Garai bateko argazkilariek Donostiako badiaren irudiak ateratzen zituztenean, hiriko ingurune bat saihesten saiatzen ziren, behin eta berriz. Hobe zen turistek erosten zituzten posta txarteletan ez agertzea. Ondarretako hondartzatik metro gutxira Ondarretako espetxea egon zen, 1890etik 1948ra bitartean. Hondarrak eta kresalak hiriko pasarterik ilunenetako bat ezkutatzen dute. Francoren aldekoek gutxienez 600 preso fusilatu zituztela uste da. Ahanzturan eroritako historiaren zati hori argitara atera dute orain. Aieteko kultur etxean erakusketa bat ireki dute kartzelaren inguruan. Espetxeko argazkiak, presoen gauzak, lekukotasunak eta hainbat agiri bildu dituzte.
Eskualderako espetxe handi bat sortzeko helburuarekin ireki zuten kartzela, 1890ean. Abuztuaren 31 kalean zegoen espetxea txiki geratuta zegoen ordurako. «Soldaduak maniobrak egiteko lekua zen garai hartan Ondarreta, eta militarrekin negoziatu zuten. Ez zeukan gaur egungoaren itxurarik», dio Iñaki Egaña historialari eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak. Amara zaharrean edo Grosen eraikitzea aztertu, eta, azkenean, hiritik urrun egitea erabaki zuten.
Gasteizko espetxearen ereduari jarraituz eraiki zuten Ondarretakoa. «Gurutze forma zeukan egituraren bizkarrezurrak, eta erdian kokatu zuten aldarea». Espetxearen inaugurazioarekin batera, Antiguako tunela ireki zuten. Tranbia ere orduan iritsi zen auzora.
1910eko hamarkadatik aurrera, Espainiako errege-erreginak Miramar jauregira etortzen hasi ziren oporretan, eta Donostia aristokraziaren bilgune bilakatu zen. «Turismoak gora egitearekin batera, kartzela handik kentzeko iritziak ugaritu egin ziren», azaldu du Iñaki Egañak. Baina historiaren norabideak espetxearen bizitza luzatu zuen.
Milaka preso pasatu ziren bertatik; gizon zein emakumeak. 1931. urteaz geroztik, preso politikoak. 36ko gerratik aurrera frankistek hartu zuten espetxeko agintea. Hainbat eta hainbat torturatu zituzten, eta 600 lagun gutxienez fusilatu zituztela kalkulatzen da. «Faxistak sartu aurretik errepublikanoen eskuetan geratu zen hiru hilabetez espetxea. 50 faxista fusilatu zituztela uste dugu», esan du Egañak. 8.000 presoren izenak jakin ahal izan dituzte, eta erakusketako horma batean jarri dituzte. «Hemen ez daude guztiak, hala ere».
Ondarretan gerra garaian hainbeste preso pilatu zirenez, beste bi espetxe ireki behar izan zituzten hirian: Prim kaleko San Jose egoitza emakumeentzat eta Zapatarikoa gizonentzat. 1948. urtean itxi zuten Ondarreta, eta Martutenera eraman zituzten orduko preso guztiak.
Donostiako Udalak Aranzadi Zientzia Elkartera jo zuen laguntza eske, eta bien artean hasi zituzten erakusketa osatzeko pausoak. Informazioa biltzeko eta lekukoak bilatzeko asmoz, deialdi bat egin zuten, eta izugarri harrera ona izan du. «Ondarretako kartzela ezkutatuta egon den historia zela pentsatzen genuen, baina ikerketarekin hasi bezain pronto ohartu gara ez zegoela ezkutatua, baizik eta gordeta», adierazi du Egañak. «Erakusketa ez da espetxe edo harri baten historia, baizik eta barruan zeuden gizon eta emakumeen ametsen historia».
Agurtzeko gutuna
Suntsitutako ametsak dira asko. Fusilatu behar zutela jakinda Secundino Anton presoak senitartekoei agurtzeko idatzitako gutuna da erakusketako gauzen artean hunkigarrienetako bat. «Juanita, ongi zaindu haurrak, eta erakuts iezaiezu nire memoria errespetatzen. Ez diezadaten errudun gisa ikusi, martiri bezala baizik», irakur daiteke pasarte batean.
Familiek presoei egiten zieten bisitetan janaria eta arropak pasatzeko erabiltzen zituzten saskietako bat ere ikus daiteke. «Heldulekua hariarekin kiribildu, eta gutunak ezkutatzen zituzten bertan, debekatuta baitzeuden».
Kartzelako 38 argazki ikus daitezke erakusketan. Hondartzan futbol partidak jokatzen, jendea eguzkia hartzen eta estropada egunak ikus daitezke, besteak beste, atzean kartzelak egiten duen kontrastean. Hainbat artxibategitan ibili dira arakatzen: Parisko Liburutegi Nazionalean, Kutxatekan, San Telmo museoan, besteak beste.
Presoek egindako hainbat gauza ere badaude. «Rafael Sistiagak egindako kutxak edo Roman Irigoienenen poemak», azaldu du Juantxo Egañak, erakusketaren komisarioak. Imanol margolariaren eta Juan Mari Irigoien idazlearen aita zen Roman. Jose Martinez Amuategi karikaturagileari esker jakin ahal izan dute espetxeko ziegak nolakoak ziren. Hainbat hedabidetan marrazten zuen Amuategik espetxera sartu aurretik. «Presoen karikaturak marraztu zituen Amuategik espetxean zegoela. Fusilatzen zituztenean gurutze bat egiten zien», dio Juantxok. Espetxeko planoak eta prentsan ateratako hainbat artikuluk, eta ateko jatorrizko erroak ikus daitezke aretoan. Lekukotasunekin eta historiarekin bideo bat eta liburu bat ere egin dituzte, erakusketaren osagarri.
Ezarian
Kresalak bustitako kartzela
Donostiako Ondarretako espetxeko argazkiak, presoen gauzak, lekukotasunak eta hainbat agiri bildu dituzte Aieteko kultur etxean ireki duten erakusketan, historia berreskuratu eta memoria gordetzeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu