Kultur aniztasunaren epizentro

Ostegunetik aurrera, Munduko Futbol Kopa dela eta, Brasilera begira jarriko dira denak. Han bizi diren lau euskal herritarren arabera, bisitatu beharreko lurraldea da.

HONDARTZA. Joao Pessoa hiriko Tambau hondartza. MARCELO SAYAO.
Araitz Muguruza.
2014ko ekainaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Munduko Futbol Kopa Brasilen jokatuko da, eta hara begira jarri du mundua. Kalean izaten ari diren protestek jaso dute arretaren zati bat, baina herrialdeak ere erakarri du jendea. Brasilgo Turismo Ministerioaren arabera, 3,7 milioi lagunek bisitatuko dute Brasil Munduko Kopak iraungo duen hilean. Kopuru hori bertakoen eta atzerriko turisten batura da.

Euskal herritar ugarirentzat bizitoki da Brasil, eta herrialdean ikusi beharreko txokoak oso ondo ezagutzen dituzte. Lanak eraman zuen Estebe Ormazabal (Beasain, Gipuzkoa, 1966) Brasilgo Sao Paulo hirira, 1998. urtean. Hiri «oso berezia» da Sao Paulo, Ormazabalen ustez: «Aldi berean maitatu eta gorrotatu egin daiteke». Gaur egun, 20-25 milioi biztanle ditu, eta Ormazabal hiri «erraldoi» horretan bizi da. Hogei urteren buruan hirukoiztu da hango biztanleria. 1970ean lau milioi lagun bizi ziren. «Brasilgo motor ekonomikorik handiena izan zelako handitu zen horrenbeste; egun indar txikiagoa du, baina oraindik gune inportanteetako bat da». Sorreratik bertatik, jatorri askotako jendea bizi izan da Sao Paulon. «Portugaldarrak izan ziren lehenengoak iristen, baina urteetan iritsi dira etorkinak. Azkenaldian, adibidez, libanoar eta korear asko etorri dira». Brasildarrak ere emigratu dute Sao Paulora, herrialdearen ipar-ekialdetik batez ere. Horregatik, «nahasketen hiria» deitzen dio Sao Paulori Ormazabalek. «Nahiz eta Brasilera iritsi zirenetik belaunaldi batzuk igaro, batzuek oraindik mantendu egiten dituzte jatorritik ekarri dituzten ohiturak eta bizimodua».

Eguneko 24 orduetan martxan dagoen hirian bizi da Ormazabal: «Eta benetan diot», gaineratu du. «Hemendik irteten naizenean ohartzen naiz zein ohitura arraro ditugun Sao Paulon». 22:00etan erosketak egitera joatea edo gauerdian zerbait hartzera irtetea jarri ditu adibide gisa. Baina aukera ugari eskaintzen dituen lekua ere bada, haren ustez; izan lanerako, ikasteko edo parrandarako. Emaztea madrildarra du Ormazabalek, eta bi seme-alaba ditu. Metrotik ordu erdira dute etxea, eta, horregatik, «zorionekoa» dela dio, zirkulazio ikaragarria baitu Sao Paulok. «Euskal Herrian eguraldiaz hitz egiten duzuen moduan, guk hemen zirkulazioaz baino ez dugu hitz egiten», gaineratu du irribarrez. Brasilera iritsi aurretik, hainbat lekutan bizi izandakoa da Ormazabal. Leku horietan, ordea, beti sentitzen zen «atzerritar»; Brasilen, ez. «Hemen beti galdetzen dute jatorriaz; interesa ere agertzen dute, baina, lehenengo egunetik bertatik, bertakotzat ere hartzen zaituztete».

Azken hamarkadan brasildarren egoera aldatuz joan dela iruditzen zaio Ormazabali. «Desberdintasunak ikusi egiten dira; hala ere, Sao Paulon ezkutuago daude, Salvador de Bahia edo Rio Janeirorekin konparatuz gero». Izan ere, hirien kanpoaldean daude gunerik behartsuenetakoak. Gertuko harremana du haiekin, Senai Hezkuntza Industrialeko Zerbitzu Nazionalean lan egiten baitu. Egoera zailetan daudenei ematen dizkiete eskolak.

Asteburuetan kalean egoteko ohitura dute brasildarrek. Adibidez, Tridapoira parkean jende ugari biltzen da tai txi egitera, eta baita meza entzutera ere. Musika ere kalean dago. Garrantzi handia du brasildarren artean musikak, eta Ormazabalek gertutik bizi du, seme-alabengatik batez ere. «Egun osoa ematen dute kantari, bai eskolan, bai handik kanpo ere». Kontzertuetarako eskaintza zabala du hiriak.

Sao Paulon baino musikazaleagoak dira Salvador de Bahian. Bertatik bertara ezagutu du Aitor Iturraldek (Zarautz, Gipuzkoa, 1989) hangoek musikarekin duten harreman berezia. Ikasketengatik joan zen Salvador de Bahiara, orain dela zortzi hilabete. Sao Paulo bezalatsu, mestizaje handiko tokia da Salvador de Bahia, eta horrek zuzeneko eragina du herri musikan. «Jatorri afrikarreko jende asko bizi da hirian, eta, haien musika brasildarrarekin nahastu denez, halako erritmo berezi bat sortu da». Assie, sanba, pagoggi eta batukada dira Salvadorren gehien entzuten diren erritmoak, eta horietara moldatuz dantzatzen dute hangoek.

Iturraldek pentsatzen du musika duten egoerei erantzuteko modu bat badela. «Benetan gogorra da askoren egoera; adingabeko asko ikusten dira kalean, eskean, beso edo hanka bat falta dutela». Sao Paulon ez bezala, fabelak, txiroen bizilekuak, ez daude hiriaren kanpoaldean, erdigunean baizik. «Zenbait tokitara joateko igarotzen zara fabelen ondotik». Hiru milioi lagun bizi dira Salvador de Bahian, baina oraindik ez du sentitu aurrez bisitatu dituen beste hiri handiek sortu dioten itolarri sentsaziorik. «Itsasoagatik izango da». Auzo aberatsetatik nahiko gertu daude fabelak Salvador de Bahian. Horien artean bereziena Peulorinho iruditu zaio Iturralderi.

Kolonizatzaileak iritsi zirenean, brasildarrak Peulorinhoetatik gertu zeuden etxeetan hasi ziren bizitzen. Memoria egiteko lekuetako bat da orain, eta Unescok gizateriaren ondare izendatu du. «Kolonizatzaileek egin zutena jakiteko bisitatu beharreko tokia da». Gaueko giroa, berriz, Rigordinho auzoan izaten da, artisten topaleku den tokian. Carlinhos Brown musikariaren fabela bisitatzeko gomendioa ere egin du. «Ospeak eman zion diruarekin, musika eskola bat eta gaztelera irakasten duen eskola bat sortu zituen, besteak beste».

Dena ez da hirigunea. Handik irten, eta Bahia estatuko leku batzuk bisitatu ditu Iturraldek. «Benetan leku pribilegiatua dute hemen: parke natural asko daude». Horietako batzuk oso turistikoak dira; hala ere, erakargarriak direla zehaztu du. Chapadako parke naturalera egin zuen bidaia ondo gogoan du Iturraldek: «Lotarako toki bila aritu ginen, eta hango herritarrek eman ziguten ostatu. Benetan aberasgarria izan zen».

Ehunka hondartza daude Bahia estatuan; horietara joaten da oporretan Aiert Ostolaza (Donostia, 1974). «Ahal dela, aldendu egiten gara jende asko dabilen hondartzetatik. Jenderik apenas ibiltzen denetara joaten naiz». Aukera zabala dago horretarako. Hamabi urte egin ditu jada Ostolazak Brasilen. Hango batekin ezkonduta dago, eta herrialdearen iparraldean dagoen Minas Gerais estatuko hiriburuan bizi da, Belo Horizonten. Sao Paulo eta Salvador de Bahia baino txikiagoa da: 2,5 milioi biztanle ditu.

Naturaz aberatsa

Oraindik ere herrialdea erabat ez duela ezagutzen nabarmendu du. «Iritsi berritan bai, ingurua ezagutzeko irrika izaten da; orain apalduta nago alde horretatik». Tamainaz ere, handia da Brasil, eta dena bisitatzea oso zaila da. «Herrialde guztietan bezala, toki bat edo beste ezagutzeko aukeraketa egiten dugu». Orain arte ezagutu dituen lekuak askotarikoak direla gogoratu du Ostolazak, baina tartean «nahi eta nahi ez» bisitatzekoak ere badira, Rio de Janeiro, kasurako. Bisitatu beharrekoenen artean sartuko luke. Hiri ederra izateaz gain, kirol asko egiteko aukera ematen du, hark dioenez. Animazio askoko hiriburutzat ere jotzen du.

Rio de Janeiron bizi da Josune Marco arrigorriagarra. «Rio oso hiri turistikoa eta polita da, mendiz eta itsasoz inguratua. Baina badaude hain turistikoak ez diren tokiak hirian bertan». Bisitatu beharreko tokiak dira Copacabana hondartza, Pao de Açucar eta Corcovado, Marcoren arabera. Horiek baino interesgarriagoa da Lapa, haien bizimodua ezagutzeko: «Jende mota asko dago; horretaz gain, posible da sanba entzutea eta caipirinha gozo batez gozatzea».

Naturarekin harreman zuzena duten ekintzak egiteko toki aproposa da Brasil. Ostolazak horien inguruko eskaintza egin du horregatik. Turista askok bisitatzen dute Amazonas, baina Ostolazak nahiago du handik gertu dagoen El Pantanal gomendatu. Naturgune zabala da, animaliekin eta. Brasildarren artean inguru ezaguna da, baina baita turista atzerritarren bisita askorik jasotzen ez duen ingurua ere. Ipar ekialderago dago Delta de Rio Paranaiba. Turismo «sinpleagoa» egiten dela dio. «Han ez dago hotel handirik, eta bertaratzeko autobusa hartu behar da; oso bide erosoetatik ez doan autobusa». Baina «ahalegin» horrek gehigarri bat ematen dio tokiari. «Bertako jendearekin harremanak izateko paregabeak dira. Intentsoagoak izaten dira horrelako bisitak, eta hirietan egiten diren hartu-emanak baino gertukoagoak izaten dira».

Minas Gerais hiri historiko gehien biltzen duen estatua da. Urrez eta diamantez aberatsak ziren inguru horiek; horregatik jarri zituzten ustiaketa guneak portugaldarrek. Ostolazak uste du bisitatu beharrekoak direla, bidaia agentzien eskaintzaren barruan egonagatik: «Garaiko historia, langileen bizimodu gogorra gertutik ezagutzeko balio dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.