Kresalak ‘San Juan’ laztandu du

Albaolak berreraiki eta uretaratutako ‘San Juan’ baleontzia Pasaiako portuan dago, eta hura uretan bisitatzeko aukera dago uretan denetik estreinekoz. Pasaia Itsas Festibalaren berritasun nagusia da.

Bisitariak, gaur, 'San Juan' baleontzian sartzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Bisitariak, gaur, 'San Juan' baleontzian sartzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Pasaia
2026ko maiatzaren 15a
15:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erauntsiaren osteko eguzki izpi indartsuek giroa alaitu dute Pasai San Pedroko lonja alboko kaian (Gipuzkoa). XXI. mendeko xira, sakelako eta eguzkitako betaurrekoengatik ez balitz, XVI. mendeko Pasaiako portuan dagoela pentsa lezake edonork. Izan ere, San Juan baleontzia bere habitat naturalean dago: uretan. Kresal usainak laztantzen du haren egurrezko egitura, eta heze-heze dago. Ontziek bere-berea duten balantza txikia dauka San Juan-ak, eta oreka bila egurrari helduko dionak jakin beza eskua belztuko zaiola, bikez babestuta baitago. Eskailera txiki batzuk jaitsi eta egur heze usaina nabarmentzen da: Pasaiatik Ternuara elikagaiz, tresnaz, txalupaz eta sagardoz beteta joan ohi zen erdiko kubierta hura; itzuli, berriz, bale olioz betetako barrikekin. Eta hirurogei bat marinelekin. Han daudela dirudi.

'San Juan' baleontzia, barrutik

Izan ere, horixe da kontua. «Nik irudikatzea gomendatzen dut: pentsatzea nola izango zen Ozeano Atlantikoa horrelako ontzi batekin zeharkatzea, hirurogei pertsona barruan zeudela», proposatu du Nerea Gomezek, Albaola Itsas Kultur Faktoriako gidak. Irudimen ariketa hori, hain zuzen, Albaolari esker egin dezakete gaur eta datozen egunetan San Juan baleontzian sartuko diren bisitariek. Estreinakoz bisitatu ahalko da uretan: Pasaia Itsas Festibalaren berritasun nagusia da. XVI. mendean Pasaian eraiki eta Ternuan hondoratutako erreplika hori iazko azaroan uretaratu zuten, eta berriki jarri dizkiote mastak. «Mastagak, bergak eta sokak falta zaizkio; hori dena Albaolan dago», azaldu du Gomezek.

Goiko kubiertatik sartzen da ontzian. Branka eta popa estalita dauzka, eta hiru mastak, tente. Masta nagusiak erramu pixka bat du, zorte ona emateko. «Zortedun» sentitzen da Ibrahim Kamisoko itsas arotza ere; ofizioa Albaolan ikasi du, eta baleontzia eraikitzen parte hartu du. «Prozesua oso zaila da, eta sinestezina da hau hemen ikustea!». 

Erdiko kubiertatik behekora begira ari dira. ANDONI CANELLADA / FOKU
Erdiko kubiertatik behekora begira ari dira. ANDONI CANELLADA / FOKU

Hari galderak egiten ari dira Ramon, Iñaki, Miren eta Blanki, Deba bailaratik (Gipuzkoa) propio etorritakoak. «Erretiroa hartuta dugu, eta plan polita da», esan du Iñakik. «Ikusgarria da, sendo-sendoa», nabarmendu du Blankik. Kamisokok azaldu die goiko kubierta nabigazio eremua zela: haizea eta itsas korronteak baliatuta eramaten zuten ontzia Kanadaraino, belen jokoarekin. «Halakorik ere!».

Arantxa Egizurain ere etorri da ontzia ikustera, baina oso-oso gertutik. «Ikusten duzu ikurrina duen leiho hura? Hortxe bizi naiz», kontatu du. Interes handiz ari dira ontzia ikusten: «Gure arbasoen bizitzara eramaten gaitu. Aitona bat itsasotik bizi zen, eta besteak ontziolan egiten zuen lan. Modu batean edo bestean, pasaitar asko gaude itsasoari lotuta».

«Irudikatu nola izango zen Ozeano Atlantikoa horrelako ontzi batekin zeharkatzea»

NEREA GOMEZAlbaola Itsas Kultur Faktoriako gida

Eskailera batzuk jaitsita, erdiko kubierta dago. Hango egurrak aztertzen ari dira Ines Vernier eta Noe Bonafus. Bretainiarrak dira, Skol ar Mor eskolakoak: «Guk horrelako gauzak egiten ditugu, baina txikiagoak: 8-10 metrokoak».

'San Juan' baleontzia | Nerea Gomez

Harriz betetako beheko kubierta ere ikus daiteke erdikotik; hala ematen diote oreka ontziari. Izan ere, den-dena XVI. mendean bezala eraiki dute, eta halaxe joan nahi dute Kanadaraino, Gomezek azaldu duenez: «Hori bai: ez dugu balerik ehizatuko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA