Lumagorriko kidea

Klaudia Ugarte: «Kuadrillen barruan lan handia egin behar da berdintasuna sustatzeko»

Lumagorriko kidearen ustez, jaiek aldarrikapenerako esparru ere izan behar dute. Ohartarazi du tradizio batzuek genero estereotipoak eta bazterkeria erreproduzitzen dituztela oraindik.

ENDIKA PORTILLO / FOKU
ENDIKA PORTILLO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko abuztuaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko jaietan ere, Lumagorri zisheterosexismoaren aurkako elkarteak eta Ikusgune behatokiak martxan dituzte LGTBI komunitateko kideen aurkako erasoak artatzeko zenbait bide. Nolanahi ere, Klaudia Ugarte (Gasteiz, 1997) Lumagorriko kideak ohartarazi du kolektibo horren aurkako indarkeria ez dela jai giroaren ondorioa, baizik eta egiturazko arazo baten adierazpena.

Zer esan nahi dute jaiek Lumagorrirentzat?

Guretzat, jaiak ospatzeko esparru bat dira, noski, baina baita aldarrikapenerako eta borrokarako esparru bat ere. Beti nabarmendu dugu festa ez dela errealitatetik ihes egiteko soilik; errealitatea eraldatzeko aukera bat ere bada. Horregatik, jai alaiak nahi ditugu, baina baita jai borrokalariak ere, eskubideen defentsarekin eta aldarrikapenekin lotutakoak.

Hala ere, tradizioek pisu handia dute Gasteizko jaietan. Nola ikusten duzue hori?

Tradizioak badu bere balioa, eta ulertzen dugu, baina tradizio horren barruan badaude oso kontserbadoreak edo atzerakoiak diren elementuak ere. Horietako bat da genero rolak eta estereotipoak oraindik ere oso presente egotea. Uste dugu kuadrillen barruan oraindik lan handia egin behar dela berdintasuna sustatzeko, eta, batez ere, gizon eta emakume kategorietatik kanpo dauden pertsonak benetan integratzeko. Egia da azken urteotan hainbat kuadrillak pauso interesgarriak eman dituztela, eta hori aitortu behar da, baina beste batzuek bide luzea dute egiteko oraindik.

Festa giroan areagotu egiten dira LGTBI kolektiboaren aurkako erasoak?

Jaiak egunerokoaren haustura dira, eta batez ere gaueko aisialdirako esparru gehiago izaten dira. Horrek intzidentziak agerrarazten ditu, baina ez nuke esango jaiak direnik indarkeria horren gune nagusia. Sarritan alkohola erabiltzen da aitzakia gisa, baina datuek erakusten dute indarkeria eguneroko bizitzan gertatzen dela maizenik: kalean, familian edo lan munduan. Horrek erakusten du arazoa ez dela festa edo alkohola, baizik eta egiturazko indarkeria, patriarkatuan eta zishetero arauan sustraitua dagoena. Indarkeria hori gure bizitzako esparru guztietan agertzen da.

«Mugimendu feministaren parte gara, eta urte luzez ehundu dugun lankidetza sarea indarrean dago»

Ikusguneren azken txostenean 30 intzidentzia jaso dira, aurreko urtean baino gehiago. Zer diozue horri buruz?

Batetik, Ikusguneren lana gero eta ezagunagoa da, eta uste dugu gero eta jende gehiago ausartzen dela gertatutakoa salatzera. Horrek ere azaldu dezake gorakada hori. Baina, bestetik, kezkatuta gaude. Testuinguru globalean, ultraeskuinaren gorakadarekin batera, transfobiak, homofobiak eta misoginiak ere gora egin dute. Sare sozialetan gero eta gorroto diskurtso gehiago zabaltzen dira, eta diskurtso horiek ez dira Interneten geratzen: espazio fisikora jauzi egiten dute, eta erasoak legitimatzeko balio dute. Gainera, tresna politiko bihurtzen ari dira gero eta gehiago. Eskubideak kentzea proposatzen duten diskurtsoak entzuten ari gara, eta horri aurre egingo diogu.

Nolakoak dira jasotzen dituzuen salaketak?

Zenbait tipologia bereizten ditugu: eraso fisikoak, diskriminazioak, gorroto diskurtsoak eta irainak, besteak beste. Heterosexualismoaren adibide argiak ere jasotzen ditugu. Azken txostenean, bost urteko ikuspegia aztertu dugu lehen aldiz, eta ondorio nagusia argia da: gorroto diskurtsoak eta eraso fisikoak elkarrekin hazten dira. Deshumanizazio diskurtsoek indarkeriarako bidea errazten dute.

Zer kolektibok jasaten dute indarkeria gehien?

Homofobia eta transfobia dira gehien agertzen direnak. Lesbofobia kasu gutxiago iristen zaizkigu, baina oso larriak izan ohi dira, eta askotan beste zapalkuntza batzuekin gurutzatzen dira: emakume migratuak, langile prekarioak edo egoera zaurgarrian daudenak izaten dira biktimak. Bifobia kasuak ere badaude, nahiz eta gutxiago ikusten diren, neurri handi batean bisexualen ikusezintasunagatik.

Jaietan martxan duzue 24 orduko arreta telefonoa. Zer balio du tresna horrek?

Telefonoa ez da kanal bakarra; Whatsapp, Telegram, posta elektronikoa, sare sozialak eta aurrez aurreko arreta ere baditugu. Hala ere, telefono zenbakia oso tresna garrantzitsua da guretzat, Ikusgune proiektuaren hasieratik baitaukagu. Gaur egun, gazte askok nahiago dute mezuz idatzi deitu baino, eta horretara ere egokitu gara. Jaietan, boluntarioen lanari esker, 24 orduko arreta eskaintzen saiatuko gara. Gainera, salaketa asko ez dira jaietan bertan iristen, egun batzuk geroago baizik. Erabat normala da: bakoitzak bere denbora behar du gertatutakoa kontatzeko.

Mugimendu feministarekin elkarlanean jarraitzen duzue?

Erabat. Lumagorri ezin da ulertu ikuspegi feministarik gabe. Mugimendu feministaren parte gara, eta urte luzez ehundu dugun lankidetza sare hori indarrean dago. Informazioa trukatzen dugu, elkarri laguntzen diogu, eta, jaiak amaitzean, batera aztertzen ditugu jasotako datuak.

Eta erakundeek behar bezala erantzuten dute?

Aurrerapausoak egin dira, baina hutsuneak ere badaude. Berdintasun politikek baliabide gehiago behar dituzte, eta ikuspegi intersekzional sendoagoa.

lotsabako

Jaiak, egunez ala gauez? Gauez, freskoagoak dira eta. 

Zer dute sobran? Matxiruloak.

Zer falta dute? Neska fantastika gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA