Kortxeleko mamuak, bostehun urte joan-etorrien zelatan

Ondarroako Andra Mari elizako fatxadan dauden figurak dira kortxeleko mamuak. Estilo burgundiarrean daude onduak: «kalitatezko» piezak dira, eta detailez josita dauzkate aurpegiak, jantziak eta osagarriak. Ez dago parekorik Euskal Herri osoan.

Ondarroako Andra Mari elizako kortxeleko mamuak, joan den ostegunean. JON URBE / FOKU
Ondarroako Andra Mari elizako kortxeleko mamuak, joan den ostegunean. JON URBE / FOKU
amaia igartua aristondo
2025eko azaroaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denborak fatxadako harriekin berdindu du figuren kolorea, eta itsasadarraren zabalguneko eraikinen atzean ezkutatuta geratu da segizioa. Eta, hala ere, lehen begi kolpean kasik oharkabean geratzen diren arren, kortxeleko mamuek zeresana dute oraindik Ondarroako (Bizkaia) herritarren kondairetan, jaietan, beldurretan. Lehen, portua zubi zaharraren aldamenean zegoenean, haiek egiten zieten ongietorria herrira heltzen ziren txalupei; eta oraindik ere zelatan daudela dirudi, Kanttoipe eta Nasa kaleetako joan-etorriei adi, duela bostehun urte ingurutik hona egin duten legez, Andra Mari elizaren paretetan bermatuta.

1480rako bukatua zegoen eliza, gerora udaletxe zaharrak estali zuen horma bateko inskripzioak zioenez. Eta garai berekoak dira mamuak ere. Gaur egun, ondarroarrek kortxeleko mamu deritze elizaren fatxadetan dauden figura guztiei: balaustrada eta pinakuluak hartzen dituen giza segizioari —hurrenez hurren, hamabi eta hamar figura daude— eta animalia eta izaki fantastikoen tankera duten gargolei; 57 eskultura dira, guztira. Baina bi taldeok bereizi egin ditu Anjel Ituarte historialariak. «Ez dut uste erregea, erregina, moja, soldadua eta gizarteko pertsonaia horiek denak mamu bezala tratatuko zituztenik hasieran», argudiatu du. Eta iruditzen zaio, era berean, oso bestelakoa dela figura batzuen eta besteen taxua. «Segiziokoak aberatsagoak dira; beste esku batekin eginda daude».

Balaustradako mamuetako batzuk, Kanttoipe kaletik begiratuta. JON URBE / FOKU
Balaustradako mamuetako batzuk, Ondarroan, Kanttoipe kaletik begiratuta. JON URBE / FOKU

Gotiko berantiar estilokoak dira eliza eta figurak. Juan Manuel Gonzalez Cembellin historialariaren arabera —Bilboko Eleiz Museoko zuzendaria izan da hogei urtez, urrira arte—, Gaztela iparraldeko moldeek baldintzatu zuten, batik bat, euskal gotikoaren garapena, baina kostaldeko herrietara Europa iparraldeko ufadak ere ailegatu ziren. Izan ere, garai hartan euskal kostaldeko herriek merkataritza harreman estua zuten Borgoina, Flandes, Brujas eta inguru horretako portuekin; besteak beste, burdina eta Gaztelako artilea eramaten zituzten hara, eta hango ideiak, estiloak eta artistak ekarri hona. Burgundiar estiloaren hainbat zantzu daude Ondarroan, Ituartek zerrendatu duenez: Andra Mari elizan Brujasko kopa batzuk daude, zubi zaharretik gertu dagoen Aita Eternoan ere antzematen dira estiloaren ukituak, eta elizako figuretan ere nabarmena da haren eragina.

Hasieran, pintatuta

Segizioko figuretan, zehazki, oso argia da Europa iparraldeko arrastoa, Cembellinen irudiko. «Erabat ezohikoak dira, eta oso ederrak», balioetsi du. «Kostalde osoan eta Gaztelako Koroa guztian ez dago horien antzik duen ezer. Alemaniako eliza batzuetan, aldiz, badaude. Edo eskultore bat ekarri zuten Alemaniatik, edo hemengo norbait han ibili zen, eta ideia ekarri zuen». Zerk egiten ditu hain berezi, bada? Hasteko eta behin, kokapenak. Ez da ohikoa eliza baten goiko aldean eskultura multzo bat ipintzea; gargolez aparteko figurak portadetan ipintzen zituzten, normalean. «Aldiz, Ondarroan erlaitzetan daude, porturantz aterata bezala».

«Mamuen aurpegi guztiak ez dira berdinak: tristeak daude, barre batzuk ere ikusten dira... Sentimendua daukate»

ANJEL ITUARTE Historialaria

Gaur egun, mamuen azpian kaleak daude, baina, egin zituztenean, uraren ertzean zeuden, itsasadarrari tokia irabazi zitzaion-eta gerora. «Harrera egiten bezala zeuden: zure barkuarekin heltzen edo joaten zinenean, mamuak ziren ikusten zenituen lehen edo azken gauza. Hori ez da beste inon gertatzen». Cembellinen ustez, seguruenik beren eliza inportantea zela erakusteko ipini zuten ondarroarrek segizioa; eta, gainera, baliteke hasieran eskultura horiek margotuta egon izana, eta, beraz, are deigarriagoak izatea. «Ontziarekin heltzen zirenean, irudituko zitzaien han goian jendea zegoela haiei begira. Ondarroarrak ohituta egongo ziren, baina kanpotarrak harritu egingo ziren».

Arraroak dira; baina, horrez gain, baita «kalitatezkoak» ere. Figuren bertute estetikoak goraipatu ditu Ituartek. «Naturalismo handia daukate, mugimendua daukate». Eta zeharo errealistak dira: giza irudiak detaile txikiz josita daude, irudi bakoitzari ezaugarri propioak eransteraino: kasu baterako, erromesa maskorrarekin ageri da, kalabazarekin eta makilarekin, eta erraz identifika litezke gainerako pertsonaiak ere; are, arropak xehe-xehe zizelkatuak daude, orobat. Espresioetan agerikoa da gotiko berantiarraren kutsua. «Aurpegi guztiak ez dira berdinak: tristeak daude, barre batzuk ere ikusten dira... Sentimendua daukate». Gargolak, aldiz, «ez daude hain ondo landuta».

Mamu musikarietako bat. Detaile handiz ondua dagoela antzeman daiteke jantziaren eta osagarrien xehetasunetan eta aurpegieran. ANJEL ITUARTE
Mamu musikarietako bat. Detaile handiz ondua dagoela antzeman daiteke jantziaren eta osagarrien xehetasunetan eta aurpegieran. ANJEL ITUARTE

«Ondarroarrek eskultore ona topatu zuten, eta tailu onak egin zizkieten, nahiz eta, kokapenaren kausaz, euria eta haizea haiek hondatuz joan diren», adierazi du Cembellinek. «Pena da hain egoera txarrean egotea; ganoraz berriztatu beharko lituzkete».

Biluztasun betikotua

Gizarteko goiko estamentuen eta haiekin lotutako pertsonaien ordezkaritza bat islatu zuen eskultoreak Andra Mari elizan. Arrantzalerik ez da agertzen; bai, ordea, erregea eta erregina, monje bat eta moja bat, soldaduak, erromes andre-gizonak, kopari bat eta pitxerra daraman emakume bat, aizkolari bat, maiordomo bat eta dontzeila bat, eskribaua, serora, prebostea, merkataria eta hiruzpalau musikari. Ituartek esplikatu duenez, figura horietako asko binaka daude onduta, bata gizona eta bestea emakumea.

Ñabardura egin du: «Eliza erregearen menpe zegoen, ez gotzainaren menpe». Eta horrek azaltzen du, hein handi batean, figuren nolakotasuna. Ez baitira aingeruak, ezta birjinak ere. «Elizan, behin eta berriz agertzen da Gaztela eta Leongo armarria, Ondarroakoa eta Bizkaikoa; baina ez dago gotzaingoaren ezkutu adierazgarririk».

«Ondarroarrek eskultore ona topatu zuten, eta tailu onak egin zizkieten, nahiz eta, kokapenaren kausaz, euria eta haizea haiek hondatuz joan diren»

JUAN MANUEL GONZALEZ CEMBELLIN Historialaria eta Bilboko Eleiz Museoko zuzendari ohia

Bostehun urte, baina, nahikoa dira izaerak aldatzeko, mitoak loratzeko, mamuak gehitzeko. Leokadi askoz beranduago batu zen mamuen segiziora, XIX. mendean. Ezaguna da haren kondaira: elizari hiru buelta eman zizkiola, eta harrizko bihurtu zela. «Dena batu da», esan du Ituartek. «Barandiaranek-eta zera esaten zuten: garai batean, Ave Marietako kanpaiak joz gero, ezin zitzaizkiola etxe bati edo eliza bati hiru buelta eman. Mito hori Euskal Herriko toki askotan dago». Orain, Leokadik gainerako mamuak gidatzen ditu abuztuaren 14an, elizatik jaitsi eta kalejiran ateratzen direnean herriko festei hasiera emateko; 17an itzultzen dira beren txokora.

