Kultur hiri asteburu batez

Kutxa Kultur Hiria ekitaldia bigarren aldiz egingo da, asteburuan; jaialdiak musika, artea eta moda izango ditu ardatzAntolatzaileek diote aurreko aldia «oso ongi» joan zelako errepikatuko dutela

Artea, moda eta musikaz blai jarriko dira Donostiako kaleak, Kutxa Kultur Hiriaren bigarren edizioaren harira. GOTZON ARANBURU / ARGAZKI PRESS.
Araitz Muguruza.
Donostia
2013ko irailaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ekaineko arrakasta ikusita, berriz antolatu dute Kutxa Kultur Hiria. Asteburu honetan egingo da, eta beste behin, Donostiaren kanpoko itxura guztiz aldatu, eta kaleak musikaz, modaz eta artez josiko dira; bisitarien eta egileen artean trukea sortu nahi dute.

Hirian gertatzen ari diren aldaketak erakusteko helburuz sortu zuten jaialdia. «Eskuz eta talde lanean egiten dira gauzak geroz eta gehiagotan, eta hori erakusteko antolatu dugu berriz jaialdia», argitu du Iñaki Altuna antolatzailetako batek. Lantegi edo tailerretan lan eta lan ari den jendea kalera atera nahi dute, «erakutsi» haien obrak. Hala, euskal herritarrak izango dira jaialdian parte hartuko duten artistak. Hiriaren erdigunea hartuko du Kutxa Kultur Hiria jaialdiak, Gipuzkoa Plaza eta Bilbo plaza arteko kaleak, hain zuzen.

Azpiegitura oso handirik behar ez duen jaialdia izango da asteburukoa. Sergio Cruzado antolatzaileak gaineratu du «parte hartzaileak berak ekarriko dituela behar dituen gauzak; horrela, azoken betiko egitura zurrunetik ihes egiten dugu». Horiek horrela, musika kontzertuen egituran izango da berritasunik handiena. Agertokiak kendu, eta Getaria kalean zehar arituko dira jotzen musikariak. Kaleak «musika klub baten» antza hartzea nahi dute: «Entzun dadila musika kaleko bazter guztietan». Izan ere, «kaleko jaialdia» da.

El Extraño, Belice —larunbatean eta igandean, 20:00etan hurrenez hurren— eta Kulto Kultibo taldeak— larunbatean,18:00etan— izango dira kontzertua emango duten taldeetako batzuk. DJak ere izango direla jakinarazi dute: «Etenik gabe, kaleak girotuta izan nahi ditugu». Ana Sinatra, Les Marines eta Maria Mugika dira izenetako batzuk.

Musikarekin batera eta kale berean, arte eta moda sortzaileak izango dira. Birziklapena, iraunkortasuna eta elkartasuna dituzte oinarri. Diseinu eta arte independenteko eta bigarren eskuko azokak egingo dira, 11:00etan. Getaria kalean lehenengoa; Bilboko plazan, bigarrena. Horrekin batera, Edorta Subijanaren Hiri ikusezina erakusketa egongo da, Arrasate kalean. Egun osoan izango da ikusgai.

Hamar diseinatzailek erakutsiko dituzte diseinuak, horietako bat da Nuria Viso Bastarrika. «Lantokitik atera eta Zara ondoan gure arropak salgai jarri ahal izatea; hori honelako ekitaldiekin baino ez da lortzen». Anuska Petruska, Elea 2.0, Haizea eta Letitare diseinatzaileen lanak egongo dira, besteak beste.

Hezkuntza lantzeko, berriz, lantegiak egingo dira Txurruka kalean. Arte laborategi handi bat egin nahi dute kalean. «Umeen eta artearen artean harremana sortzea nahi dugu, artea ez dadila San Telmo museoaren gisako edukiontzi erraldoian soilik egon». Hutsaren etxea, elementu birziklatuekin egindako hiri-tailerra egongo da. TAPEF izeneko arte plastikoko lantegia ere izango da. Frantsesez emango du Armendarizek berak.

Jendearen harrera ona

Sentsazio oso onak utzi zizkien antolatzaileei ekaineko ekitaldiak. «Behin baino gehiagotan jaialdia berriz egiteko esan zigun jendeak», gogoratu dute. Orduan ekitaldiko ikusle izan zirenei ere atentzioa eman zien. «Zur eta lur gelditu nintzen ekainean jaialdiaikusi nuenean», dio Nerea Gorostidik, Belice taldeko kideak. Asteburuan parte hartuko du, eta pozik dago arrasatearra.

Garbiñe Etxezarreta Kutxa Kultur Ekintzaren Gipuzkoa solidarioa egitasmoko arduraduna da, eta parte hartu zuen aurreko aldian. Azaldu duenez, Facebookeko horma erraldoi bat bihurtuko dute kalea, eta jendeak bertako iruzkinei atsegin dut panela ipintzeko aukera izango du. Ekainean horma kolorez bete zutela gogoratu du. «Jendearekin komunikatu ez ezik, gure lana ezagutaraz dezakegu». Izan ere, 90 elkarte biltzen dituen plataforma da Gipuzkoa solidarioa; horietatik 45 izango dira asteburuan, Alfonso VIII kalean. Horma erraldoiarekin batera foro solidarioa egingo dutela dio Etxezarretak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.