Plaza giro

Krisiari aurre eginez

Kultura bonuak jarri ditu salgai aurten ere Eusko Jaurlaritzak, eta erantzun ona biltzen ari dira; Gabonetako opariak erosteko baliatu dute askok.

Kultura bonuarekin erosketa bat ordaintzen. JON HERNAEZ / ARP.
Bilbo
2011ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Gabon garaian, zuhaitz, afari eta kantuez gain, etxe askotan ohikoak izaten dira opariak. Horregatik, ez da harritzekoa azken egun hauetan Bilboko Zazpikaleetanikus daitekeen jende mugimendua. Azken orduko erosketak saihesteko asmoz, jendea alde batetik bestera dabil. Batzuek jantziei eta oinetakoei erreparatzen diete; beste zenbaitek, haurrentzako jostailuei. Baina bada aste honetan salgai jarritako kultura bonua baliatu duenik ere. Bonuak erosi dituztenetako asko Elkar liburu dendara joan dira, liburuak edomusika diskoak erosteko helburuarekin.

Izan ere, azken bi urteetako arrakasta ikusita, aurten ere bonuak jarri ditu salgai Jaurlaritzako Kultura Sailak. Kultura krisiak astindu dituen sektoreetako bat izanik, bultzada emateko balio izan du. Hasiera batean, astelehenean, 44.000 ale kaleratu zituzten. Horiek eskuratzeko epea urtarrilaren 5ean amaitzekoa zen, baina egun biren buruan ez zen alerik: guztiak bukatu ziren. Jendearen erantzuna ikusita, Bizkaian beste 4.400 bonu kaleratu dituzte, Elena Maza Elkar dendako langileak jakinarazi duenez. «Jaurlaritzak, kultura krisiak astindutako sektore bat zela ikusita, liburu eta diskoen salmentak hobetzeko apustua egin zuen. Horregatik ipini dituzte bonuak salgai, eta, nire ustez, bete-betean asmatu dute; pozgarria da», mintzo da Maza.

Kultura bonuak edozein tokitan eta edonola ezin dira erabili, Elkarreko langileak azaldu duenez. «Jaurlaritzak baldintza batzuk jartzen ditu, eta horiek bete behar dituzte ezinbestean bai saltzaileek eta bai kontsumitzaileek». Saltzaileei dagokienez, kultura produktuak saltzen dituen enpresaren egoitza nagusiak Euskal Herrian egon behar du. Bezeroei dagokienez, berriz, 40 eurotik gorako gastua egin behar dute erosketa bakarrean. «Bonuarekin liburuak, diskoak eta DVDak erosteko aukera dago. Panpinak erosteko eta jolasak eskuratzeko ez dute balio», argitu du Mazak.

Mazaren aburuz, txartelak eskuratu dituztenen artean gehien saltzen diren liburuak Carlos Ruiz Zafonen trilogia eta azken urteetako eleberri sarituak dira. Era berean, aurten kaleratu dituzten liburuek harrera ona izan dutela erantsi du, baita haurrek atsegin dituzten ipuin eta diskoek ere.

Kultura bonuak 2012ko urtarrilaren 20a arte dira erabilgarriak, baina, Mazaren ustetan, berriz ere amaitu egingo dira. «Jendeak opari bikainak egiteko baliatzen ditu horrelako aukerak. Zenbait bezerok familia txartelak baliatzen dituzte lau edo bost bonu eskuratzeko». Krisiak krisi, badirudi gabon buelta honetan salmenta polita izango duten sektoreetako bat kultur ekoizpenari dagokiona izango dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.