Begoña Foruria. Kriselu antzerki taldearen sortzailea

«Kultura egiteko egon behar da zabal-zabalik eta beldur barik»

«Egin, egin, egin». Gerra osteko euskal antzerkigintza modernoaren aitzindari, irakaskuntza metodo berrien bultzatzaile, 'Ama Lur' filmaren sustatzaile... 'Eragile' hitzaren sinonimoen artean ager liteke hiztegian Begoña Foruriaren izena.

ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2014ko urriaren 19a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Euskarazko eta unibertsal nahi zuen antzerkia Begoña Foruriak (Bilbo, 1942), eta horregatik sortu zuen Kriselu antzerki taldea, Bilbon. 1960ko hamarkada zen, eta 19 urte zituen. «Hezurretaraino nengoen baserritarrez jantzitako txorakeria erraz haiek egiteaz». Gabriel Aresti idazleari eskatu zion laguntza, Euskaltzaindian hartu zuen babes, eta Bertolt Brecht, Ugo Betti eta Ricard Salvaten lanak zuzendu zituen, besteak beste. Euskaraz guztiak. Arazo politikoek taldea desegin, ordea, eta Bartzelonara joan zen. Irakasle aritu da han geroztik: beti katalanez, eta beti ikaslearen jakin-mina bizirik mantentzeko eginahalean. Ez Dok Amairu taldekoen gertuko, Ama Lur pelikula filmatzeko dirua biltzen ibilia, irakaskuntza metodo berrien bultzatzaile, haren bizitzaren leitmotiv gisa har daiteke elkarrizketak iraun bitartean behin baino gehiagotan esan duen leloa: «Egin, egin, egin». Alderdikeriez ihesi, beti kulturaren alde. Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteak omenaldia egin zion atzo Bilbon.

Nola piztu zitzaizun euskarazko antzerki taldea sortzeko nahia?

14 urtegaz sartu nintzen Txinparta taldean. Antzerkia eta koroa egiten genituen. Hamar minutuko koadrotxoak ziren antzerki lan haiek, baserritarrak eta. Nik gura nuen antzerkia egin euskaraz, baina Shakespeareren bat edo halako zer edo zer, ez betiko komeriak. Gabriel Aresti etortzen zen Txinpartara, eta behin itaundu nion ez nuela egin gura teatro hura, egin gura nuela teatro unibertsala, handia, orduan egiten zena. Baietz esan zidan. Baina non entseatu? Alfontso Irigoien [euskaltzain, hizkuntzalari eta bertsolaria] ezagutzen nuen, eta hari esan nion ea ahal genuen izan Euskaltzaindiko antzerki taldea. Itaundu zuen, eta erantzun zidan baietz. 19 eta 21 urte artean geunden denok, eta Gabrieli esan nion berak gura zuena egingo genuela. Txinpartan egiten ziren teatroetan beti egoten ginen baserritarrez jantzita, eta buruko zapiagaz. Eta nik pentsatzen nuen: alemanak ez dira irteten tirolesarekin buruan, eta ingelesak ez dira irteten hala. Flamenkoak bai, baina nik ez nuen gura irten flamenkoak bezala [barreak]. Tontakeriak baino ez genituen egiten, eta nik horrekin gura nuen apurtu.

Zerbait sakona egin nahi zuk.

Bai. Esan ezin ziren gauzak esan. Eta antzerkian ahal zenuen esan, ze ez zuten aditzen. Etortzen zirenek bai, baina politikoak ez ziren jabetzen.

Libertate momentu bat zen zuretzat antzerkia orduan?

Bai. Esan gura dudana esateko aukera ematen zidan.

Eta non ikasi zenuen antzerkia?

Asko lagundu zidan Luis Iturrik [aktore eta antzerki zuzendariak]. Hark ez zekien euskaraz, baina esan zidan antzerkia ikasi nahi banuen bere zuzendaritza laguntzaile egiteko eta hala ikasiko nuela. Eta horrela hasi nintzen: haregaz erdaraz eta besteekin euskaraz.

Ugo Betti, Bertolt Brecht eta Ricard Salvaten piezak jokatu zenituzten.

Gabrielek hori zuen, eta horixe egin genuen. Ni gaztetxo eta aurpegi onagaz joaten nintzen baimenak eskatzen obrak egiteko. San Vicenteko elizan eskatzen ziren. Obrak izan behar zuen politikoki zuzena eta sexualki are zuzenagoa. Han zegoen apaiz bat euskaraz zekiena, eta ni hiru bider joan nintzen. «Ez dut izan astirik irakurtzeko, eta zer dio ba obrak?», galdetzen zidan. Eta nik beti gezurrak esaten nizkion. Bueno, gezurrak ez. Bettiren lana baserritarren kontuak zirela esaten nion; hark baietz esan, eta kanpora. Bertolt Brecht? Ba Brechtek kontatzen zuela nola laguntzen zion pertsona batek langileei eta jendeari. Misiolari bat legez, esaten nion. Aurpegi gogorra izan behar da gero 19 urterekin hori esateko!

Donostiako Jarrai antzerki taldearekin ere izan zenuten harremana.

Haiek gu baino arinago hasita zeuden. Nik ez nituen ezagutzen, ze Bilbora ez ziren etortzen, ze Bilbon jende gutxik egiten zuen euskaraz. Egiten zuten Donostian. Baina nik ezagutu nituen, eta asko lagundu ziguten. Donostiara ere joan ginen gu, eta haiek Bilbora ere etorri ziren.

Betetzen ziren antzokiak?

Ahaleginez! Etxerik etxe joaten ginen saltzen, eta konprometitzen genuen mundu guztia. «Zuk salduko dizkidazu lau?», «zuk salduko dizkidazu hiru?». Halaxe. Horrela egin genuen urte pare batean. Entseguetara Gabriel Aresti etortzen zen beti, eta gero ekarri zituen Blas de Otero eta Gabriel Zelaia ere.

Blas de Otero eta Zelaia... Ez zuten, bada, askorik ulertuko.

Ez, ez zuten ulertzen, baina, zenez Bertolt Brecht, ba bedeinkatuta! Noski, denak ziren alderdi komunistakoak! Gero etorri zen Jorge Oteiza ere, eta Nestor Basterretxea, eta Jose Antonio Sistiaga eta... Haiek kanpotik ikusten zuten, eta esaten ziguten horrela egiteko edo hala egiteko. Laguntasuna eta konfiantza erakusten zuten guri buruz. Guk pentsatzen genuen normala zela hura. Haiek pozik eta geu pozik.

Gerora ohartuko zineten nor ziren hor aurrean zenituztenak.

Nagusitan! Xabier Lete, Lurdes [Iriondo]... Ez ziren edozein, baina egiten genuen berba, joaten ginen ardoak hartzen... Pentsa, Juliantxo Lekuonak ezkondu gintuen, eta gero bera ezkondu zen! Elizatik ezkondu ginen, eta handik sei urtera ume bat edukitzera gindoazela-eta berriz deitu genuen Lekuona. Beste batengana bidali gintuen, eta guk ea zergatik. «Ezkonduta nago, eta seme bat daukat».

Harrituko zinen!

Ez, ez, ez, ez. Gure garaietan apaizek eta Jesuitek zenbat lagundu ziguten euren ugazabak kentzen gainetik! Mendira joan neska eta mutilak, eta denok abadearen etxera lotara, eta egiten genuen normal-normal. Ni au pair joan nintzen Parisera urte batez, eta han zeuden denei esaten nien joan gura nuela Pigalle kalera. Denek ezetz, baina egun batean lagun zen abade batek berak eramango ninduela. Joan ginen buelta bat ematen, eta biok argazkiak ateratzen striptease haien aurrean. «Hau ikusten badute Bilbon, zer esango dute!». Barreka gu euskaraz, eta ateko biseradunak diosku: «Nahi baduzue, gonbidapena nik lortuko dizuet». Euskalduna zen! Iparraldekoa! Eta apaizak ezetz. «Ni apaiza naiz!». Eta biseradunak: «Nahi duzun bezala». [Barreak].

Eta zer moduzkoa zen Arestirekin zenuen harremana?

Aresti fuertea zen, eta nik ezagutu nuen Txinpartan, gazte. Eta niri beti zelan idazten zuen eta zelan pentsatzen zuen gustatzen zitzaidan, barre nola egiten zuen! Alderdi komunistakoa zela-eta aparte xamar uzten zuten. Niri gustatzen zitzaidan, eta horixe eskatu nion, testuak idazteko. Eta, lehen liburua atera zuenean, Harri eta herri, esan zidan: «Bego, ahal diot ipini nire editorialari Kriselu?». Eta baietz esan nion.

Oteiza ere gertuko zenuen.

Haren etxera joaten nintzen larunbatetan, Irunera, etxetik ospa eginda. Eta Nestorregaz ere bai.

Eta zergatik haiekin?

Haien zorotasun hura, eta haien egin behar hori. Egin, geure herrirako. Joaten nintzen haien etxera, eta Txillida ere egoten zen, eta Basterretxea, eta Alfaro, eta... Haiek beti berbetan estetikaz eta auskalo zertaz, eta nahiago izaten nuen haiek entzun beste tontakeriak entzun baino. Eta Jorgerekin asko egiten nuen berba umeei irakasteari buruz. «Bego, egizu gizon berria». Hori esaten zidan. Bueno, gizonak... pertsonak esan gura zuen. «Jaiotzen dira kuriosoak, nahi dute jakin, utziozu berak topa dezala, eta zu zain, zain beti. Heltzen denean burua ipini beharra ipini burua, baina utzi barik zer sartzen den begietatik, eta zer sartzen den sudurretik, ahotik, eskuetatik... Hori ez utzi». Montessori metodoa estudiatu nuen gero Bartzelonan, baina ja etorri nintzen ideia horiekin.

Bokazioa behar horretarako ere.

Da mundu bat zoragarrizkoa. Ez dut utzi lan egitez sekula. Asko gustatzen zait. «Arkitekto baten emaztea izan, eta lan egiten duzu?», galdetzen zidaten herrian. Erantzuteko gogoa izaten nuen. «Zer nahi duzu, zu bezala aspertzea ala?». Benetan! Amak erakutsi zidan hori. «Ez utzi sekula bere lan egiteari, ze bestela izango zarete gizonaren pentzuda, semeen pentzuda, lagunen pentzuda, beti inoren pentzuda».

Kriselu desegitean joan zinen Kataluniara, baina nola desegin zen taldea?

Han gure artean inork ez zekien nor nongoa zen. Uda hartan banatu ziren ETApm eta beste ETA. Eta orduan han, asanblean, ezagutu egin ziren gure taldeko batzuk, eta irten ziren elkar joka. Ni ez nengoen ez bategaz ez besteagaz ez inogaz ere. Kultura egiteko egon behar duzu zabalik eta beldur barik. Batek esaten dizu «ez horrekin ibili, ze hori komunista da», eta besteak esango dizu «hori ez egin, hori burgesito-burgesito da». Egingo dut gura dudana! Hor joan zen dena. Batzuek ez zuten gura etorri besteekin ez zirelako konpontzen; elkar ezagutzen zuten, eta harrapatu zituzten batzuk, eta izenak eman zituzten... Gelditu ginen hiru. Eta uda hartan etorri zen Ricard Salvat Kataluniako herri baten kulturari buruz konferentzia ematera. Denok egon ginen: pintoreak, eskultoreak, teatroko jendea... Gure taldea desegin egin zen, eta esan zidan Bartzelonan jarriko zidala beka bat ikasteko, eta hala etorri nintzen. Hizkuntzalaritza ikasten eta teatroa egiten hasi nintzen; gero hasi nintzen apur bat Montessori ezagutzen, eta azkenean sartu nintzen irakasle goitik behera. Eta eskolan beti, oraintxe arte. Beti katalanez.

Zu ez zinen sartu inongo mugimendu politikotan?

Ez. Badakizu zergatik? 16 edo 17 urte izango nituen, eta joan nintzen Donibane-Lohizunera, Gobernura. Atea zabaldu zidan lehendakariak [Jesus Maria Leizaolak]. «Egun on, zer nahi duzu?». Itaundu nion ea bazuten eskubiderik guri lortzeko gure historiari buruzko liburuak, ezer ez genuelako. «Zu EGIkoa zara?», hark. Eta nik ezetz. «Guk horiek gauzak geure gazteei ematen dizkiegu», esan zidan. Eta nik berriz: «Ni etorri naiz berbetan egitera Euskadiko lehendakariagaz, ez partiduko lehendakariagaz, eskerrik asko». Eta joan egin nintzen. Horregatik gero ja batere ez. Txinparta utzi nuenean ere, eta hasi nintzenean Kriselurekin eta Gabrielekin, EAJkoa zen osagile batek ipini ninduen berde, komunista nintzela eta espainolista nintzela. Amaitu zen hor.

Ez Dok Amairukoekin ere aritu zinen kantari.

Bai. Nik abesten nuen Txinparta taldean, eta haiekin hasi nintzen. Seriotan hasteko esan zidaten, baina nik ez nuen gitarrarik jotzen. Eta Abel Muniategik esan zidan berak egingo zizkidala hitzak eta hasiko nintzela abesten. Eta egin zizkidan bertsoak.

Benito Lertxundik famatutako Zenbat gera abestiko hitzak ziren, ezta?

Uda zen, eta nik erabakia nuen Bartzelonara joatea. Benitok esan zidan ea utziko nizkion bertso haiek, eta nik baietz, berak bazekiela soinua jotzen eta jarriko ziola musika. Benitori eman nizkion.

Ama Lur pelikularako dirua biltzen ere ibili zinen.

Euskaraz oso ongi egiten nuela-eta herririk herri joaten ginen. Pelotari eta El alcazar pelikulak ematen genituen, eta gero diskurtsoa bota, euskaraz eta erdaraz. Leku batzuetan euskaraz gehiago eta erdaraz labur, eta besteetan euskaraz labur eta erdaraz luze. Eta esaten genuen pelikula bat nahi genuela egin munduko euskaldun guztiek ikus zezaten oraindik zelan bizi garen, zelan han segitzen dugun eta abar. Nafarroara joan, eta astakeria batzuk esaten nituen...! «Euskara galdu duzue, baina zuek eskubidea duzue euskara ikasteko, eta gobernuari esan behar diozue euskara zuena dela!». Gero galdetzen zidaten ea zer esan nuen, eta kontatzen nien. Egun batean komisarian bukatuko genuela esaten zidan [barreak].

Bartzelonakoa duzu senarra.

Bai. Cudat, Maso, Massip, Llurens...

Zu euskal herritarra.

Foruria, Atxabal, Astelarra, Agirre, Goiresturo, Garate, Endeiza... Gura dituzun guztiak!

Nola bizi duzu bi mundu horien arteko harremana?

Jorgek esan zidan joateko, ikasteko ahal dudan guztia euren bidez, eta gero ekartzeko hona. Eta nik zer ekarri dut? Ba, nire semeei erakutsi diet bizitzen lagunekin, etxea zabalik. Niri hemen kosta egiten zait bizitzea. Beharra egin dudan bitartean ez, baina orain bai. Senarra ez dago ongi, eta hura laguntzeko hartu nuen erretiroa.

Orain hasi zaizu mina, orduan.

Bai. Sarritan pentsatzen dut hemen ikasitako guztia horra eramateko konpromisoa daukadala, ze Jorgeri esan nion baietz.

Etorriko zara, orduan?

Egunen batean bakarrik gelditzen banaiz...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA