontatzen, baizik eta baita ere bitartekari lanak egiten adostasun bat lortzeko, edo behintzat bideratzeko gatazka hori», azaldu du Gorostiagak.

Urduritasuna

Beldurrez bidaiatu zuen Gorostiagak Kolonbiara. Izan ere, berak sortutako istorioak kontatzen ditu, eta nola hartuko zituzten edo ulertuko ote zituzten beldurrez joan zen. Hango kodeetara eta terminoetara egokitzen lan handia egin zuen. Baina «abentura artistiko pertsonal» baten gisa hartu zuen, eta zerbait inportantearen parte sentitu zela dio: «Gure lanean ez dago laugarren paretarik; solasaldi bat da, eta bestearen isla ezinbestekoa da: ikustea nola joaten diren zurekin batera istorioan bidaiatzen. Alerta egon behar duzu, eta oso aberasgarria da aldi berean».

«Erromantizatu egiten da gure [kontalarien] jardunbidea, eta museoko pieza bat balitz bezala tratatzen da»

MAY GOROSTIAGA Kontalaria

Jaialdien aurretik, herrian eta kalean ibiltzea ere beharrezkotzat dauka Rekaldek, «giharra hartzeko». Baina horrelako jaialdiek nork bere burua neurtzen laguntzen dutela ere azaldu du. «Kristoren abentura da. Batetik, inportantea da neurtzeko zeure burua; bestetik, modu profesionalean, zabaltzeko zure ibilbidea; eta, gainera, aukera duzu beste dimentsio batean aritzeko, eta ezagunago egiteko, noski».

Kolonbiaz ari dira, baina gogorarazi dute Euskal Herrian ere badaudela jaialdiak, badaudela kontalariak, eta aspaldikoa dela kontalarien jarduna. Tamalez, ordea, ez dute nahiko luketen adinako oihartzun sozialik. «Underground» xamarra da kontalarien jarduna, bien irudiko. «Ez hedabideek eta ez gizarteak ez diote garrantzirik ematen; ez da nabarmentzen gizartean, behintzat. Leku batean egiten da [kontalarien jaialdia], baina horko zaleak joango dira, eta gainontzekoak ez dira enteratzen», kritikatu du Rekaldek.

(ID_17568999854855) (/EZEZAGUNA)
May Gorostiaga, ipuin bat kontatzen. BERRIA

Kolonbiaren eta Euskal Herriaren arteko alderaketa horretan, gakoa tradiziotik modernitatera eginiko trantsizioan kontalarien jardunean «etenik ez» egin izana dela uste du. «Etxean hain ondo ezagutzen zuten jarduna unibertsitateetara eraman zuten, eta beste leku batzuetara. Horrela, beste maila batera eraman dute. Nik uste hor dagoela diferentzia, guk oraindik egin ez dugun saltoa». Eta bertsolaritza jarri du horren kontrako adibidetzat: baserrietan zegoen, auzoetan, baina, handik hirietara eta unibertsitateetara joan denez, beste maila batera eraman dutela uste du.

Irudimena piztea

Beste jarduera artistiko bat da, azken finean, kontalariena. Eta, beste edozein artek bezala, «espiritua elikatzeko» balio du, Rekaldek adierazi duenez. Hortaz, jarduerak berak gauza asko lantzeko aukera ematen duela nabarmendu du: «Adierazmenaren eta zuzeneko komunikazioaren inportantzia, bidaia emozional komunak sortzea... Katarsi txikiak sortzea, makrokontzertuetan gaudenean gertatzen den bezala».

Eta «irudimenaren giharra» martxan jartzea ere bai. Izan ere, istorio berbera entzun arren, nork bere irudia sortzen du, nork bere unibertsoa: «Nik, txikitan, nahiz eta basoz inguratuta ibili, ipuineko Txanogorritxuren eta otsoaren basoa irudikatzen nuenean, ez zen nire herri inguruan zeuden basoak bezalakoa, nik asmatutako basoa baizik. Ume txikiei ez badiegu ematen irudimena lantzeko aukera hori, erreferentziak kanpotik bakarrik jasoko dituzte». Eta baita helduek ere.

«Jaialdiak inportanteak dira neurtzeko zeure burua, zeure ibilbidea zabaltzeko eta ezagunago egiteko»

ITZIAR REKALDEKontalaria

Dena den, haien jarduna tratatzen duten moduarekin kritiko ere azaldu da Gorostiaga. «Uste dut batzuetan erromantizatu egiten dela gure jardunbidea, eta museoko pieza bat izango balitz bezala tratatzen dela. Mantendu behar dela esaten dute, lehen horrela egiten zelako, eta abar. Eta oso ondo dago hori, baina arte nagusi bat ere bada. Eta hor barruan badaude sortzeko motibazio pila bat, artistak bezainbat. Tristea izango litzateke herrialde batean modu batean bakarrik kontatuko balituzte istorioak».

Are gehiago, sarritan «tresna» sentitu izan direla ere kontatu dute, baldintzatuta sentitu izan direla, haien lanari ez zaiola nahikoa balio ematen. Gorostiagarenak dira hitzok: «Esaten digute: 'Etorri egun honetan, eta gai honi buruzko ipuin bat kontatu behar duzu, ez-dakit-zer egun delako'. Eta egiten dugu, eta ondo egiten dugu, jan behar dugulako, baina...». Bat dator Rekalde ere: «Irakurzaletasuna bultzatzen dugula esaten digute. Hori ere egingo dut, baina ez da nire lana. Nire lana da adierazmena, irudimena, irudimen pertsonala eta kolektiboa martxan jartzea, bidaia emozional komunak sortzea...».

Bidea urratzen

Zailtasunak zailtasun, ordea, nork bere bidetik, eta nork bere helburuekin, ekarpen handia egin diote Euskal Herriko kontalarien jardunari. Gorostiagak, besteak beste, Intujai antzerki eskola sortu zuen Tolosan (Gipuzkoa), eta Ahoz Aho Nazioarteko Ahozkotasunaren Jaialdia ere bai —aurten hemezortzigarren aldia izan dute—. «Jaialdia sortu genuenean, geure burutik ez ziren pasatzen hausnarketa hauek guztiak. Elkartzeari esker joaten zara hazten, kontalari bezala, artista bezala eta pertsona bezala. Horrelako topaketa edo eremuak ezinbestekoak dira elkarrekin egoteko».

«Badauka erritu puntu bat egiten dugunak, bada hitzaren zeremonia. Guk ez badugu sinesten, ez dugu sinetsaraziko»

MAY GOROSTIAGA Kontalaria

Saretze horrekin jarraitzeko, beste kontalarien jaialdi batzuekin lankidetza sortu nahi dute, artisten trukeak antolatzeko. Horixe da hurrengo erronka: «Lortu nahi dugu urtero harremana izatea beste jaialdi batekin, non euskaldun bat edo pare bat joango diren hango jaialdira, eta Ahoz Ahok hartuko duen konpromisoa hango artistak ekartzeko, nola edo hala zubi horiek pixkanaka-pixkanaka eraikitzeko», azaldu du Gorostiagak.

(ID_17568957892505) (/EZEZAGUNA)
Itziar Rekalde, Medellingo (Kolonbia) Entre Cuentos y Flores Nazioarteko Jaialdian, ipuin bat kontatzen, 2023an. BERRIA

Eta zubiak eraikiko dituzte Arabazan Ahozkotasunaren elkartearekin eta Kontalaritzaren Eskolarekin ere. Izan ere, duela urtebete sortu zuen eskola Rekaldek, Gasteizen, jarduera artistiko horretan trebatzeko eta ikuskizunak sortzeko. Lehen kolpean 67 eskaera izan zituzten, eta 33 pertsona ari dira parte hartzen lehen promozioan. Hiru urteko eskola da, baina urratsez urrats joateko asmoa azaldu du Rekaldek. Hala, ez dira hutsetik hasiko kontalari berriak: orain badituzte erreferenteak, badute nondik abiatu, nor entzun edo ikusi, gero haien lanak sortzeko.

«Ez hedabideek eta ez gizarteak ez diote garrantzirik ematen [kontalaritzari]; ez da nabarmentzen gizartean»

ITZIAR REKALDEKontalaria

Sortuko dira kontalari berriak, sortuko dira ikerlariak, eta sortuko dira irakasle berriak ere. Eta jarraituko dute elkarlanean, nork bere tokitik, ahozkotasunari eta kontalarien jardunari balioa ematen. Gorostiagak biribildu ditu esandakoak: «Badauka puntu zeremonial bat egiten dugunak, erritu puntu bat, bada hitzaren zeremonia, nola edo hala. Guk ez badugu sinesten, ez dugu sinetsaraziko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.