Euskararen aldeko lasterketarako jendea berotzen jarraitzen du Korrika Kulturalak. Gaur, Tooth taldearen post-hardcorea ezagutzeko aukera emango du, Arrasateko gaztetxean (Gipuzkoa).
Tooth 2009. urtean sortu zuten, Gernikan. Gaur egun, hirukotea da, eta Edortak (gitarra eta ahotsa), Mirrik (baxua eta ahotsa) eta Arzakek (bateria) osatzen dute. Post-hardcorea lantzen dute. Punkaren hardcore adarraren eboluzioaren emaitza da post-hardcorea. Fugazi eta Black Flag taldeekin hasi zen, hainbaten arabera, hardcorearen eskema zurrunak gainditzeko ahalegin moduan. Minutu bateko kanta bortitzetatik harago, indarra beste modu batzuetan dosifikatzeko bideak esploratzen dituzte.
Toothen kasuan, Dut eta Lisabo dira eragin nagusiak, baina baita Helmet, Unsane eta Anphetamine Reptile Records diskoetxeko beste hainbat talde ere. Bilbo Hiria lehiaketan finalistak izan ziren iaz. Horrez gain, lehenengo diskoa plazaratu zuten 2012ko martxoan, Tooth izenekoa, eta azken hilabeteotan lan hori aurkezten ibili dira oholtzaz oholtza. Arratzun (Bizkaia) grabatu zuten, 2011ko abendua eta 2012ko otsaila bitartean. Gaua, negarra eta odola, Zeus, Bidai luze baten lehen urratsak, Airea... askatasuna kantak biltzen ditu diskoak, besteak beste.
TOOTH
Noiz. Gaur, 22:00etan.
Non. Arrasateko gaztetxean (Gipuzkoa).
Korrika Kulturalaren hagina
Tooth taldea arituko da Arrasateko gaztetxean, post-hardcore doinuak zabaltzen eta Korrikarako prestatzen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu