Diseinatzaile grafikoa eta ilustratzailea

Edur Kortabarria: «Konturatu naiz estiloa ez dela helburua, baizik eta prozesuaren emaitza»

Diseinatzaile grafikoa eta ilustratzailea da Kortabarria, eta sormenaren bidea hartu du, presiorik gabe: diseinua eta marrazketa uztartuz, samurtasunez eta gozamenez sortzen du; artea, ogibide baino gehiago, bizimodu bihurtu du.

Edur Kortabarria diseinatzaile grafikoa eta ilustratzailea. EDUR KORTABARRIA
Edur Kortabarria diseinatzaile grafikoa eta ilustratzailea. EDUR KORTABARRIA
unai etxenausia
2025eko azaroaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Edur Kortabarria (Aramaio, Araba, 1993) diseinatzaile grafikoa eta ilustratzailea da, bere sormenaren bidez kolorearen, formaren eta testuraren arteko elkarrizketa intimo bat sortzen duena. Ingurunearekin eta gizakiarekin lotura estua du, eta bere lanek askotan islatzen dute harreman hori: samurtasuna, introspekzioa eta nortasun bisuala uztartzen ditu, irudiaren bidez emozioak islatuz. Kortabarriak artearen eta komunikazio bisualaren arteko zubia eraiki du bere ibilbidean, eta bere estilo berezia —aldatuz joan dena, baina haren esentzia igartzen dena— minimalismoaren eta adierazgarritasunaren arteko oreka bilakatu da.

Diseinuan eta ilustrazioan hasi aurretik, Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua ikasi zenuen Oñatin. Beraz, nondik datorkizu arterako eta sormenerako zaletasuna?

Pixka bat bitxia da nire kasua. Izan ere, batxilergoan nengoela, Historiako gradua ikasi nahi nuen. Baina amak gradu hori —Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza— aurkeztu zidan. 18 urterekin ez duzu oso argi zer egin nahi duzun, eta horregatik hartu nuen bide hori. Denborarekin, konturatu nintzen nire gustuek eta sormenak gidatzen nindutela proiektuetan, eta horrek eraman ninduen sorkuntzaren mundura.

Zehazki, zein izan zen mugarria?

Graduko hirugarren mailan Visual Thinking metodologia ezagutu nuen, eta ikaragarri gustatu zitzaidan. Ikasi genuen ideia konplexuak modu bisualean laburtzen eta adierazten, bilera eta prozesuetan marrazkien bidez informazioa sintetizatzeko. Hasieran berrikuntzarekin eta komunikazioarekin lotu nuen, baina handik diseinura egin nuen salto. Madrilera joan nintzen, eta horrekin lotutako gradu amaierako lana egin nuen. Ikasle talde batekin proiektu bat ere abiatu genuen hortik; hori izan zen nire ibilbidearen abiapuntua.

Diseinu grafikoa deskubritu zenuen orduan?

Bai, hala izan zen. Komunikazio bisualaren garrantziaz jabetu nintzen, eta hortik diseinu grafikoaren mundura iritsi nintzen. Diseinu grafikoak komunikazioa eta artea uztartzen ditu, eta hori izan zen gehien erakarri ninduena. Arlo teknikoaren eta artistikoaren arteko elkargunea aurkitu nuen bertan.

Baina eskuz marrazten ere badakizu...

Beti gustatu izan zait marraztea, umetatik, baina baztertuta neukan zaletasun hori. Diseinu grafikoarekin hasi nintzenean, berriz piztu zitzaidan grina. Hasieran lan kontzeptualagoak egiten nituen, baina pixkanaka ilustrazioan sakontzeko beharra sentitu nuen. Marraztea nire hizkuntza natural bihurtu zen berriro. Horregatik joan nintzen Bartzelonara ilustrazioa ikastera, eta han sakondu nuen nire sormen propioan.

Bartzelonara joan aurretik, zure lehen marka propioa sortu zenuen: Mari Matraka.

Mari Matraka nire lehen diseinu marka izan zen, bai. Arropetan eta beste euskarri batzuetan marrazten nituen nire irudiak. Garai hartan proiektu ugari neuzkan, baina, paradoxikoa badirudi ere, zaila egiten zitzaidan sortze hutsetik bizitzea. Hala ere, asko ikasi nuen, eta esperientzia horrek erakutsi zidan zein garrantzitsua den sormena gozatzeko, ez soilik lanerako. Handik etorri zitzaidan Bartzelonara joateko gogoa, gehiago ikasteko eta neure burua artistikoki aztertzeko.

Inspirazioa ezinbestekoa da ilustratzaile baten bizitzan. Nondik datorkizu zuri?

Egia esan, inspirazioaren gaineko krisiak izan ditut. Bartzelonan nengoela, nire marka garatzeko ideiarekin obsesionatu nintzen, baina nire sormenaren plazera itzali zuen horrek. Presio handia sentitu nuen: nola izan artista, nola aurkitu nire ahotsa. Garai pertsonal eta profesional zailak izan nituen, eta ez nengoen gustura neure buruarekin. Orain, enkarguz egiten ditut lanak, baina presiorik gabe, pasioz.

Nolako enkarguak egiten dituzu?

Azkenaldian, musikaren eta artearen munduarekin lotutako lanak egin ditut gehienbat: logoak, kartelak, diskoen azalak, kamiseten diseinuak… Adibidez, Banana Shake taldearentzat egin nuen marka iruditegi berria. Horrelako proiektuetan gozatzen dut gehien, diseinua eta ilustrazioa uztartzen direlako. Bi diziplinen arteko fusioan aurkitzen dut neure lekua.

IMG 1828
Kortabarria marrazten. EDUR KORTABARRIA
Egun, sormen enkarguak ez dira zure diru iturri nagusia, baina jarraitzen duzu sortzen. Zergatik?

Gustatzen zaidalako. Aspaldi hartu nuen erabaki hori: ez dut nahi sormena nire lanbide nagusia izan dadin; gozamenerako lekua izan dadin nahi dut. Gaur egun, Ereindajan Arrasate elkartean nabil lanean, koordinazio eta komunikazio lanetan. Hor ere badago diseinuaren eta komunikazio bisualaren alorra, eta horrek aukera ematen dit sormena beste modu batean lantzeko. Autonomo gisa bizi ez arren, marrazten eta sortzen jarraitzen dut; beti ibiltzen naiz saltsan.

Zure lanetan samurtasuna eta espresibitatea uztartzen dira. Hori da zure lanaren ezaugarri nagusia?

Neurri handi batean, bai. Bartzelonan nengoenean asko sufritu nuen, estilo baten bila nenbilelako. Han jende askok oso definitua zuen bere estiloa, eta nik neuk ere hori aurkitu nahi nuen; prozesuaz nahi beste ez gozatzea eragin zuen horrek. Denborarekin konturatu naiz estiloa ez dela helburua, baizik eta prozesuaren emaitza. Nik badut joera marrazketa lineala egiteko, marra finekin eta trazu garbiekin marrazteko. Hasieran gorputzak irudikatzen zentratu nintzen —nire gorputza ere oinarri gisa erabiliz—, baina orain kolorearen eta testuren bidez adierazten dut gehienbat.

Eta orain beste proiektu batean ere bazabiltza: Jarein.

Mari Matraka utzi ondoren, halako pena bat geratu zitzaidan. Pandemia garaian asko pentsatu nuen horri buruz, eta orain beste bi lagunekin batera Jarein marka ari gara sortzen. Kamiseten diseinuak gure adierazpide bihurtu dira berriz. Ez dugu helburu profesionalik, gozatuz sortzeko gogoa baino ez.

Esan daiteke, beraz, orain bai, gozatu egiten duzula sortzen ari zaren bakoitzean.

Noski. Gustatuko litzaidake sorkuntzatik bizi ahal izatea, baina ez dut uste hala izango denik. Eta, aizu, nik erabaki dut dena lasaiago hartzea.

Lotsabako

Ilustratzaile bat?
Carla Fuentes.

Inspiratzen zaituen toki bat?
Mendia, ni bakarrik joanda.

Sortzeko unerik egokiena?
Iluntzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.