Hezur-haragizko izaki batzuk baitira, paradoxikoki, XV. mendeko Ondarroako kaleetan imajina daitezkeenak, irudika daitezkeenak elizaren obrak zuzentzen, beste mamuetako batzuekin eztabaidatzen, portuan paseatzen, tabernetan atseden hartzen edo negoziatzen. Bide hori egin du Txomin Badiola artista eta idazleak Mamuk eleberrian (Acantilado, 2025): harrizko mamuak hartu eta mamizko bilakatu aurrena, eta istorioaren bidez harrizko bihurtu, ostera. Herriko bikarioa Beranger de Bourgoigne eskultore eta arkitektoarengana joaten denean figuretako baterako posatzera, zenbait ezintasun aitortzen dizkio, ezustean. Eta anekdota horrek erabat aztoratuko du artista. «Handik aurrera, Beranger de Bourgoignerentzat elizgizona ez zen ordura arteko bera izan: haren klausurako giltza antzemana zuen. Eta arimaren biluztasun hori betikotuko balitz estatua batean?».

Ondarroako Andra Mari elizako gargoletako bat. ANJEL ITUARTE
Ondarroako Andra Mari elizako gargoletako bat. ANJEL ITUARTE

Gargolak, fatxadetako izaki praktikoak

Gizakiak eta gargolak, gargolak eta gizakiak: biek ala biek partekatzen dituzte Ondarroako Andra Mari elizako hormak. Ez dute funtzio bera, ordea. Gargolak elementu praktikoak dira, oroz gain, Juan Manuel Gonzalez Cembellin historialariak azaldu duenez: hustubide dekoratuak, euriaren ura eraikinetik ahalik eta aparteen bidaltzen dutenak, fatxada hondatu ez dadin. Kortxeleko mamuek —giza segizioa baino ez du sartzen talde horretan— «funtzionalitatearen ikuspegitik, ez dute ezertarako balio, edertzeko baino ez». 

Mamuak ez bezala, baina, gargolak ohikoak izan dira euskal eraikinetan. Elizetan dute jatorria. «Esan ohi da aurreneko gargolak Laongo katedralean ipini zituztela, Frantzian; 1.200. urte inguruan eraiki zuten». Baina askotariko eraikin motetan erabili izan dira gerora. Berehala egin zuten jauzi arkitektura zibil eta militarrera: besteak beste, Erandioko (Bizkaia) Martiartu dorreak lehoi itxurako gargola bat dauka, eta Segurako (Gipuzkoa) Gebara etxeak ere badauzka. «Baina eraikin erlijiosoetakoak kontserbatu dira gehien eta hobeto». 

Estilo gotikoari daude lotuta, nagusiki. 1200. urtetik 1500. urtera taxutu zituzten, eta gotikoko bukaerakoak dira Euskal Herrian dauden gehienak, XV. mendearen hondarretik XVI. mende hasierara artekoak. Errenazimentuan ere kokatu ziren zenbait, «inertziagatik», baina ordurako gailenduak ziren hustubide soilak, dekoraziorik gabeko zilindroak. Bigarren bolada bat egon zen, ordea: XIX. mendean ugaritu ziren ostera, estilo neogotikoak hauspotuta. Frantzia izan zen akuilu nagusia, eta, batez ere, Eugene Viollet-le-Duc arkitektoa. «Parisko Notre Dame hasi zen berriztatzen 1844an, eta gargolaz bete zuen; guztiak dira XIX. mendekoak». Frantziatik Europa osora hedatu zen sukarra; Euskal Herrian, Gasteizko katedral berriko gargola bilduma «harrigarria» da horren erakusleetako bat.

Ondarroako elizan txakurrak, krokodiloak, lehoiak eta arranoak bihurtu zituzten harri, baina baita mitologiatik hartutako izakiak ere. Cembellinen arabera, ereduak Frantzian sortu ziren, eta leku guztietan imitatu zituzten. «Ohikoena da gargolek animalia forma izatea, batzuetan munstro kutsua. Lehoiak gustatzen zitzaizkien bereziki, baina lehoi arraroak dira: seguruenik, eskultoreek ez zuten halakorik ikusi inoiz, agian grabatu batean ikusiko zituzten marraztuta». Hala, hegodun lehoiak daude euskal eliza batzuetan, dragoien tankera handiagoa dutenak; Irungoan (Gipuzkoa), gargola batzuek hegazti mokoa daukate, baina izaki fantastikoak dirudite; Lekeition (Bizkaia), untxi formako bat ere badago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.