Bidasoa ibaiaren gainean, pantalan batean, ur gainean, eta ur tantaka: horrela aurkeztu dute Urmugaren Urtanta egitasmoa, Irunen (Gipuzkoa). Mendia, natura eta herria josten dituen ekinbide berezi horrek Euskal Herria eta Kanaria uharteak batuko ditu aurten, eta mugak igarotzen ari direla bizia galtzen duten migranteei egin nahi diote gorazarre, haien egoeraren gogorrari ohar, eta haien ezinari doinu. Elkartasun tantak zipriztin bihurtu, kontzientziak blaitzeko.
Bi zatitan banatuta egingo dute, horrenbestez, aurtengo Urtanta egitasmoa: maiatzaren 24tik ekainaren 1era Kanaria uharteetan egingo dute, eta uztailaren 17tik 25era, berriz, Euskal Herrian. «Bidasoa ibaiaren gainean gaude. Muga madarikatuetako bat da hau Euskal Herrian, baina are madarikatuagoa da gaur egun muga hau gainditu ezinik dabiltzanentzat: migranteentzat», azaldu du Migel Zeberiok, Urmuga kultur elkarteko eta Et Incarnatus orkestrako zuzendariak. «Guk ez dugu migranteen egoera hori konponduko, baina aurpegia eta salaketa jarri diezazkiokegu horri, musikaren bidez».Â
Eta Urmuga eta Et Incarnatus orkestra horretara joango dira Kanarietara. «Europako Lesbos garratzena han dago. Zeren Mediterraneo itsasoa gogorra da, baina hura are gogorragoa. Asko ez dira iritsi ere egiten, itsasoan gelditzen dira». Horri guztiari «ikusgaitasuna» ematera joango dira hara. Hiru urte dira Kanarietako Contramapas egitasmoarekin elkarlanean ari direla —«Urmugaren kanariar ahizpa» da—, eta elkarlan horren emaitza izango da aurtengo Urtanta. Maiatzaren 24tik aurrera, La Palma uhartea zeharkatuko du espedizioak. Maiatzaren 30ean amaituko dute, Kanaria uharteen egunean, El Hierroko Puerto de la Restigan. «Itsasoan bizia galtzen duten migratzaileen oroimenezko ekitaldi nagusia egingo da han». Emanaldian parte hartuko dute Senegalgo Benabas taldeak, Arifek, Rogelio Botanzek, Percuteras de Garaldek eta Et Incarnatus orkestrak. «Txalupetan iristen diren migratzaileen eta babesik gabeko adingabeen errealitateari ikusgaitasuna eman nahi zaio, kultura eta elkartasuna ardatz hartuta», nabarmendu dute.
Santiagotarrak arraun elkartearen egoitzaren aurrealdean egin dute aurkezpena. Han izan dira antolatzaileak eta babesleak. Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Cristina Laborda Irungo alkatea, Joana Mendiburu Oiartzungo (Gipuzkoa) alkatea, eta Karmele Segura Laboral Kutxako komunikazio arduraduna, besteak beste. Felipe Uriartek xehatu ditu Urtantaren bigarren zatiari buruzkoak: Ibardingo lepoan (Nafarroa) hasiko da, uztailaren 17an, eta Urduñan (Bizkaia) bukatu, uztailaren 25ean.
BERRIA babesle berriro
Urtantaren babesleetako bat izango da BERRIA aurten ere. Ainara Lasa marketin arduradunak eskerrak eman dizkie antolatzaileei: «Herri honek badu zoro ederrak sortzeko eta birsortzeko gaitasuna; pozgarria da beste aldi bat antolatu duzuela ikustea, eta pozgarria, halaber, BERRIA bidelagun gisa hartu izana». Migrazioaren gaian arreta jarri izana nabarmendu du Lasak: «Ibaiak eta itsasoak ez dira beti gozamen iturri. Bidasoa ibai hau ez da denentzat poz iturri. Makina bat migratzailek galdu dute bizia hemen, eta BERRIAn orrialde asko idatzi ditugu idatzi nahiko ez genituzkeenak. Baina auziak hor dirauen bitartean, heriotza horiei ikusgaitasuna ematen jarraituko dugu». Lasak azpimarratu du BERRIA Euskal Herri «erreal bati» mintzatzen zaiola: «Eta ibai hau guretzat ez da muga, herri bat lotzeko zaineriaren parte baizik. Beraz, elikatu ditzagun zain horiek, eta ekinean jardun dezagun hori sustatzen duten dinamiketan. Bihurtu dezagun ibai hau zubi, eta Urmuga elkartasun korridore».
Urmuga eta Et Incarnatus orkestra igandean joango dira Kanarietara, eta Urtanta egitasmoaren lehen zatia egingo dute han. Bigarren zatirako kontzertuetarako sarrerak ekainaren amaieran jarriko dituzte salgai, euren webgunean: www.urmuga.eus. Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak egitasmoaren helburuak nabarmendu ditu: «Euskal Herria josiz joatea, orban fisikoak eta fisikoak ez direnak josiz joatea. Eta Kanariekin josi nahi dira horiek orain, eta migranteen gaiarekin». Gai horren bueltan izandako esperientzia pertsonalak kontatu ditu, eta hausnarketa egin: «Ur tanta honek zipriztindu dezala gure herria, eta balio beza kontzientziak pizteko, eta gai horren inguruan ariketa bat egiteko».
Eta notak izan dira azken zipriztinak: Altsasuko soka dantza eta habanera bat jo ditu Et Incarnatus orkestrak. Bidasoa ibaiaren gainean, ur tantaka.