Komunikazioa

Kontzertuak eta sariak, Euskadi Irratiaren 30. urteurrena ospatzeko

Gaur Euskadiko Orkestra Sinfonikoak emango duen kontzertua entzun ahalko da, 20:00etan

urtzi urkizu
Donostia
2012ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Hilaren 23an 30 urte beteko dira Euskadi Irratia emititzen hasi zenetik. Hiru hamarkada oparo izan dira egun osoan euskarazko programazioa entzuleei eskaintzen. Eta urteurren hori ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Gaur bertan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertua izango da Donostiako Kursaal jauregian. Euskadi Irratiak eta EITB Musikak zuzenean emango dute, 20:00etan hasita. Michael Nestwrowiczek zuzenduko du kontzertua (Tenerifeko Orkestrako zuzendaria). Gainera, Asier Polo biolontxelo jotzaileak hartuko du parte. Eskainiko dituzten obren artean estreinaldi bat nabarmendu behar da: Gorka Erkoreka euskal konpositorearen Ekaitza. Asteartean egin zuten leku berean kontzertua, eta orduan entzun zen aurreneko aldiz Ekaitza. Ā«Kontrastez betetako obra da, eta, izenburuak adierazten duen bezala, ekaitz bat sinbolizatzen duĀ», adierazi du egileak. Asier Polok, berriz, azaldu du hiru hilabetez aritu dela Erkorekarekin lanean. Biolontxeko jotzaile bilbotarrak Villarojo, Antonio Garcia Abril eta Luis de Pabloren obrak estreinatu izan ditu. Britten eta Elgar konpositore britaniarren piezak ere entzun ahalko dira gaurko kontzertuan.

Hilaren 11n, igandea, Euskadi Irratiaren urtemugako beste saiobat dute entzuleek. Imanol Cover lehiaketako finalisten kontzertua egingo dute Donostiako Lugaritz kultur etxeko Imanol Larzabal aretoan (19:00). Euskadi Irratiak Imanol Oroituz taldearekin batera antolatutako egitasmoak abeslari donostiarra zena omentzea du helburu. Hala, azkeneko hilabeteetan, Imanolen kanten bertsioak bidali dituzte hainbat taldek zein bakarlarik. Kontzertu horretan jakinaraziko dute zeintzuk diren irabazleak. Bi sari banatuko dituzte: entzuleena (bozkatuena izan den abestiari) eta epaimahaiarena. Finala Euskadi Irratiak eta ETBk grabatuko dute, aurrerago emititzeko.

Azaroaren 23an, Euskadi Irratiak 30 urte betetzen dituen egun berean, urteurreneko sariak banatuko dituzte Donostian. San Telmo museoan egingo dute ekitaldia, 19:00etan. Hainbat sari emango dituzte: batetik, entzule leialenari Gertu saria emango diote. Bestetik, 30 urteotako irratsaio nabarmenenak Irratia saria jasoko du. Eta iragarkiak betidanik jarri dituenari Fideltasun saria emango diote. Dora Salazarren grabatu bana jasoko dute guztiek. Egun berezia izango da euskarazko irratigintzarentzat azaroaren 23a. Kontuan hartu behar da Euskadi Irratia egun horretan jaio zela. ETB1, berriz, 1982ko abenduaren 31n sortu zen. Eta datozen asteetan hainbat emanaldi izango dira urteurren horrekin lotuta.

2012a, ospakizun urtea

Euskadi Irratiak 30 urte egitasmoaren barne, beste hainbat ekitaldi egin dituzte aurten. Maiatzean, gastronomia topaketa egin zuten Andoainen, Kilometroak 2012rekin bat eginez. Ekainean,Irratilagunak egitasmoa antolatu zuten (Ramon Etxezarreta eta Pernando Barrena hitzaldi berean bildu zituzten). Koldo Ordozgoitik euskarazko irratigintzaren historiari begiratu bat eman dio,Irratigintza euskaraz tartean. 61 atalez osatutako sorta hori www.eitb.com-en entzun daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.