Kontenplaziorako Bilbo bat

Turisten jopuntu izaten dira Bilboko erakustokiak. Guggenheimen eta Arte Ederren Museoan, etengabeak dira sartu-irtenak; bildumak erakartzen ditu, edota eraikinak.

Bilboko Arte Ederren Museoaren inguruak, ostiralean. O. MATXIN EDESA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2023ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Tanto gorriz josita dago Bilboko Guggenheim museoaren aldameneko urmaela. Hormigoizko zubiak, titaniozko xaflek eta Anish Kapoorren eskultura metaliko distiratsuak inguratuta, are deigarriagoak ikusiko ziren orbanak helikopterotik, grisean gailen. Zerutik begiratuta, esku hartzeak Frantziako Tourraren diseinuaren antza du; lurretik, baina, eta lasterketatik astebetera, hobeto irakur liteke tantoetako batean zuriz idatzita dagoena: Yayoi Kusama. Museoaren inguruetan, ziklistarik ez dago jada, bisitarien joan-etorri etengabeko eta patxadatsu batek ordezkatu du jendetza zaratatsua, eta turisten kamerek museoa dute jomuga. Guggenheimek arreta berreskuratu du.

Badu zer erakutsi. Kusamaren ibilbide oparoa, esaterako, kolore eta forma bizietan bermatutako laurogei bat urteko atzera begirakoa; edo bidaia espresionista bat Oskar Kokoschkaren artelanetan barrena; edo Lynette Yiadom-Boakyeren erretratu indartsuak. Baina eskaintza gorabehera, bertoko obrek erakarri dituzte gehienbat Kaliforniako (AEB) Carolina Swaney eta Andrea Ford. «Niri gehien gustatu zaidan zatia goiko aldekoa izan da, Bilborekin lotura handiagoa duen bilduma», esan du Swaneyk. «Beste hiri bat bisitatzen dudanean, nahiago dut leku horretako kultura ikusi, eta ez handik kanpoko artisten erakusketak».

Kritikoagoa izan da Yolanda Sacristan Felipe. «Pinturen zatia adar jotze bat iruditu zait. Auzo bateko erakusketa aretoan ikusiko balituzte, gaizki eginak daudela esango lukete». Harekin bat agertu da senarra, Fredesvindo Correas Quiralte, baina «bai, bai» apal batekin adierazi duadostasuna, eta andreak garatu du ikuspuntua. «Ez daukate proportziorik, ez daukate lerro on bat, ez daukate perspektiba on bat. Kusamaren alde psikodelikoa interesgarria da, baina gainontzekoa txarto eginda dago».

Bilbo bisitatzera etorri dira egunotan, Cuidad Realetik (Espainia), beren seme-alabekin, Fredesvindo Correas Sacristan eta Blanca Correas Sacristan. Turismoa egiten dutenean, museoetara joan ohi dira —Parisko bidaia oroitu dute, hango Louvre eta Orsay erakustokiak—, artelanak behatzeko, bai, baina eraikinek erakarrita, batik bat. Guggenheimi dagokionez ere, haien interes nagusia arkitektura zen, eta horrek ez die hutsik egin, Sacristanek nabarmendu duenez, zirraraz. «Eraikinak harritu egin nau. Gustuko dugu nola dagoen kokatuta, nola dauden landuta materialak, hala kanpotik nola barrutik. Oso kuriosoa da nola dauden eginda gauza batzuk: erortzen ari direla ematen duten tantak, merkurio tantak diruditenak zoruan...».

Eta, barruan ere, atondo garai eta areto zabalez gain, begiz jo dituzte beste egitura batzuk, Richard Serraren Denboraren materia eskultura sorta, bihurritutako Corten altzairuzko labirinto erraldoiak. Seme-alabak txunditu egin ditu, baita gurasoak ere. Sacristan: «Izugarria da nola dauden eginda, nola dauden tolestuta eta finkatuta».

Ezustekoak animatuta

Ezberdina da guztiz. Gainezka egin duten formak dirudite Guggenheimenak, eta, aldiz, eutsiagoak dira Arte Ederren Museoaren lerroak eta angeluak, diskretuagoak eraikin zaharraren koloreak. Eta, hala ere, orobat izan litezke amu bat goiz lasai batean, inguruan pasieran ibili beste planik ez duten bisitari aspertu batzuentzat, Bilbon estreinakoz dauden turistentzat. «Fatxadak atentzioa eman digu, eta kuriositatez sartu gara», adierazi du Maria Luisa Muñozek. «Marrazki batzuek harritu naute; oso ondo eginak daude. Teologiako kontakizun batzuk islatuta daude, eta oso errealak dirudite». Arte garaikidearekiko ikusmira ere erakutsi dute, dena den. «Alanbreekin egindako emakume figura bat» aipatu du Jesica Toscanok: Dora Salazarren Tejer II eskultura, hain justu.

Kontrara, aspaldian egiteko zuen bisita Estibaliz Mendez bilbotarrak, eta zorra kitatzea erabaki du, orain sarrera doakoa dela aprobetxatuta. «Arte Ederrak ikasi nituen, eta gustatzen zait museora etortzea, baina alferkeria ematen dit», bota du, neke itxurarekin, eta eskulturen erakusketa murgiltzaile batek utzitako «txikitasun» sentsazioz blaituta. Tourraren egunetan etxean gelditu zen, eta Bilbo apalago batek eman dio oraingoan irteteko hauspoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.