Bilboko Aste Nagusian goizero ibiltzen dira udal erraldoiak Zazpikaleetan, eta erraldoi are gehiago batzen dira jaietako azken egunean, igandean: gaur goizean ere Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Lapurdiko konpartsak izango dira Erraldoien 35. Bilkuran. Egun «ederra» izaten da Deustuko (Bilbo) Ondalan konpartsarentzat, hartako kide Jabi Ortegaren (Bilbo, 1976) arabera, hala nola bilkuraren antolatzaileak baitira, Bizkaiko Gaiteroak taldearekin batera; baina aurtengoa are bereziagoa izango da, konpartsak 30 urte bete baititu 2026an.
Ikusi gehiago
Ondalan sortzea erabaki zen batzarrean izan zen Ortega. «Deustun bazegoen halako proiektu bat edukitzeko prest zegoen jendea, esperientzia zutenak, beste konpartsa batzuetan ibilitakoak baitziren», oroitu du. Eta iruditu zitzaien auzoan zerbait egin zitekeela erraldoiek orduko hartan Bizkaian zuten «egoera ahula eta pobrea» aldatzeko. Gipuzkoan eta bereziki Nafarroan, tradizioa osasuntsu zegoen, baina bolada hori Bizkaira heldu barik zegoen artean. «Irudi asko zeuden udalaren esku, baina jaietako egun bakarrean ateratzen zituzten, eta ez ziren haiek dantzatzeko gai, baizik eta altxatu eta eramateko baino ez». Erraldoietako batzuk galduak ziren, edo abandonatuak, eta konpartsa independente gutxi zeuden inguruan. «Gure aletxoa jartzea erabaki genuen».
Eta erraldoi propioak sortuta egin zuten ekarpena. Lau taxutu zituzten, hasteko eta behin, Deustuko historian eta pertsonaietan oinarrituta. Deustuko alkatea izan zen bat, herria ziren garaietako oroitzapen gisara —1924an anexionatu zuen Bilbok—; txakolinaria bat ere gorpuztu zuten, Ibarrekolandan mahats bilketan, elaborazioan eta salmentan jarduten zuten andre haien omenez; Deustuko Erriberako behialako marinelak ere izan zituzten akorduan, baita zirgariak ere, XIX. mendearen amaieran gabarrak itsasadarrean gora tiratzen zituzten emakumeak. «Orain jende gehiagok ezagutzen du errealitate hori, baina duela 30 urte inor gutxik zuen zirgarien berri».
Erraldoi ñimiñoak
Hastapenak nekezak izan ziren, Ortegaren berbei erreparatuta. Izan ere, elkarte xumea ziren, eta dirua behar zuten lau erraldoi haiek ordaintzeko eta hasierako inbertsioari aurre egiteko. Folkloreari lotutako hainbat musikariren laguntza izan zuten, baita erraldoien beste konpartsa batzuetako kideena ere, eta Bilboko Konpartsen Federazioko talde bat edo beste ere batu ziren elkartasun keinu horretara.
«Erraldoi asko zeuden udalaren esku, baina jaietako egun bakarrean ateratzen zituzten, eta ez ziren haiek dantzatzeko gai, baizik eta altxatu eta eramateko baino ez»
JABI ORTEGA Deustuko Ondalan erraldoien konpartsako kidea
Hauspo horrekin ekin zioten abenturari, eta, dirua irabazten hasi zirenean, abagunea izan zuten beste egitasmo batzuei ekiteko: buruhandiak eta zaldikoak egin zituzten, orobat, Ondalan sortu eta hiru urtera «Bizkaiko lehen konpartsa txikia» antolatu zuten 10-12 urtetik aurrerako haurrentzat, eta, geroago, Mamutxak proiektua sortu zuten Kukubiltxo antzerki taldearekin. «Erraldoi altuak baina arinak ziren mamutxak, eta zubi moduan balio zuten nagusien eta txikien artean». 2003an egin zuten erraldoi ninien lehen bikotea, 6 urtetik gorakoentzat, eta figuren bilduma are gehiago ugaritu da ordutik: gaur egun, hogei erraldoi dituzte guztira, baita buruhandi eta zaldiko mordo bat ere.
Beren erara dantzarazten dituzte pertsonaia horiek. «Koreografia propioak sortzea erabaki genuen, erraldoiei lotutako herri musika errespetatuta». Horrenbestez, figuretan eta jatorrietan ez ezik, mugimenduetan ere izango da aniztasuna gaurko bilkuran.